Elixabete Arrieta

Bruselaren bazuka

2026ko urriaren 18a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esan ohi da Europako Batasunak eta Txinak ez dutela inoiz gatazka zuzenik izan elkarren artean. Baina Bruselak Pekinen aurka bere bazuka erabiltzeko egindako mehatxuek bestelako zerbait iradokitzen dute. Ez da arma militar bat, presio ekonomikoari aurre egiteko tresna bat baizik, beste herrialde batzuei merkataritza mugak ezartzeko aukera ematen diona. Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa Pekinera bidean zela, tresna hori erabiltzeko aukera jarri zuten mahai gainean. Urriaren 8an Txinako Merkataritza ministroarekin izandako negoziazioetan ez zuen azkenean bazukarik atera, baina mehatxuak berak agerian utzi zituen bai tresnaren indarra, bai bi potentzien arteko tentsioa.

Bruselan aski ezaguna da 2023an onartutako 2023/2675 (EB) erregelamenduaren bidez sortutako tresna: Hertsapen Ekonomikoaren Aurkako Tresna (ACI, ingelesezko sigletan), Europako bazuka ezizena duena. Bazuka hitzak gerra irudiak dakartza gogora, baina ACIk, tankeak suntsitu beharrean, herrialdeen esportazioak oztopatzeko aukera ematen du. Izan ere, nazioarteko merkataritza XXI. mendeko gudu eremu bat bihurtu da. Herrialdeen arteko bakea bermatuko zuen merkataritzak berak elkarren aurka jarri ditu herrialdeak. Testuinguru horretan sortu zen Europako ACI tresna, beste herrialde batzuek presio ekonomikoaren bidez EB erabaki politikoak hartzera behartu nahi dutenean horiri aurre egiteko.

Benetako bazuka batek ez bezala, ez du eztandarik eragiten, baina kalte ekonomiko handiak eragin ditzake. Izan ere, 450 milioi kontsumitzaile inguruko merkaturako sarbidea mugatzeko aukera ematen dio Bruselari. Horretarako, ohiko muga zergez harago doazen neurriak har ditzake: inportazio eta esportazio kuotak, lizentzien murrizketak, zerbitzuen merkataritzarako oztopoak, kontratazio publikoan parte hartzeko mugak eta jabetza intelektualarekin lotutako neurriak, besteak beste. Armategia zabala da, eta haren indarra ez datza soilik erabiltzeko aukeran, baita erabiltzeko mehatxuan ere.

(ID_17918109288635) SEFCOVIC, HE, MERKATARITZA
EBren eta Txinaren ordezkaritzak Pekinen, joan den astean. EUROPAKO BATZORDEA

EB halako tresna bat sortzera bultzatu zuen gertakaria 2021ean jazo zen. Lituaniak Taiwango ordezkaritza bati Vilniusen irekitzeko baimena eman zion, Taiwan izena erabilita. Pekinek, erabakia bere subiranotasunaren aurkako keinutzat hartuta, presio ekonomikoa areagotu zuen Baltikoko herrialde horren aurka. Urte amaieran, Txinak Lituaniako produktuen inportazioak mugatu zituen, baita Lituanian ekoitzitako osagaiak erabiltzen zituzten Europako enpresen jarduera ere. Gertakari hark agerian utzi zuen estatu kide baten aurkako presio ekonomikoa merkatu bakar osoaren arazo bihur zitekeela, eta horrek abiatu zuen Bruselan merkataritza defentsaren inguruko hausnarketa; 2023an ACIren onartzearekin burutu zuen.

EB, ordea, ez da merkataritza defentsarako neurriak garatu dituen lehena. AEBek ez dute ACIren pareko tresna zehatzik, baina 1974ko Merkataritza Legearen 301. artikulua erabiltzen dute beste herrialde batzuen merkataritza jardunbideei aldebakarreko neurrien bidez erantzuteko. Txinak ere badu bere armategia. 2021eko ekainean onartu zuen Atzerriko Zigorren Aurkako Legea, Mendebaldeko gobernuen zigorrei aurre egiteko. Hasieran adierazpen politiko hutsa zirudienak indar handiagoa hartu zuen 2025ean, legea aplikatzeko arauak onartu zituztenean, Estatu Kontseiluaren 803. dekretuaren bidez.

Beste herrialdeak ez bezala, Brusela ez da oraindik bazuka erabiltzera ausartu. Behin baino gehiagotan aipatu dute Europako agintariek, baina mehatxu gisa baino ez, oraingoz. 2026aren hasieran, esaterako, Donald Trump AEBetako presidenteak Groenlandia, Danimarkaren menpeko lurralde autonomoa, bereganatzeko egindako mehatxuen harira, EBk tresna erabiltzeko aukera planteatu zuen.

Egun, EBk Txinarekin duen harreman ekonomikoaren testuinguruan aipatu da bazukaren aukera. Europak Txinarekin duen merkataritza defizita, Pekingo industria diru-laguntzak, gehiegizko ekoizpen ahalmena eta lehengai kritikoekiko mendekotasuna gero eta kezka handiagoak dira Bruselan. Europako enpresa askok zailtasunak dituzte Txinako prezioekin lehiatzeko, eta hornidura eskasiaren arriskua ere hor dago, Europako industriaren zati handi bat Pekinen erabakien menpe baitago. EBk negoziazioak hasi ditu Txinarekin, baina Pekinek, bere aldetik, Europako presioak bere eredu ekonomikoaren aurkako erasotzat hartu ditu, eta aldaketak egiteko borondate gutxi erakutsi du.

Horren aurrean, jarrera gogorragoa hartzeko eskatzen ari dira Bruselari. Hala adierazi zuten Frantziak eta Alemaniak, Europako Batzordeko presidenteari bidalitako gutunean. Bereziki esanguratsua izan zen Alemaniaren jarrera, urteetan Txinaren aurkako neurri zorrotzak saihestu baititu, bere enpresek Asiako merkatuarekin dituzten lotura estuengatik. Oraingoan, ordea, Frantziarekin bat egin zuen, ACI erabiltzeko aukera aztertzeko eta tresna hori baliatzeko Batzordeari eskumen handiagoak emateko eskatuz. Europako Parlamentuak ere bide beretik jo zuen. Sefcovic Txinara iristen ari zela onartutako ebazpen batean, europarlamentariek Batzordeari eskatu zioten lehengai kritikoen arloan Txinak izan zezakeen jokabide hertsatzailea ikertzeko eta ACI erabiltzeko aukera aztertzeko.

Beste herrialdeak ez bezala, Brusela ez da oraindik bazuka erabiltzera ausartu. Behin baino gehiagotan aipatu dute Europako agintariek, baina mehatxu gisa baino ez, oraingoz.

Pekingo Sefcovic eta Txinako komertzio ministro Wang Wentaoren negoziazioen ondorengo adierazpenetan ACIren aipamenik ez agertzeak, ziurrenik, lasaitua ekarri zuen Bruselara. Txinak zenbait kontzesio egiteko prestasuna erakutsi zuen, besteak beste, auto elektrikoen eta hibridoen esportazioak moteltzeko, nahiz eta akordioaren xehetasunak argitzeko dauden oraindik.

Hala ere, horrek ez du esan nahi Europako bazuka armairuan gordeta geratu denik. Sefcovicek berak, Txinatik itzuli ondoren, argi utzi zuen negoziazioak lehen urratsa baino ez zirela izan, eta EBk «eskura dituen tresna guztiak» erabiltzeko aukerak zabalik jarraitzen zuela. «Hau amaieratik urrun dago», ohartarazi zuen. Baliteke oraingo gatazkan ez erabiltzea, baina horrek ez du baztertzen etorkizunean erabiltzeko aukera. Nolanahi ere, joan den asteko negoziazioek argi utzi dute haren eraginkortasuna ez dela soilik erabiltzean neurtzen; erabiltzeko mehatxua bera ere nahikoa izan daiteke beste potentzien jokabidea baldintzatzeko. Merkataritza botere lehiarako arma bihurtu den honetan, badirudi Bruselak nahiago duela indarra tiro egin gabe erakutsi.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA