«Liskarretan sartuta, eta zazpi hilabetez iskanbila bat bestearen atzetik kateatu ondoren, Adan Augusto Lopezek Morenaren talde parlamentarioaren koordinazioa utzi zuen atzo Senatuan». Horixe irakurri genuen La Jornada egunkarian Lopez Obrador presidente ohiaren bidaideari eta agintean izan zen bitartean euskarri izan zuenari buruz. «Utzi» erabili zuen kazetariak, «bota dute» esatea bortitzegia zelako, baina lerro artean horixe irakur zitekeen. Claudia Sheinbaum presidentea agintaldiaren ardurak bere esku hartzen hasi da, argi eta garbi.
Talaia honetan inoiz aipatu dugun bezala, hauteskundeak irabazi eta presidentetza lortzeko, Lopez Obradorrek Nazioa Birsortzeko Mugimendua sortu zuen; mexikar gehienen kolorearekin bat egiten duen Morena alderdia, hain zuzen. Frankenstein sortua izan zen antzera, handik eta hemendik hartutako indar, eragile eta jendearekin hasi zuen Laugarren Eraldaketa izenez ezagun den egitasmo politikoa. Denetarik sartu zuen: ordura arte ezker muturrekoak izandakoekin batera, hain sutsu eta ezkerreko ez zirenak, eta baita gizarte gaietan aurrerakoiak izanik arlo ekonomikoan liberalak zirenak ere. Bidaide izan zituen, gainera, 1988tik aurrera PRI estatu alderdia utzi eta ezkerrerako bidea hartu zutenak. Horien artean zegoen gaur hizpide duguna, Adan Augusto Lopez, hemen mitxelin gisa izendatu izan duguna, irakurleak ondo ulertu zezan zertaz ari ginen.
Aitortu behar zaio gizonari, PRIn ikasitako amarru guztiak mugimenduaren zerbitzura jarri, eta ondo baino hobeto baliatu zituela Botere Judizialaren erreforma gauzatzeko ofizialismoari Senatuan falta zitzaion boto bakarra eskuratzeko. Eskertuta egon arren, Sheinbaumek ezin izan ditu ahaztu haren kontra azkenaldian entzun direnak: La Barredora deituriko talde kriminalarekin lotzen duten salaketak, eta, antza, izan dituen milioi askoko diru irabaziak, zuritu ezin izan dituenak. Horiek dira larrienak, baina ez bakarrak.
Presidenteak lotsarik gabe esan izan du Lopez Obrador dela bere aitabitxi politikoa, eta mugimenduaren aitzindaria, baina irmotasun berarekin adierazi du gaur bera dela agintean, eta berezkoak dituela agintzeko manerak. Horregatik ulertu eta aintzat hartu zaio utzi zitzaion zama gainetik kentzen hastea. Agian txiripa izan da, baina Adan Augusto Lopez kargurik gabe uztearekin batera, Poliziak Tequila herriko alkatea atxilotu du Jaliscon —narkoaren esanetara egon eta herriko enpresei estortsioa egiteagatik; Morenakoa da—, eta joan den astean Sheinbaumek errieta egin zien Morenako diputatuei, publikoki eta ageriko haserrean, herritarren nahigabeei muzin egiteagatik.
Gaur-gaurkoz, bi izen gailendu dira alderdi barruan presidentetzarako inkestetan: Omar Garcia Harfuch Segurtasun idazkariarena, eta Marcelo Ebrard Ekonomiakoarena. Biek ala biek mesfidantza eragiten dute alderdiaren ezkerreko oinarrien artean.
Horrek guztiak izan du eraginik alderdiaren barruan. Hasteko, eta datorren urteko hauteskundeei begira, zorroztu egingo dituzte hautagaiak aukeratzeko bete beharreko baldintzak. Horiek asmoak, ikusi beharko atarramenturik lortzen duten, edo ez. Izan ere, jauregi nazionalean mugimenduak egon diren honetan, Morena barruan areagotu egin dira kezkak alderdiko ezker muturrean kokatzen direnen artean. Viridiana Rios adituaren esanetan, beldur dira. Izan ere, joerak aldatzen ez badira, baliteke mugimenduaren asmo eta pentsamolde sozialak bereak izango ez dituen hautagai baten eskutik lortzea Morenak presidentetza 2030ean.
Gaur-gaurkoz, bi izen gailendu dira alderdi barruan presidentetzarako inkestetan: Omar Garcia Harfuch Segurtasun idazkariarena, eta Marcelo Ebrard Ekonomiakoarena. Biek ala biek mesfidantza eragiten dute alderdiaren ezkerreko oinarrien artean. Lehenengoa polizia baita, iraganeko segurtasun sistemako aginte priista ilunekin lotzen dutena, eta urrun, oso urrun dago ezkerreko agenda sozial, fiskal eta laboraletik. Ebrard, berriz, hurbilegi ikusten dute enpresariengandik. Jauntxoekin eskupeko tratuak egin zalea omen da, eta, haren ustetan, enpresariei ondo doakienean langileei ere bai.

Bi horiekin ados ez daudenek, ordea, ez dute hautagai alternatiborik, eta adosten ere ez dira hasi. Batzuentzat aukerarik onena Luisa Maria Alcalde izan daiteke, alderdiko egungo presidentea. Sheinbaum bera bezala, mugimenduari indarra eman zion borroka sozialean hazitakoa da Alcalde, eta arerioek ere onartzen dute azkarra dela, irizpide propioak dituela eta, esanguratsuena dena, hainbat kargutan egon den arren ez dela harekin lotutako ustelkeria kasurik agertu. Alcaldek sustatu zituen, gainera, Morenari boto gehien eman dizkioten politikak, Lopez Obradorren gobernuan Lan eta Enpleguko sailburu izan zenean: gutxieneko soldataren igoerak eta lan erreformak, alegia. Alderdi barruko sektoreak bateratzeko hautagaia ere izango litzatekeen arren, emakume honek argi izango luke beti alderdiaren jatorrizko ideologia, ezeren gainetik pobreak direla lehentasuna, hain justu.
Ezkerrekoentzat hautagai egokia izan daitekeen arren, emakumea da Alcalde, eta ez dago argi morenistek bigarrengoz emakume bati emango dioten aginte makila. Ahaztu gabe gorritasunaren purutasunari begira gaitza dela sektore horiek ados jartzea, eta azkenik Alcalde bera ez dela oraingoz hautagaitza prestatzen hasi. Morenako ezkerrekoek ez dute erraza izango.