Ane irazabal

'Der Spiegel' eta ohar pribatuak

2026ko azaroaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alemaniako hedabideek oso presente dituzte kazetaritzaren muga deontologikoak, eta, oro har, ez dute sentsazionalismoa besarkatzen. Hori dela eta, batek baino gehiagok pentsa dezake egunkari alemaniarrak aspergarriak izan ohi direla; bada, ez dira askorik arriskatzen, eta ez dute albistea lehenik emateko beste askok duten obsesioa. Hori guztia, noski, testuinguru orokorrari erreparatzen badiogu; izan ere, Bild tabloidea Alemaniako egunkaririk salduena dela ezin dugu ahaztu.

Edonola ere, azken polemika Alemaniako aldizkari entzutetsuenaren eskutik etorri da. Duela astebete, Der Spiegel astekariak Elif Eralp Berlingo hauteskundeetako irabazlea elkarrizketatu zuen, eta, paradoxikoki, lerroburu nagusiak Eralpek esan ez zituen hitzek bete dituzte; alegia, aldizkariari nahi gabe bidali zizkion ohar pertsonalek.

Alemanian, prentsa idatziak, eta, batez ere, elkarrizketa formatuak, zentsura handia pairatzen du. Elkarrizketatuek beti eskatzen dute, testua argitaratu aurretik, dokumentua irakurtzea, eta, behar izanez gero, aldaketak egitea. Ez da harritzekoa elkarrizketatuek elkarrizketan esan ez dituzten adierazpenak azkenengo dokumentu horretan eranstea.

Horiek horrela, Der Spiegel-ek gauza bera egin zuen Eralpekin; hots, elkarrizketa bidali zion, hark zuzenketa ofizialak egin zizkion testuari, eta, beste dokumentu batean, bere komunikazio taldearentzako ohar pribatuak idatzi zituen.

(ID_16581209) GERMANY BERLIN PARLIAMENT
Die Linkeren Berlingo buru Elif Eralp, urriaren 29an. HANNIBAL HANSCHKE / EFE

Galdera batean, Ibrahim Ibrahim PFLP mugimendu palestinarreko ekintzaileari buruz galdetu zion Der Spiegel-ek. Alemaniak talde terroristatzat jotzen du PFLP, eta jakina da Ibrahimek Die Linkeren hauteskunde gauean parte hartu zuela. Zehazki, antisemitismoaren inguruan galdetzeko erabili zuten auzia. Gauzak horrela, ohar pribatuetan Eralpek onartu zuen ezin zuela bere burua eta bere familiarena arriskuan jarri Der Spiegel-i elkarrizketa bat emateagatik. Iruzkinetan ez zuen zehaztu mehatxuak jaso dituen ala ez, ezta nork beldurtzen duen ere; baina sumatzen da oso arduratuta dagoela.

Ziur aski, Eralpen prentsa arduradunek nahi gabe bidali zizkioten ohar pribatuak 'Der Spiegel'-i; baina auzi honek eztabaida bizia piztu du Alemanian. Deontologikoki onargarria al da iruzkin pribatuak argitaratzea? Elkarrizketatua beste bat izan balitz, 'Der Spiegel'-ek egingo zukeen halakorik?

Aldizkariko zuzendariek esan dute luze eta sakon hausnartu zutela eta, Eralpen segurtasun kezkak ulergarriak diren arren, ohar horiek berebiziko garrantzi politikoa dutela. Ondorioz, Alemaniako hedabide askok planteatzen duten galdera zera da: beldurtuta dagoen politikari bat gai al da Berlinen segurtasuna bermatzeko?

Hori horrela izanik, Die Linke bere komunikazio estrategia osoa berrantolatzen ari da. Ezkerrak, sozialdemokratek eta berdeek negoziatzen jarraitzen dute koalizio bat osatzeko, eta antisemitismoaren aurkako dokumentu bat sinatzera derrigortu dute Die Linke. Elif Eralpek botoen %25,7rekin irabazi zituen hauteskundeak; baina aldats gora egiten ari zaio alkate berria bilakatzeko prozesua.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA