Olatz Arrieta

Eurofuntzionarioen Olinpiar Jokoak

2026ko otsailaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neguko Olinpiar Jokoei begira gauden honetan, Bruselan, goi mailako kirolaren pareko lehia hasi berri da: EB Europako Batasuneko instituzioetako funtzionario izateko lan deialdirik handienean parte hartzeko epea ireki berri dute. Ikusmina ikaragarria da Bruselan;  2019az geroztik ez baitzen halako deialdi handirik egiten; guztira 750 lanpostu atera dituzte, alegia. Aurreikusten da 40.000 eta 60.000 lagun artean aurkeztea azterketara. Langile publiko izateko Europa mailako lehia gogorra izaten da; batez beste %10ek bakarrik gainditzen dituzte azterketak, eta berehala lanean %3 hasiko dira, gainontzekoak itxaron-zerrendan jarriko dituztelako.

Erasmus programan parte hartu izana lagungarria da; azterketa gainditzen duten hamarretik hiru programan horretako ikasle ohiak dira: eleaniztunak, euren jatorriko herrialdeetatik kanpo bizi izan direnak. Gutxienez Europako Batasuneko bi hizkuntza ofizial menderatzeko eta unibertsitate mailako ikasketa izateko eskaera betetzen dutenak. Azken oposizioetatik aterako diren funtzionario berriek hilean 5.000 eta 8.000 euro arteko soldatak, seme-alabentzako doako nazioarteko ikastetxe pribatua, osasun seguru pribatu bikaina, eta pentsio plan oparoa jasoko dituzte. Oro har, Europaren langile publikoek kritika asko jasotzen dituzte, errealitatetik urrun bizi diren eurokratak dira askorentzat. Gizartean ere badago gehiago diren pertzepzioa, baina beste administrazio publikoekin alderatuz ez dira hainbeste: langile publiko eta behin-behikoen artean 60.000 lagunek egiten dute lan Europako Batasuneko instituzio guztietan; erdiek, Batzordean. Beraien bizitza maila ez da biztanleen gehiengoaren parekoa eta errealitate burokratikoan bizi badira ere ezinbesteko lana egiten dute Europako Batasunaren ekimenak aurrera ateratzeko. Gehienek Europako Batasunaren proiektuan sinesten dute, nahiz eta Bruselan erabakiak hartzeko azkartasun gabeziarengatik asko kexatzen diren.

Europar Batzordearen egoitza, Bruselan, urtarrilean. OLIVIER HOSLET / EFE
Europako Batzordearen egoitza, Bruselan, urtarrilean. OLIVIER HOSLET / EFE

Askotan, gai konkretu baten inguruan Europan gehien dakiten profesionalek EBrentzat lan egiten dute. Horrekin batera, eta batez ere, eurofuntzionarioak kazetariontzat informazio iturri bikaina dira, informazio konfidentzialik zabaldu ezin badute ere. 450 milioi herritarrengan eragina duten neurriak aztertu eta prestatzen dituzte: Mercosurrekin egindako akordioaren xehetasun juridikoak, barazkietan erabiltzen diren pestiziden inguruko arauak edo Ukrainari mailegu bat emateko baldintza ekonomikoak.

Europa mailako langile publikoen inguruan ezjakintasun handia eta klixe asko dago. Brusela ez da Washington, ez daude ehunka telebista saio eta pelikula eurofuntzionarioen inguruan euren errealitatea hobeto ezagutu ahal izateko

Europa mailako langile publikoen inguruan eta, oro har, Parlamentuaren, Batzordearen eta Kontseiluaren funtzionamenduaren inguruan ezjakintasun handia eta klixe asko dago. Brusela ez da Washington, ez daude ehunka telebista saio eta pelikula eurofuntzionarioen inguruan euren errealitatea hobeto ezagutu ahal izateko. Salbuespenak Adults in the room eta Les Passagers filmak eta Parlement telesaila dira. Azken hori Frantziak, Alemaniak eta Belgikak ekoitzitakoa da. Umorez, Euroganberako eta, zeharka, beste europar instituzioetako barruko kontuak —eta eurofuntzionarioenak— oso ondo islatzen ditu, pertsonaia koloretsuak dira, grisak izatetik urrun. Zoritxarrez, laugarren eta azken denboraldia 2024an emititu zen. 

Eurofuntzionarioen Olinpiar Jokoetara itzulita: zorte on hautagai guztiei. Azkarrenek, europazaleenek, kaleko errealitatetik gertuen daudenek, eta kazetariei euren frustrazioak kontatzeko prestutasun handiena dutenek irabazi dezatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA