Indonesiak asteak daramatza Borneo eta Sumatrako hainbat eskualdetan zabaldu diren suteei aurre egiten.
Urtarriletik, dagoeneko milioi bat hektarea lur suntsitu dituzte sortu diren suteek, eta azken hilabeteotan egoerak okerrera egin du. Hedatu den kea inguruko herrietara ere iritsi da —besteak beste, Malaysia eta Singapurrera—, eta alerta eman dute. Egoerak ehunka mila arnas arazo sortu ditu, eta ospitaleetako arnas departamentuak gainezka daude.
Eta pertsonak ez ezik, sute hauetan Borneo eta Sumatrako animaliak dira kaltetuenak; batez ere orangutanak. Desagertzeko arrisku larrian dauden animalia hauen %52 bizi dira Borneoko basoetan, eta suteetan beren habitat naturala galtzen ari dira.
Orangutanen bila
Alerta eman dutenean, animalien babeserako erakundeak lanean jarri dira, eta dagoeneko 100 animalia baino gehiago erreskatatu dituztela jakinarazi dute; horietatik gehienak orangutanak. Hedatu diren irudietan, animaliak korderik gabe ikusten dira aire kutsagarria arnasteagatik; edo, azken irudi batzuetan, orangutan bat oinak erabat erreak dituela agertzen da, bere orangutan kumea besoetan daramala.
Borneoko orangutanaren biziraupena zuzenean lotuta dago baso tropikalen kontserbazioarekin: beraientzat basoa ez da zuhaitz multzo bat noski, bertan aurkitzen dute janaria, ura eta babeslekua, eta basoen ezaugarriek zehazten dute neurri handi batean nola mugitzen diren eta beste orangutanekin nola erlazionatzen diren ere. Sute batek habitat hori suntsitzen duenean, animaliak sakabanatu egin daitezke, janaria aurkitzeko distantzia handiagoak egin behar dituzte…

Bestalde, egoera horretan orangutanak gizakien kokalekuetara hurbiltzeko arriskua handitzen da, eta, ondorioz, herri txikietako nekazariek animaliak harrapatu edo zauritzeko arriskua.
Eta orangutana ez da bakarra. Borneo eta Sumatrako bost giboi espezieren habitatetan ere izan dira suteak. Animalia horiek, orangutanek bezala, kez betetako airea arnastu dute, eta arnas aparatuan kalteak jasaten ari dira. Gainera, animaliek egin behar duten indar estra hori dela eta, gorputzeko gantzaren galera ikusi dute adituek. Animaliek gehiago jan edo gehiago atseden hartuta ere, kea dela-eta orokorrean argaldu egin dira, adituen arabera immunitate sistemak lan bikoitza egin behar duelako eta estresa dutelako.
Azkar hartu beharreko neurriak
Sute horien atzean dagoena klima aldaketa da batetik. Tenperaturen igoerak eta prezipitazio eskasagoek lurra lehortu eta sute arriskua handitzen dute. Baina gehienetan klima aldaketa ez da suteen eragile zuzena, suteak hedatzeko baldintza egokiagoak sortzen dituena baizik.
Hedatu diren irudietan, animaliak korderik gabe ikusten dira aire kutsagarria arnasteagatik; edo, azken irudi batzuetan, orangutan bat oinak erabat erreak dituela agertzen da, bere orangutan kumea besoetan daramalaÂ
Horregatik ezin zaio arazo guztia klima aldaketari egotzi, eta azkarrago hartu daitezkeen neurriak daudela azpimarratzen dute adituek. Hasteko, Indonesian oso hedatuta dagoen nekazaritza praktika bati egotzi diote egoera honen errua: nekazaritzarako egokiak diren lurrak prestatzeko, landaredia eta sastrakak erretzen dituzte sarritan nekazari txikiek. Lurra lantzeko teknika merkea eta azkarra da, baina kontrolik gabe erabiltzen da sarritan, eta suteak eragin ditzake.
Arazoa, gainera, ez da amaitzen sua itzaltzen denean. Bereziki kaltegarriak dira turba-lurretan geratzen diren suteak. Lur horiek milaka urtean metatutako materia organiko kantitate handiak dituzte, eta ura galdu eta lehortzen direnean oso erraz erretzen dira. Batzuetan, gainera, lur azpitik jarraitzen dute erretzen, gainazalean sua itzali ondoren ere. Horrek oso zaila egiten du etorkizunean sutea kontrolatzea, eta, aldi berean, karbono kantitate handiak askatzen dira atmosferara.
Kontserbazionistek ohartarazi dute ez dela nahikoa urtero suteei aurre egitea. Prebentzioa izan behar da politikaren erdigunea, haien ustez: turba lurrak babestu eta hezetzea, deforestazioa mugatzea, eta erre diren basoak ahalik eta azkarren sendatzea.
Eta neurriak azkar sartu behar dira indarrean. Basoa berriro haz daiteke, baina baso tropikal konplexu batek hamarkadak edo gehiago behar ditu lehen zuen egitura berreskuratzeko, eta orangutanek ezin dute hainbeste itxaron.