Elixabete Arrieta

Etxean jokatzen

2026ko ekainaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez naiz Munduko Kopari buruz ari. Izan ere, futbolean bezala, politikan ere bada etxean jokatzearen estrategia. Ez da gauza bera aurkariaren zelaira joatea edo besteak zure etxera etortzea. Nazioarteko harremanetan ere, buruzagien joan-etorriek estatuen kanpo politikan eragin nabarmena izan dezakete. Horrez gain, bidaia ofizialek herrialdeen lehentasunak zeintzuk diren agerian uzten dute.

Ideia hori bereziki interesgarria da Txinaren kasuan. Azken asteotan Xi Jinpingek Ipar Koreara egindako bisitak arreta bereganatu du. Era berean, azken hilabeteetan Errusiako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako buruzagi ugari joan dira Pekinera; Xi bera, aldiz, gero eta gutxiagotan joaten da atzerrira. Bidaia horien eta horien faltaren esanahia banan-banan aztertu beharrean, irudi osoari erreparatzea merezi du: zer kontatzen digute bidaiek Txinaren kanpo harremanei buruz?

Azken finean, liderrak ezin dira toki guztietan egon, ezta harreman guztiak pertsonalki landu ere. Horregatik, nora joaten diren, nor erakartzen duten eta zenbatetan bidaiatzen duten aztertzeak interesak agerian uzten ditu, sarritan dokumentu ofizialek baino hobeto. Eta Txinaren kasuan, hori bereziki garrantzitsua da. Sistema politiko opaku batean, non erabakiak zirkulu itxietan hartzen diren, Xiren bidaiek Pekinen lehentasunetara begiratzeko leiho baliotsua eskaintzen dute.

Aurrez aurreko diplomaziak balio berezia du. Buruzagiek pertsonalki lor dezakete sare diplomatikoen, bitartekarien edo telefono deien bidez zailagoa dena: informazioa modu zuzenagoan trukatzea, burokrazien mugak gainditzea, mezu estrategikoak eta marra gorriak argiago helaraztea, edo etorkizuneko krisietan baliagarriak izan daitezkeen harreman pertsonalak eraikitzea. Bidaiek, gainera, dimentsio sinboliko indartsua dute. Munduari erakusten diote zein harreman diren garrantzitsuenak, eta zein eskualdek merezi duten lehentasunezko arreta.

Pandemiaren aurretik, Txinak diplomazia aktiboa zuen. Xiren nazioarteko agendan bidaiak ugariak ziren eta geografia zabala hartzen zuten. Afrikatik Latinoamerikara, Erdialdeko Asiatik hego-ekialdeko Asiara, herrialde horietako asko Txinaren konektibitate eta inbertsio estrategien parte ziren. Lotura ekonomiko horiek harreman politiko sendo bihurtzea zen helburua; alegia, etorkizuneko bazkide estrategikoak sendotzea.

COVID-19aren ondoren, ordea, joera hori aldatu egin da. Xik gaur egun lehen baino askoz gutxiago bidaiatzen du. Gainera, aldaketa ez da soilik kuantitatiboa izan; selektiboagoa ere bihurtu da. Bere agenda gero eta gehiago kontzentratzen da inguruko herrialdeetan eta Txinarekin dagoeneko harreman estuak dituzten bazkideetan.

Herrialde horien hautaketa ulertzeko, geografiak berak ematen du azalpenaren zati bat. Txinak bere ingurune hurbila egonkor mantentzea du lehentasun, eta bere segurtasunerako zein ekonomiaren funtzionamendurako funtsezkoa da inguruko herrialdeekin harreman sendoak izatea.

(ID_16098695) CHINA RUSSIA DIPLOMACY
Xi eta Putin Pekinen, maiatzaren 20an. ALEXANDER KAZAKOV / EFE

Baina hori ez da azalpen osoa. Xiren bisitek beste logika bati ere erantzuten diote: dagoeneko eraikitako eragin-sareak sendotzeko logikari. Bisiten helburua ez da hainbeste lotura berriak egitea, baizik eta Txinak urteetan landutako harreman politikoak indartzea, eta aurrez egindako inbertsio diplomatikoari etekina ateratzea. Horretarako, gainera, hamarkadetan zehar eraikitako azpiegitura zabala du: merkataritza-harremanak, goi-bilerak, alderdien arteko loturak eta tokian tokiko testuinguruak ondo ezagutzen dituzten diplomazialarien sareak.

Aldi berean, Europan, Latinoamerikan eta Ozeanian egindako bisitak murriztu egin dira. Eskualde horiekiko harreman ekonomikoak estuak izan daitezkeen arren, horrek ez du lehentasun politikoen adostasuna bermatzen. Kasu horietan, Pekinen interesek eta tokiko gobernuen lehentasunek norabide desberdinak hartzen dituzte, eta horrek zaildu egiten du Txinak eskualde horietan bere eragina sakontzea.

Gero eta herrialde gehiagorentzat, Pekinera joatea ezinbestekoa da interes ekonomikoak, komertzialak edo estrategikoak defendatzeko. Duela urte batzuk, Txinak mundura irten behar zuen harremanak egitera, eta gaur egun, berriz, gero eta maizago joaten da mundua Txinara.

Pandemia osteko aldaketarik nabarmenena, hala ere, ez da soilik Xik nora bidaiatzen duen, baizik eta diplomazia nola kudeatzen duen. Xi Jinpingek aurrez aurreko diplomaziaren zati handi bat Li Qiang lehen ministroaren eta beste goi kargudun batzuen esku utzi du, baina, aldi berean, atzerriko buruzagiak hartzen jarraitu du erritmo handian. Hor dago azken urteetako bilakaerarik interesgarriena; Txinaren diplomazia gero eta gehiago bihurtu da etxean jokatzea.

Hori ez da nahitaez Txinak eragina galdu duelako. Kontrakoa. Pekinek urteotan eraiki duen gaitasun diplomatikoak beste buruzagiak Txinara erakartzea ahalbidetzen dio, Xi bera gutxiago mugitu arren. Gero eta herrialde gehiagorentzat, Pekinera joatea ezinbestekoa da interes ekonomikoak, komertzialak edo estrategikoak defendatzeko. Duela urte batzuk, Txinak mundura irten behar zuen harremanak egitera, eta gaur egun, berriz, gero eta maizago joaten da mundua Txinara.

Washingtonen merkataritza politikaren bilakaerak eta Donald Trumpek ezarritako muga-zergen ondoriozko ziurgabetasunak joera hori are gehiago indartu dute. Horrek Txinarekiko harremanei eustera bultzatzen ditu hainbat herrialde, desadostasun politikoak egon arren. Izan ere, askorentzat, Pekin ez da alternatiba hutsa, ezinbestekoa bihurtzen ari den bazkide baizik.

Joera nagusia, beraz, argia da. Xik gero eta gutxiago bidaiatzen du, baina horrek ez du zertan esan nahi izan Txinaren presentzia txikiagoa denik. Aitzitik, Pekinek nazioarteko diplomaziaren erreferentziazko guneetako bat bihurtzea lortu du. Futbolean bezala, partida garrantzitsuenak ez dira beti kanpoan irabazten; batzuetan, etxean jokatzeak ematen du abantailarik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE