Ane irazabal
Leku-lekutan

Erru historikoaren pisua

2024ko martxoaren 17a
05:05
Entzun

«Alemania Israelekin». Iragan urriaren 7tik, halako milaka eranskailu agertu dira Berlingo faroletan eta paretatan. Pegatina batzuk erdi kenduta daude, beste batzuk higatuta, baina noizean behin berriz ere halako eranskailu berriak itsasten dituzte. Sei milioi judu akabatu zituen holokaustoak Damoklesen ezpataren pisua du alemaniarrengan. Mendebaldeko Alemaniak Bigarren Mundu Gerraren osteko nortasuna eraiki zuen estatu juduaren babesa puntu kardinaltzat hartuz. «Israelen segurtasuna estatu afera da guretzat», esan zuen Angela Merkelek, eta bere hitzak Biblia bat balitz bezala errepikatu dituzte ondoren etorri diren ordezkari politikoek. Baina Gazako sarraskiak eta Israelgo Gobernuaren gero eta izaera ultragoak iritzi monolitikoak mugiarazi ditu. Alemaniari zaila suertatzen ari zaio Tel Aviv defendatzea, sionismoaren barne kontraesanak agerian utzi gabe.

Gerra Hotza amaitu zenean, Sobietar Batasuneko milaka juduk Israelera migratu zuten edo Alemania bateratura etorri ziren. Egun, Alemaniako komunitate juduko bozeramaileak Ukrainatik eta Europa ekialdetik garai hartan iritsitako juduak dira, eta korronterik kontserbadoreena ordezkatzen dute; baita Israeli haien babes itsua erakusterakoan ere.

Horrek, ordea, talka egiten du azken urteetan Alemaniako komunitate juduak bizi izan duen beste fenomeno esanguratsuarekin. Holokaustotik bizirik atera ziren eta Ameriketara alde egin zuten judu alemaniarren ilobek Berlinera eta beste hainbat hiritara «itzultzea» erabaki dute, haien aitona-amonen sustraiak ezagutzeko. Komunitate handia bilakatzen ari da, eta oso presente daude Alemaniako bizitza kultural eta artistikoan. Gazaren aurkako sarraskia hasi zenetik, horietako askok Israelen kontrako BDS kanpaina bultzatu dute palestinarrekin batera.

Alemaniari zaila suertatzen ari zaio Israelgo Gobernua defendatzea, sionismoaren barne kontraesanak agerian utzi gabe.

Izan ere, Berlinek Europako komunitate palestinarrik handienetakoa ere badu. Gehienak 1980ko hamarkadan iritsi ziren, asko eta asko Libanoko Xabra eta Xatillako sarraskiaren ostean, eta komunitatearen gune nagusia Neükolln auzoko Sonnenallee kalearen inguruetan dago. Bertan abiarazi dira Gazaren aldeko manifestazioak, eta bertan ikusi ditugu sinbolo palestinarrak debekatzeko lehen saiakerak. Berlingo komunitate palestinarrak eta judu antisionistek tandem indartsua sortu dute, agian, BDSaren alde ahotsa altxatzea konplikatuen den herrialdean. Judu horiek dira, hain zuzen, antisemitatzat jo dituztenak.

Edonola ere, Alemanian arazo zaharra da juduen aurkako gorrotoa. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik erru historikoari nola aurre egin ikasteko eredutzat jo izan den arren, orban hori ez da desagertu. Mugimendu neonaziak txanpiñoiak bezala ugaltzen ari dira eta zerbitzu sekretuek ohartarazi dute talde horien indarkeria dela Alemaniaren barne segurtasunarentzat mehatxurik handiena.

2022an juduen aurkako 2.500 eraso erregistratu zituen Poliziak, eta Die Zeit egunkariaren arabera, eraso guztien %94 alemaniarrek egin zituzten. Bestalde, duela hilabete eskas, Corrective kazetaritza-plataformak publikatu zuen ordura arte inork konfirmatu ezin zezakeen errealitate bat; alegia, mugimendu neonazi horiek harreman zuzena daukatela AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarrarekin.

Edonola ere, sozialdemokratek, Berdeek eta liberalek osatzen duten koalizio gobernuak «inportatutako antisemitismoa» terminoa bataiatu du, eta azken urteetan Alemaniara iritsi diren migratzaile eta errefuxiatuei egotzi die erantzukizuna. Hori hala, Robert Habeck Ekonomia ministroak herritar musulmanei eta arabiarrei eskatu die «Hamasetik urrutiratzeko» eta Alemaniako balio demokratikoak besarkatzeko. Ez dirudi haren hitzek bistaratzen duten arrazakeriaz jabetu denik edo horrek axola dionik.

Kontuak kontu, juduen aurkako propagandarekin hauteskunde kanpaina egin dutenak Bundestagean daude ordezkatuta, eta 83 eserleku dituzte parlamentuan. Alemaniarentzako Alternatibak ez du inoiz ezkutatu bere izaera antisemita. Baina Europako eskuin muturreko alderdi guztiak bezala, sionista sutsua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.