Ane irazabal

Autoetatik misilen sistemetara

2026ko apirilaren 5a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela gutxira arte txantxa bat izan zitekeena, gaur egun, inork ez du txantxetan hartzen. Automobilgintzaren ikurrik handienetakoa den Volkswagen misilak ekoizten hasteko prestatzen ari da, Financial Times-en arabera. Egunkari britainiarrak adierazi du OsnabrĂ¼ckeko lantegiaren zati bat defentsa sistemetarako osagaiak ekoiztera bideratuko dutela; eta, horretarako, Rafael Advanced Defense Systems enpresa israeldarrarekin harremanetan jarri da; alegia, misilen aurkako Iron Dome sistemaren arduraduna den taldearekin.

Edonola ere, erabakia ez da ezustekoa izan askorentzat. Volkswagenek bi urte daramatza OsnabrĂ¼ckeko fabrika Rheinmetall arma enpresari saltzen saiatzen; ez baitute beren garairik onena. Orain arte, T-Roc Cabrio modeloa ekoitzi dute; baina Alemaniako autogintzak duen krisiak eragin handia izan du OsnabrĂ¼cken. Horregatik, defentsa industriaren aldeko dibertsifikazioa aukera pragmatikotzat jo du taldeak, hein handi batean, lanpostuak babestu nahi dituela argudiatuz.

Horiek horrela, paradigma aldaketa gero eta argiagoa sumatzen da Alemanian. Europak gastu militarra handitzearekin batera, ekonomia militarraren pizkundea bultzatu dute gobernuek. Orobat, erabilera zibilerako ziren enpresa askok merkatu berri hori besarkatu dute. Testuinguru horretan, ordea, galdera deserosoak planteatzen dira. Non dago industria zibilaren eta militarraren arteko muga? Nola eragiten dio erabaki horrek Volkswagen markaren identitateari? Eta, era berean, zer diote langileek eta sindikatuek? Alemaniako industria ereduan, sindikatuen iritziak erabakigarria izaten jarraitzen du. Bestalde, badago biziki deserosoa den beste afera bat: Alemaniak eta Israelek industria militarra elikatzen jarraitzen dute; bestela esanda, bi herrialdeek armen eta patenteen esportazioak zein inportazioak inoiz eten ez dituztela frogatzen du albiste horrek. Nolabait esateko, Gazaren aurkako genozidio betean, palestinarrekin probatzen dituen armen patenteak esportatzen ari da Israel.

(ID_15880730) (FILE) GERMANY VOLKSWAGEN
Volkswagenen logoa, auto konpainiak Wolfsburgen (Alemania) daukan lantegiaren gainaldean. FILIP SINGER / EFE

Gauzak horrela, erabakiak ez du inor axolagabe utzi. Alemaniako hainbat hedabidek azpimarratu dute armagintzaren aldeko Volkswagenen apustuak Bigarren Mundu Gerrako mamuak berpiztu dituela. Izan ere, garai hartan, nazismoaren zerbitzura jarri ziren enpresarik handienak. Oraingoz, auto konpainiak nabarmendu du aukera guztiak mahai gainean daudela; baina transformazio hori azkenean gauzatuko den ala ez alde batera utzita, OsnabrĂ¼ckeko kasuak eraldaketa sakonagoa islatzen du, hots, Europako industria bere mugak berriz definitzen hasi da.

Defentsa industriaren aldeko dibertsifikazioa aukera pragmatikotzat jo du taldeak, hein handi batean, lanpostuak babestu nahi dituela argudiatuz.

Kasuak kasu, agian deigarriena ez da Volkswagen defentsa sistemak ekoizten hastea. Agian esanguratsuena da gaur egungo testuinguruan ideia hori ezinezkoa ez iruditzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA