Europako Batasunak izoztutako Errusiaren aktiboak, azkenean, ez dira erabiliko Ukraina finantzatzeko, baina oso pieza garrantzitsua izango dira bake negoziazioetan. Aktiboen 210.000 milioi euroek gehi egunero sortzen dituzten interesek datarik gabe izoztuta jarraituko dute Europako Batasunean. Aktibo horiek Bruselaren karta nagusia dira, Errusiaren aurkako zigorrekin batera, bake-negoziazioen mahaian. Ameriketako Estatu Batuek behin eta berriro diote Europak ez duela kartarik bake negoziazioen jokoan, baina ez da horrela. Are gehiago, aktiboen karta Europako Batasunari kentzen saiatu da Trump. Errusiaren aktiboak AEBek kontrolatutako funts batera pasatu behar direla izan zen hogei puntuko bake planean Etxe Zuriak jarri zituen puntuetako bat. Brusela azkar mugitu da, eta aktiboak datarik gabe izozteko emergentziazko neurria hartu du.
Gerra amaitzearen truke Putinen gobernuak egin dituen eskakizunen artean dago aktiboak itzultzea eta Errusiako ekonomia ahultzen ari diren zigorrak bertan behera uztea. Aktiboak aseguru bat ere badira Ukrainarentzat; alegia, gerra amaitzen denean Errusiako Gobernuak txikitu duenarengatik erreparaziorik ordaindu nahi ez badu, aktibo horiek erabiltzeko aukera egongo litzateke konpentsazioak ordaintzeko.
Ameriketako Estatu Batuek behin eta berriro diote Europak ez duela kartarik bake negoziazioen jokoan, baina ez da horrela. Are gehiago, aktiboen karta Europako Batasunari kentzen saiatu da Trump.
Aktiboen zatirik handiena gordetzen du Belgikak beste dozena erdi herrialderekin batera, eta geldiarazi egin du aktiboen bidez Ukrainari mailegu bat emateko Batzordeak, Alemaniak eta Ukrainak bultzatutako plana. Ezezkoa ematea erabaki egokia izan da hainbat arrazoirengatik; batetik, sekula Europan hartu ez den neurria legala delako, eta, beraz, oso arriskutsua delako Belgikarentzat. Gainera, neurria hartu izanez gero zalantza geratuko litzateke Europako Batasunak eta euroak finantza jurisdikzio seguru bezala duten izen ona, eta oso litekeena da Putinen gobernuak Errusian geratzen diren enpresa europarren ondasunak konfiskatzea, gerra hasi zenean egin zuen moduan. Krisi batetik atera berri den Belgikako gobernuarentzat ere suizidio politikoa litzateke; alderdi politikoak eta herritarrak izoztutako aktiboak erabiltzearen aurka agertu dira. Belgikako Gobernuak, gainera, Errusiako Banku Zentralaren diruak ematen dituen interesen zati bat erabiltzen du bere aurrekontua finantzatzeko. Eta azkenik, arrazoirik garrantzitsuena dago: Bruselak Ukrainako gerraren amaiera erabakitzeko karta garrantzitsua galduko luke aktiboak Ukrainari mailegua emateko erabili izan balitu.

Errusiako Gobernuarentzat kolpe ikaragarria litzateke aktiboen erabilera, eta erantzun moduan oso litekeena zen Europako Batasunaren aurka eraso hibridoak handitu izana, bereziki herritarrengan eragina izango luketen azpiegituren kontra. Moskuk arnasa hartu du Ukrainari laguntzeko aktiboak erabili beharrean 24 herrialdeek mailegu bat eskatzeko Europako Batasunak hartu duen erabakiarekin. Negoziazioak abian direla, arnasteko uneek garrantzi itzela dute. Putinen gobernuak Europako Batasunaren aurkako tonua jaitsi du erabakia jakin eta berehala. Emmanuel Macronek, bere aldetik, berriro eskatu du Errusiarekin zuzenean, Washingtonetik pasa gabe, komunikazio bideak berriro irekitzea. Zutabe honetan hainbat aldiz esandakoa errepikatuz, Bruselak Moskurekin hitz egin beharko luke. Aktiboen auziak eragin duen arnasteko unea beste aukera bat da.