Ane irazabal

Espageti jaleen seme politikaria

2026ko uztailaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alemaniako Die Linke ezkerreko alderdiak buruzagi berria aukeratu du. Iragan ekainean Potsdam hirian egindako kongresuan, indar ezkertiarreko kideek Luigi Pantisano parlamentaria lider izendatu zuten, eta erabaki horrek argi utzi du alderdiak 180 graduko bira eman duela.

Azken hiru urteetan, desagertzeko zorian egotetik fenomeno politikoa izatera igaro da Die Linke; are gehiago, alderdiko buruzagi historikoek nekez antzeman dezakete gaur egungo indar politikoa; hots, gaztea, hiritarra, emakumezkoa eta kufija edo zapi palestinarra janzteko beldurrik ez duena. Die Linkeko hautesle eta arduradun berriek genozidioa deitzen diote Israelek Gazan egin duenari, eta Alemaniako gizartean nagusi den tabu bat apurtu dute.

Testuinguru horretan, Italiako bi migratzaileren semea da jatorri alemaniarra ez duen alderdiko lehen liderra; bada, Luigi Pantisano Stuttgart ondoan sortu zen arren, 1979an, haren gurasoek Italiako Calabria eskualdea utzi zuten Alemanian lan egiteko. Garai hartako milaka gastarbeiter edo «langile gonbidatu» bezala, lan indar merkea bilakatu ziren Europako lehen potentziaren mirakulu ekonomikoa ahalbidetzeko.

(ID_17839515565735) LUIGI PANTISANO. Die Linke.
Luigi Pantisano, Die Linkeren lider berria. LUIGI PANTISANO

Horregatik, Pantisanok bere gurasoen esfortzua goraipatu ohi du: «Haien lan gogorrari esker, seme-alabek bizimodu hobea izan dugu. Zalantzarik gabe, haiengandik ikasi dut borrokatzen». Orobat, Pantisanoren mezuak langile klaseari zuzenduta daude; alegia, langileak diskurtso politikoaren erdian kokatu nahi ditu, eta krisi ekonomikoaren ondorioz biziki pobretu diren herritarren ordezkaria izan nahi du. Edo, bestela esanda, AfD Alemaniarentzako Alternatiba ultraeskuindarrari kendu nahi dio haserrearen botoaren monopolioa.

Testuinguru horretan, Pantisano Italiako bi migratzaileren semea da jatorri alemaniarra ez duen Die Linke alderdiko lehen liderra.  Haren gurasoek Calabria eskualdea utzi zuten Alemanian lan egiteko.

Edonola ere, Die Linkeko lider berriak ez du ezkutatzen bere jatorria: «Luigi Pantisano deituta, ezinezkoa da nire jatorri italiarrari bizkarra ematea!», esan ohi du, txantxetan. Horregatik, agian, migratzaileen aldeko diskurtsoak bere egin ditu; izan ere, Pantisanok gogoan ditu txiki-txikitatik eskolan entzuten zituen irainak: «Spaghetti-fresser deitzen zidaten, espageti jale, eta frijitu usaina nuela esaten zuten».

Nolanahi ere, Pantisanoren hautaketak agerian utzi du Palestinako auziak zatiketa handia sortzen jarraitzen duela. Die Linkeko liderrak Israelen aurkako armen enbargoa eta BDS kanpaina babestu ditu, eta, ondorioz, alderdiaren barnean dagoen korronte sionistaren kritika zorrotzak jaso ditu. Halere, Alemanian ere Israelekiko babesa gain behera ari den seinale izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA