Von der Leyenen argazki batekin batera, Guztia ez da berari buruz esaldia jasotzen duen publizitate pankarta bat ikus daiteke egunotan Bruselako metro geltokietan. Ez da protesta kanpaina bat Von der Leyenek Irango gerraren lehen hamar egunetan sei aldiz adierazpenak egin dituelako, Contexte komunikabide digitalaren publizitate kanpaina baizik. Irango gerraz eta Europako Batasunaz hitz egiten den bakoitzean, Von der Leyenen hitzak nabarmentzen dira atzerri politikan eskumenak dituzten Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentearen eta Kaja Kallas atzerri gaietarako ordezkari gorenaren gainetik. Politikari alemaniarra ez da Europako Batasuna, berak esaten duena bere iritzia da. 27 estatu kideetako atzerri ministroek gerra hasi eta bi egunera atera zuten oharra da Europako Batasunaren iritzi bateratua. Ohar horretan, alde guztiei eskatu zitzaien zibilak babesteko, erasoak murrizteko, nazioarteko araudia eta Nazio Batuen Erakundearen Gutuna errespetatzeko, eta saihets dezatela gatazka koska bat estutzea. Irani eskatu zioten Ormuzeko itsasartea irekita mantentzeko, arlo nuklearrean hartutako konpromisoak betetzeko, eta irandarren oinarrizko eskubideak errespetatzeko. Ez zituzten Trumpen eta Netanyahuren erasoak gaitzetsi, baina bai Iranek Israelen eta Golkoko herrialdeetan egindakoak.

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Ormuzeko itsasartean petroliontziak babesteko egin duen laguntza eskaerari ezekoa eman diote Europako Batasuneko herrialdeek, espero zen bezala. Inork ez zuen espero europarrak Washingtonek eta Tel Avivek hasi duten gerran sartzea. Zain daude Europan, gerra krisi ekonomikoa eragin baino lehen amaitzea espero dute Bruselan. Bitartean, kontaktu diplomatikoak areagotu dituzte Golkoko herrialdeekin, ustez bake proposamenen bat aurkezteko bakerik nahi ez dutenei.Â

Oro har, Espainiak izan ezik, Europako Batasunak ez du Donald Trump haserrearazi nahi, Ukrainako gerra amaitzeko eta merkataritza akordioa mantentzeko bere beharra dutelako. Dena den, Ursula Von der Leyen Batzordeko presidentea urrutiegi joan da Etxe Zuriaren aldeko adierazpenak egitean Irango erasoaren inguruan. Irango erregimeneko buruen aurkako erasoak justifikatuz, Ali Khameneiren hilketarengatik malko bakar bat isuri behar ez dela bi aldiz esan du dagoeneko, eta ez da baztertzen hirugarren aldiz esatea. Ez dut uste Washingtonen Von der Leyenen hitzak jarraitzen dituenik; bai, ordea, Macronek edo Merzek esaten dutena. Europako Batasuneko hainbat hiriburutan Von der Leyenen kritikatu dute, haren eskumenetatik kanpo atzerri politikaren buru moduan agertu nahi izan duelako Irango gerraren testuinguruan. Politikari kontserbadoreak esan du bere jatorri ideologikotik aurreikusten dena, eta gauza bera gertatu da Antonio Costa sozialistarekin. Costak, ordea, 27ek pentsatzen dutena hobeto islatzen du, instituzionalki bera delako atzerrian Europako Batasuneko herrialdeen ordezkari ofiziala, eta baita ideologikoki ere, nazioarteko zuzenbidearen defentsa izan delako herrialde gehienen jarrera.Â
Europako Batasunaren atzerri politika nazionala den bitartean, ez da atzerri politika komunik egongo, eta Frantziako edo Alemaniako gobernuburuek esaten dutena beti izango da Von der Leyenek dioena baino garrantzitsuagoa
Charles Michel aurreko Kontseiluko presidentearekin ez bezala, Von der Leyenek eta Costak harreman ona daukate, eta maiz kaleratzen dituzte ohar bateratuak nazioarteko gaietan edo segurtasunekoetan. Bakoitzak badaki zein den bere rola. Bruselako bikote politiko horretan, burua beti Von der Leyenek ateratzen du, baina Kaja Kallas da atzerri gaietarako Europako Batasunaren beste burua. Gazaren inguruan Josep Borrellek gogor kritikatu zuen Kallas, Israelen alde gehiegi egiteagatik. Irango gerrarekin ere berriro atera da Borrell Kallasen kontra egitera. Diplomaziaburu ohiek diplomaziaburuak kritikatzea diplomaziaren arauak urratzea da. Europako Batasunaren atzerri politika nazionala den bitartean, ez da atzerri politika komunik egongo, eta Frantziako edo Alemaniako gobernuburuek esaten dutena beti izango da Von der Leyenek dioena baino garrantzitsuagoa.