Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Domino fitxak ezker eta eskuin

2026ko azaroaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lula da Silva brasildarrak hauteskundeen bigarren itzulian lortutako garaipenak lasaitu ederra eman zion Claudia Sheinbaum presidentearen gobernuari. Biharamuneko ajea gainetik kendu ezinik zebiltzala jaso zuten haren gogaideek AEBetako bozetan Trumpek hartutako zartakoa, eta tekila botilari geratzen zitzaizkion apurrak xurgatzen zebiltzala jaso zuten beraiek egiaren zaplaztekoa: Etxe Zuriak sare sozialetan mundu zabalari ohartarazi bezala, «ez ahaztu oraindik Donald Trump dela presidentea»; eta Sheinbaumek berak biharamuneko agerraldian bere alderdikideei gogoratu zien Mexikok AEBekin duen aldebiko harremana ez dela ez Kongresuarekin ez Senatuarekin bideratzen, Donald Trump presidentearen gobernuarekin baizik. Hitz bitan, kontuz ibili beharra dagoela esan zien presidenteak mexikarrei. 

Sheinbaumek badaki bere iparraldeko solaskideak arazoak izango dituela, seguruenik, etxean, barne politika jorratu ahal izateko; ondo dakien bezala kanpora begira dekretuen bidez gobernatzen segi dezakeela, Mexikoren aurka maiz egin izan duen bezala, droga kartelak erakunde terroristatzat jo zituenean, kasurako, Kongresuari baimenik eskatu gabe. Mexiko hizpide, gainera, astoak eta elefanteak bat datoz, hegoaldeko auzokideari dagokionez, garrantzi handiko hiru auzitan: migrazioa, ezinbestean, murriztu egin behar dela; merkataritzak, 1990eko hamarkadan ez bezala, etxekoak babestu eta sendotu behar dituela; eta, azkenik, mexikarrekin duten muga militarizatu egin behar dela, narkoari bideak ixteko. Berdin dio, hortaz, nork agintzen duen Etxe Zurian, alderdi biak ados baitaude hiru xede horietan, eta hori ondo dakite Zocaloko jauregi nazionalean.

Egia horiek borobil-borobilak izanik ere, arestian aipatu lasaituak ofizialismoa indarberritu du, eskuineko zein ezkerreko oposizioak eskua altxatu, «hemen gaude» esatera bultzatu dituen bezala. Azaroaren 3ko burrunbaren ostean mugimendu dezente izan dira Mexikon, agian datorren urteko hauteskundeekin lotura zuzenik ez dutenak, baina 2030ean Sheinbaumen ordezkoa aukeratzeko ibilbidean eragina izango dutenak, ezbairik gabe. Gobernuari dagokionez, Txinan izan da asteon Sheinbaum. Trumpekin aurrez aurre hogei minutuko bilera egin du, eta solasa «oso ona, jarrera onekoa eta giro onekoa» izan dela esan du. Kanadarekin batera herrialde biek duten Merkataritza Ituna sinatzeko «akordio batera iristeko gertu» daudela aitortu du, gainera.

Ezer berririk ez protokoloan. Berria izan da, hori bai, Xi Jinping agintari txinatarrarekin izan duen hurbilketa, aldebiko lankidetzan aro berri bat iradoki duena. Hasteko, 2028an Mexiko bisitatzera gonbidatu du Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusia. AEBekin eta Kanadarekin duten lotura ekonomikoa hausteko asmorik ez badute ere, azken boladan Asiako erraldoiari itxitako ateetan zirrikituak ireki dituzte mexikarrek. Hiriburuan berritu berri duten metroaren lehen lineako trenak, esate baterako, txinatarrak dira, eta ez CAFek eginak, lehenago bezala.

(ID_15509721) EL SALVADOR CRIPTOMONEDAS
Ricardo Salinas Pliego magnate mexikarra agerraldi batean, El Salvadorren, iazko azaroan. RODRIGO SURA / EFE

Eskuineko oposizioari dagokionez, muturrekoari, Salinas Pliegok, Ogasunarekin 1.500 milioi euro inguruko zorra duen ultraaberatsak, Mileiren motozerra inportatu nahi du Mexikora eta, bide batez, Bukeleren presondegiak ere bai. Trumpen porrotaren ostean, El Salvadorrera joan zen lehenik, eta Nayib Bukelerekin batzartu zen; eta Kolonbiara aste honetan bertan, De la Espriella presidentearekin egoteko. Brasilgo eta AEBetako hauteskundeetako emaitzak jakin zirenetik, liskar bizian aritu da sareetan TV Azteca-ko ugazaba Sheinbaum presidentearekin. Enpresariak Indar Mexikarra —edo Gotorleku, zentzu horrekin ere har daiteke-eta izena— deituriko ekimena aurkeztu zuen joan den urrian, ofizialismoaren kontrako kultur gatazka bideratzeko lanabes gisa. Presidentegai izan nahi duela aitortu ez duen arren, hamaikatxotan eta hamaikatxok iradoki bezala Sheinbaumen ordezko izateko hautagaia izan daitekeen horrek urteak bete zituen egunean hitzez hitz aldarrikatu zuenez, «bada garaia ezkerreko kakatsu horiek gainetik kendu eta beren amak izorratzera joan daitezen».

Argentinarraren motozerra gogoan, Mexikoko Gobernuak azken urteotan jende xumearen eta langileen mesedetan hartutako neurri guztiak —erretiro pentsioen babesa, lanorduen murrizketa, gutxieneko soldataren igoerak eta enparauak— zapuzteko deia egin die bere gogaide eta jarraitzaileei. Zirikatzeko bota duen azkena bortitza izan da: lanorduen murrizketari aurre egiteko, berea duen banketxean langileak kanporatu eta kutxazainekin ordezkatuko dituela iragarri du. Dena emanda dabil gizona sareetan. Kalean ez horrenbeste, baina. Z belaunaldiaren aitzakian iaz sustatu zituen protesta bortitzen haritik, manifestazio deia egin zuten joan den iganderako «gazteek, ama bilatzaileek eta Kapelaren Mugimendukoek», edo baten batek haien izenean, tiroz hildako Carlos Manzo alkatearentzat justizia eskatu eta herrialdeak duen segurtasunik eza salatzeko. Iaz bezala, Salinas Pliego ez zebilen hortik urruti. Manifestazioa Zocalora heldu zen, bai, baina guztira 120 bat lagun batu ziren protestan. 

Sheinbaumen ordezko izateko hautagaia izan daitekeen horrek urteak bete zituen egunean hitzez hitz aldarrikatu zuenez, «bada garaia ezkerreko kakatsu horiek gainetik kendu eta beren amak izorratzera joan daitezen».

Eta ama bilatzaileak aipatuak izan direlarik, gobernuaren ezkerretara daudenek ere pausoa eman dute orain, EZLN erakundea sortu zela 43 urte bete diren honetan, azaroaren 17an. Izan ere, datozen egunetan armada zapatistako 1.530 kidek hiribururako bidea hartuko dute, Bizitzaren Aldeko Biraren barruan, eta abendua eta urtarrila bitartean Mexiko eta Erdialdeko Amerikan desagertuak izan direnen senideekin batuko dira. Zapatistek haiei guztiei entzun egingo diete, besarkatu egingo dituzte, eta falta dituztenentzako egia eta justizia aldarrikatuko dute. Asmoak asmo, EZLNko buruzagiek ez dute ondo hasi Mexiko Hirirako bidea, eta barkamena eskatu behar izan diote ama bilatzaileen erakunde bati. Ekimenak izan dituen aurrekariak eta lortuko duen atarramentuaren gainekoak, hurrengo batean.      

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA