Olatz Urkia

Dei bat gehiago

2026ko urtarrilaren 4a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txinan urte berriarekin iragarri dituzten neurrien artean batek kritika asko eragin ditu sare sozialetan: preserbatiboek eta pilula antikontzeptiboek %13ko zerga izango dute aurrerantzean. Komunikabideek ostiralean iragarri duten neurri hori ez da sorpresa handia izan, ikusita azken urteotan gobernua behin eta berriz ari dela jaiotza tasa handitzeko saiakerak egiten. 

Urte amaierako hitzaldian, Xi Jinping presidentearen gai nagusietako bat jaiotza tasa izan da, hain zuzen ere: gazteei haur gehiago izateko deia egin die berriz, eta, Txinako telebista kate nazionalean hedatu dituzten irudietan, herrialdeko liderra irribarretsu agertu da eskualde bateko eta besteko haurrekin hitz egiten eta aholkuak ematen. Hala ere, propaganda mota hori ez da gazteengana iristen; hasteko, gehienek ez dutelako CCTV telebista katea ikusten ere. Alderdi Komunista beste mundu batean bizi da, eta ezin du aurkitu gazteei mezua helarazteko modua.

Saiakera asko

%13ko zerga kontsumo produktuen gaineko zerga orokorra da, baina preserbatiboek hiru hamarkadatan ez dute izan zerga hori. Erabakiak kritika asko sortu ditu dagoeneko sare sozialetan. Ondorio bakarra sexu bidez kutsaturiko gaixotasunen areagotzea izango dela diote. Salatu dute, era berean, gobernuak ezin dituela herritarrak haur gehiago izatera bultzatu, batez ere erabaki hori hartuta bizi kalitatea mantendu ahal izateko laguntzak falta diren honetan.

Gizon bat eta haur bat Pekinen, iazko uztailean. WU HAO / EFE
Gizon bat eta haur bat Pekinen, iazko uztailean. WU HAO / EFE

Duela hamar bat urte arte, gobernuaren helburua kontrakoa zen: jaiotza tasa murriztea, eta, hortaz, orain haurrak izateko momentuan dagoen belaunaldia haur bakarraren politikarekin hazi da Txinan. Hamarkadetan familiek debekatua izan dute haur bat baino gehiago izatea, eta neurri gogorrak hartu dira arau hori betearazteko.

Azkenean, neurri zorrotzegiek beste ondorio bat izan dute, eta orain gobernuaren kezka kontrakoa da: biztanleriaren erortzea, hain zuzen ere. Jaiotza tasaren beherakada 1990eko hamarkadan hasi zen nabarmentzen, 1979an ezarritako haur bakarraren politikaren ondorioz batez ere. 2010eko hamarkadan arazoa gero eta argiago ikusten hasi ziren, eta, azkenean, 2016. urtean gobernuak ofizialki amaitu zuen haur bakarraren politika. Erabaki hori hartu eta segituan bikoteak haur gehiago izaten hasiko zirela espero zuten, baina hori ez zen halakorik gertatu, eta, 2021ean, hiru haur ere izatea baimendu zuten. Aldi berean, hainbat laguntza iragarri ziren: zerga arintzeak, etxebizitzarako laguntzak, amatasun eta aitatasun baimen luzeagoak…

Hala ere, neurriak ez dira nahikoa, askoren ustez, eta, batez ere, beranduegi iritsi dira. 2022an Txinak ofizialki iragarri zuen biztanleria gutxitzen hasi zela. Hori sinbolikoki kolpea da Txinarentzat, munduko herrialde jendetsuena izan denari bat-batean Indiak aurrea hartu dio eta; beste atal bat hasi da, hazkundea geldituta.

Pentsaera aldatu da

Arazoa ez da soilik politikoa edo ekonomikoa: benetako arazoa sakonago dago, pentsaeran. Txinan gero eta gehiago baloratzen dira bizi kalitatea, norberaren denbora, askatasuna eta osasun mentala, baina agintean daudenak iraganeko bizitza ereduan pentsatzen jarraitzen dutela dirudi, eta ez dute aurkitzen gazteak konbentzitzeko hizkuntza amankomunik. Xi Jinpingen deiak, musika emozionalarekin editatzen dituzten bideo horiek, lan gehiago egiteko eta Txinaren alde borrokatzeko mezuak… ez dira dagoeneko hain ondo jasotzen. Azken urteotan, Xik jaiotza tasaren arazoari aurre egiteko edo langabeziari aurre egiteko gazteei bidali dizkien mezu guztiek kritika oldea sortu dute sare sozialetan. Langabezia handitu denean, soldata txikiagoak edo lanaldi luzeagoak onartzeko deia egin die, benetako laguntzak iragarri ordez. Gazteek sentitzen dute gobernuak patriotismoaren izenean sakrifizioak egiteko eskatzen diela, eta ez dute batere gustuko hori.

Orain haurrak izateko momentuan dagoen belaunaldikoek bi zama dituzte gainean: gurasoak eta haurrak zaindu behar dituzte

Adituen arabera, jaiotza tasari bultzada bat emateko aukera bakarra benetako laguntza ekonomikoak lirateke. Txinan —eta batez ere Pekin bezalako hirietan— haurrak izatea oso garestia da. Etxebizitzaren prezio altuak, benetako osasungintza publiko baten faltak, haurtzaindegien eta eskolen prezioak… Amatasun baimena sei hilabete ingurura luzatu duten arren, ez da nahikoa, eta familia gehienek umezain bat kontratatzen jarraitzen dute; horretan erraz joaten dira hilean 1.000 euro. Askotan aitona-amonen laguntza ere ezinbestekoa bihurtzen da, baina pentsioa oso baxua izaten denez (ez da 500 eurora iristen), eta osasungintza publikoa mugatua denez, osasun arazoak hastearekin batera gastu ekonomikoak ere areagotzen dira. Azkenean, orain haurrak izateko momentuan dagoen belaunaldikoek bi zama dituzte gainean: gurasoak eta haurrak zaindu behar dituzte. Presioa handiegia da. Lehen, agian onartuko zuketen lan hori guztia, denbora librea ez baitzen behar bat bezala ikusten. Hori, baina, erabat aldatu da orain.

Emakumeek ere gero eta argiago dute ez dutela beren ibilbide profesionala sakrifikatu nahi.

Hortaz, erronka sakonagoa da Txinako Gobernuarentzat; baldintzak benetan aldatu behar ditu, propagandak dagoeneko ez baitu lehen zuen eragina. Gazteek sentitu behar dute haurrak izatea ez dela zama bat. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.