Ring-aren alde batean, Donald Trump, AEBetako presidente eta munduko gizonik boteretsuenetakoa; beste aldean, Elon Musk munduko gizonik aberatsena. Zesar eta Kraso garaikideak.
Liskar publikoaren laburpena aurrena: orain astebete utzi zuen Elon Muskek Etxe Zuriko bere lana, elkarrekin Bulego Obalean egindako agerraldian Trump etengabe goraipatuz. Baina horren atzean, gero eta agerikoagoa zen Teslaren, Xren, SpaceXen eta Starlinken jabea jada presidentearen politika batzuen kontra zegoela.
Ezin eraman hori gutxienez bi gaitan dauka Muskek. Batetik, muga zergekin. Trumpek Txinari ezarritako muga zerga handiek atakan jartzen dute Teslaren jabea, lantegi eta merkatu handiak baititu Asiako herrialde hartan.
Eta, bestetik, AEBetako Senatuak pasatu behar duen Aurrekontu Legea, Trumpen Big Beautiful Bill (lege handi eta polita), zeinak 2,4 bilioi dolar gehituko dizkion AEBetako zor publiko puztuari.
Musk hegoafrikarrarentzat, AEBen zorpetzea murriztea mundua salbatzeko bere ekinaldien barruan sartzen da, eta horregatik sortu zuen DOGE (Gobernuaren Efizientzia Departamentua). Arlo publikoko iruzur orokortuak topatu behar zituen, eta alferrikako gastuak moztu. Ezer gutxi lortu du bietan. Tamalez, gutxi horretan AEBen nazioarteko laguntza humanitariorako programa suntsitu du DOGEk, eta horrek milioika heriotza ekarriko ditu. Munduko gizon aberatsenaren lorpena.

Zaila da Musken buruan sartzea, are gehiago biodraminarik gabe. Baina ulertzekoa da Etxe Zuriko bere borroka efizientzia eta aurreztea izan direla, kontu publikoetan halako zulo bat onartezina baita harentzat.
Ezin izan du legea geratu, eta horregatik gaitzetsi zuen atzo X-n Big Beautiful Bill delakoa; Trumpek ezin zuen hori erantzun gabe utzi, eta esan zuen Musk ez zegoela gustura legearekin auto elektrikoentzako laguntzak kentzen zituelako.
Musk berotu egin zen; bata bestearen atzetik, X-n mezuak argitaratzen hasi zen: besteak beste, esan zuen Trumpen kanpainan jarritako bere diruarengatik ez balitz —gutxienez 250 milioi dolar— Trumpek ez zuela Senatuan gehiengorik izango. Gero, baiezko batekin erantzun zion Trumpen impeachment-a (kargu gabetzea) proposatzen zuen mezu bati.
Trumpek, adierazpen borrokaldi publikoaren une batean, esan zuen Musken konpainiek gobernuarekin zituen kontratuak etetea izan zitekeela aurrekontuan aurrezteko modu bat. Eta Muskek, baietz, Dragon suziriaren garapena etengo zuela. Eta horrela aritu ziren bata besteari.
In light of the President’s statement about cancellation of my government contracts, @SpaceX will begin decommissioning its Dragon spacecraft immediately pic.twitter.com/NG9sijjkgW
— Elon Musk (@elonmusk) June 5, 2025
Apustuak hasi ziren, ea bietako nor izango zen lehena besteari pederasta deitzen. Posturak gutxi iraun zuen, Muskek bota baitzuen Trump Jeffrey Epstein ezagunaren paperetan zegoela.
Triunbiratua
Hortik aurrera, kalapita pixka bat baretu egin zela esan daiteke. Baina oso posible da txinparta soil batekin berriz ere sua piztea. Funtsean, xextra honen guztiaren azpiko korronteak hor baitirau: Trumpen gobernuak hiru bihotz baititu. Eta botere triunbiratu horretan orekak mantentzea zaila da, ia ezinezkoa.
Batetik, beren diruarekin Trump presidentetzara eraman duten technobro-ak daude: kriptodiruetako negozio gizonak, konpainia teknologikoen buruzagi eta sortzaileak, Peter Thiel, Mark Andreesen eta halakoak, eta haien pentsamendu teknofeudalista. Haien oso laguna da —eta ziurrenez haien aldeko apustua ere egin zuen—JD Vance presidenteordea.
Bigarren, Alderdi Errepublikanoa dago, Trumpek erabat bereganatu duena bere itzalarekin. Errepublikanoei oraintxe zera gertatzen zaie: teorian gobernuaren zorpetzea handitzearen oso kontra daudela, baina aldi berean oso gogoko dituztela aberatsentzako zerga murrizketak.
Alderdiak, gainera, kokotean sentitzen du triunbiratuko beste kideen hatsa. Technobro aberatsen aldetik —atzo bertan Muskek inkesta zabaldu zuen, ea garaia den «erdian dagoen %80 hori ordezkatuko duen alderdia sortzeko»—, eta, beste aldean, kasik gainean, Alderdi Errepublikanoak MAGAzaleak dauzka.
Trump politikara goratu dutenMake America Great Again MAGAzale populista-trumpistak dira triunbiratuko hirugarren hanka, zeinak besteak beste etorkinen deportazio masiboak exijitzen dituen, erretiluan zerbitzatuta. Haien eledun nagusia Steve Bannon da, eta ez da liskarrarekin isilik geratu: Musk deportatzeko eskatu dio Trumpi, eta Space X konfiskatzeko. Muskek «atzeratu komunista» deitu dio Bannoni.
Bannon is a communist retard
— Elon Musk (@elonmusk) June 6, 2025
Trumpek, bere agintaldiaren hasieratik, itzelezko hiru indar horien gurariak bateratu behar izan ditu. Gerta daiteke noizbait baten bat baztertu behar izatea, edo baten alde egin behar izatea. Edo bat, bere kabuz, nagusitzea besteen gainetik.
Egoak
Bitartean, eta ring-era itzuliz, Trumpen eta Musken arteko liskar honetan ezin da ahaztu, era berean, bi ego handi, oso handi daudela aurrez aurre.
Baina biek ala biek dute dirudun askok duten ezaugarri bat: uste dute diru asko dutenez arrakastatsuak direla, bizkorrenak, eta ondorioz gai direla guztia ongi egiteko, baita gobernu bat gidatzeko ere. Baina konpainia bat edo herentzia bat eta gobernu demokratiko bat gauza oso desberdinak dira.
Dirudun askok duten beste ezaugarri bat dute Muskek eta Trumpek: uste dute ezinbestekoak direla, mundua pikutara doala haiek gabe —haiek agintzen ez badute—. Eta pentsamendu horrek talka egin dezake demokrazia baten oinarriekin.
Eta Musk eta Trump ezagututa, horrela ibili behar hurrengo round-a iritsi arte.