Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Judasek ekarri du Mexikon demokraziaren akabera

2024ko irailaren 15a
05:05
Entzun

Bi aste besterik ez zaizkio geratzen Andres Manuel Lopez Obrador presidente mexikarrari agintea utzi, eta, nolabaiteko itzulpena egitearren, pikutara joateko. Pikutara, bai, La Chingada izena ipini baitzion Chiapas eskualdean dagoen, eta agintariak gurasoengandik jarauntsi zuen etxaldeari. Alde egin aurretik, baina, Lopez Obradorrek bere mugimenduak sei urteotan eta, batez ere, ekainaren 2ko hauteskundeetan pilatu duen boterean erakustaldia egin nahi izan du, erreforma judiziala gauzatuz. Presidentearen etxaldearen izena txantxa eta trufarako aitzakia den bezala, erreformaren ingurukoek politikagintza mexikarrak duen itxura negargarria utzi dute agerian. Esperpento hutsa.

Konstituzioari edozein aldaketa egiteko behar diren bi herenak aise lortu zituzten Parlamentuan gobernua babesten duten Morenak eta bere aliatuek, ekaineko hauteskundeetan; eta Senatuan hiru boto besterik ez zitzazkien falta izan bi herenak lortu eta erreformak berresteko. Oposizioaren, Eliza katolikoaren, Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadorearen, eta enpresari handien elkarteen hitzetan demokraziaren akabera izango zen erreforma judiziala gauzatzeko, hiru senatarien botoa besterik ez zitzaizkion falta gobernuari.

Epaileen boterea —agintekeria, presidentearen hitzetan— mugatu, eta botere judizialaren buruen hautaketa herritarren esku utzi asmoz erreforma proposamena aurkeztu zutenean, inork gutxik pentsatzen zuen ez zituztela hiru boto horiek lortuko. Abuztuaren 28an heldu zitzaien lehen erantzuna: alderdiaren erregistroa galduta hauteskundeetan botoen %3 lortu ez zutelako, PRDko bi senatariek kanpainan salatutakoak irentsi, oposizioko kideei muzin egin, eta bat egin zuten herenegunera arte burkide izan zituzten Morenakoekin. Boto bakarraren falta orain, «diktadura» gauza zedin, alegia.

Bi aste zituen oposizioak jarrerak gotortu, eta inork ez ziola hutsik egingo bermatzeko. Parlamentuak hilaren 3an onartu zuen erreforma. Etxetik kanpo onartu behar izan zuten, hori bai, Justiziako langileek Parlamentua inguratu, eta ez zutelako inor sartzen uzten. Manifestariek Goreneko epaile zenbaiten bisita eta babesa jaso zuten, blokeoan bertan. Oposizioaren hankarik ahulena galduta, PRD hain zuzen, eta PRIkoak barne liskarretan itota, betiko eskuinari, PAN alderdiari, egokitu zitzaion oposizioan pitzadura berriak saihestu, eta hirugarren Judas bat izango zela ekiditea. Banan-banan deitu zituzten senatariak, beraienak jakina, baina, batez ere, PRIko guztiak. Sozio horiek ez ziren, ez, oso bidaide fidagarriak.

Senatuak hilaren 10ean berretsi behar zuen Parlamentuaren onespena. Erreformaren kontra zeuden, eta arestian aipatu ditugun eragile guztiak bolo-bolo aritu dira protestak sustatzen eta oposizioko senatariak estu lotzen, hedabide nagusien laguntza paregabearekin. Boto bakarra galtzea, galbidea litzateke. Azkenera arte heldu zioten ilusioari, hauteskunde kanpainan bezala, garaipena eskura izango zutelakoan. Boto bakarragatik Lopez Obradorren asmoak zapuztea garaipena zen oposizioarentzat. Astearte honetan, bozketarako ordu batzuk besterik falta ez zirenean, piztu zen zalaparta. Lotsa bezala, berehala nagusitu zen amorrua PAN alderdiaren baitan: Yunes Marquez Veracruz eskualdeko senataria izango zen hirugarren Judas hori, traidorea ordura arte burkide izan zituenen aldarrietan.

Yunes Marquez semeak, bizkarrezurreko ustezko minak argudiatuz, kargua behin-behinean utzi, eta bere ordezkoa zuen Yunez Marquez aita —Veracruz eskualdeko gobernadore ohia— Senatura bidali zuen erreformaren bozketan baiezkoa ematera. Yunes familiakoak ezagunak dira oso Mexikon, eskuinean gotortuta egon direlako hamarka luzeetan, Veracruzen aginte karguak izan dituztelako, eta Lopez Obradorren etsai porrokatuak izan direlako guztiak, asteartean, Yunes aitalehena Senatuan sartu zenean ofizialismoaren txaloek bekatu guztiak barkatu zizkieten arte. Bekatuak bakarrik ez. Veracruzeko Fiskaltza familiako hainbat kideren atzetik zebilen aspaldian: gobernadore ohia bera, haren emazte Leticia Isabel Marquez, eta seme Fernando Yunes atxilotzeko asmoak zituzten, asteartera arte. Horixe salatu du oposizioak, etxekoak libre izatearen truke aldatu zuela senatariak botoa.

Oposizioko bloketik kanpo, baina, erreformaren kontra zegoen Hiritarren Mugimenduko beste senatari baten inguruan ere zalaparta piztu zen halako batean. Daniel Barreda Poliziak atxilotu zuela salatu zuten haren kideek, baita bahitu zutela ere, bozkatzeko aukerarik izan ez zezan. Benetan larria salaketa, baina ez da egia. Bere aita zen atxilotu zutena, eta hura babesteko itzuli zela Campechera argitu du senatariak.

Lopez Obradorrek etxeko lanak eginda utziko du agintea. Erreforma judizialak areagotu egin dio oposizioari ekaineko hauteskundeetan jasotako porrota, eta irmoagoa egiten du Claudia Sheinbaumek urrian eskuratuko duen agintea. Gerardo Fernandez Noroña Senatuko presidente eta Lopez Obradorren burkide sutsuaren esanetan, erreforma judizialarekin jazotakoa ikusita, Morena alderdia 30 urtez egon daiteke agintean. «Gauzak ondo egiten baditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.