Olatz Urkia

Mbappe eta Mao

2026ko urriaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste honetan Kylian Mbappe Real Madrileko aurrelari frantsesak Txinarekin gatazka izan du nahi gabe. Sare sozialetan egin dioten elkarrizketa batean, «Txinako diktadore» deitu dio Mao Zedongi, eta horrek Txinako Gobernua haserrearazi du. Hainbeste, Mbapperekin publizitate akordioak zituzten Txinako enpresek futbolariarekin harremanak eten dituzte erabat, eta CCTV telebista kate nazionalak Espainiako Liga emititzeari utzi dio.

Futbolari frantsesak dagoeneko barkamena eskatu du, eta esan orain ulertzen duela esandakoa txinatar askoren ikuspegitik mingarria dela eta komentarioa akatsa izan zela. Espainiako Ligaren patronalak ere eskatu du barkamena. Txinako sare sozialetan eztabaida sortu da, Mbapperen zaletuak ere atera dira haren defentsan, eta, beti bezala, sare sozialen anonimotasunean babestuta herritarrek beren ironia eta umorea ere baliatu dituzte, eta erakutsi haien ustez erreakzioa gehiegizkoa izan dela. Baina Atzerri Ministerioaren prentsaurrekora ere iritsi da gaia, eta gobernuak argi utzi du errespetu faltatzat hartzen duela Txinara iraultza komunista ekarri zuen liderraz horrela aritzea. Argi geratu da Maoren gaia oraindik tabua dela eta atzerrian ez dela erabat ulertzen zer harreman duten txinatarrek harekin.

Boikota

Segur aski Mbappek ez zuen inola ere imajinatuko bere hitzek horrelako gatazka eragingo zutenik. Haren aurpegia erabiliz sortutako meme bat biralizatu da Interneten, eta horren ondorio izan da auzia. Jokalariak futbolaren munduan duen garrantzia dela eta, sare sozialetan diktadore esaten diote, eta meme batean bere aurpegia txertatu zuten Maoren irudietan. Berriki, sare sozialetako elkarrizketa informal batean galdetu zioten ea zein den bere meme gustukoena, eta Mappek Maorena gogoratu zuen, eta barregarria iruditzen zitzaiola esan. Horrek argi uzten du ez zuela pentsatzen esandakoa gatazkatsua zenik: «Norbaitek egin zuen tipo baten memea iruditzen zait barregarria; diktadore txinatarren bat dela uste dut…». Agerikoa da ez duela ondo ezagutzen Mao, ezta lider txinatar ohiak Txinako kulturan duen garrantzia ere.

(ID_16577964) CHINA SOCCER MBAPPE SPONSORSHIP
Mbapperen irudi bat, Pekingo zelai batean. WU HAO / EFE

Asteartean eragindako kaosa ikusita, futbolariak barkamena eskatu du publikoki, eta hau adierazi: herri txinatarrarekiko eta bere historiarekiko errespetu sakona sentitzen duela, eta ez zela inolaz ere izan bere intentzioa errespetua galtzea. Asteazkenean Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi zuen bere barkamena serio hartu dutela, baina orain ikusteko dago Mbapperi boikota egitea erabaki duten enpresek atzera egingo duten. Adierazpenak Interneten hedatu ondoren, gutxienez Txinako hiru enpresak apurtu dituzte publizitate kontratuak jokalariarekin: edari freskagarrien ekoizle Dongpeng-ek; eta esne ekoizle Mengniuk eta Milkgroudek, hain zuzen ere.

Ez da Txinako enpresek egiten duten lehen boikota. Adibidez, 2019an CCTV Txinako estatuko telebista kateak NBAren partiden emisioak eten zituen, orduan Houston Rocketsen zuzendari zen Daryl Moreyk Twitterren Hong Kongeko protestei babesa adierazi ondoren.

Mbappe oso ezaguna da Txinan, eta jarraitzaile asko ditu; agian publikoki esaten ez duten arren, lagunartean galdetuta, txinatar askok diote boikota gehiegizkoa izan dela.

Gobernuak eta enpresek erreakzio gogorra izan duten arren, sare sozialetan Mbapperen defentsan atera dira futbolzale asko. Mbappe oso ezaguna da Txinan, eta jarraitzaile asko ditu; agian publikoki esaten ez duten arren, lagunartean galdetuta, txinatar askok diote boikota gehiegizkoa izan dela. Azken finean, Mao lider autokratikoa izan zela ez da sekretua Txinan ere, eta Alderdi Komunistak berak adierazi du publikoki lider ohiak akats historiko larriak egin zituela. Herritar gehienen iritziz, Maok hasieran ekarri zuen desberdintasun sozialen aurkako borroka hori ontzat jotzen duten arren, aurrerago bere politika zorrotzek eta iraultza kulturalak jazarpena eta milioika hildako utzi zituen.

Kulturaren ezagutza falta

Gertatutakoak eta Mendebaldean honen inguruan izan diren erreakzioek ere erakusten dute kultura txinatarraren ezagutza falta bat. Justu aurten 50 urte bete dira Mao hil zenetik, eta Txinak harreman kontraesankorra du bere historiaren garai horrekin. Alde batetik, adituek diote denbora gehiago pasatu denean herritar batzuk, iraganarekin distantzia apur bat hartuta, iraultza maoista erromantizatzen hasi direla. Beste aditu batzuek diote, aldiz, ez dela ahaztu Maoren alde iluna, baina iritzi orokorra dela gaur egungo Txina eta ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoaren kontzeptu hori ez liratekeela posible izango Maoren iraultzarik gabe.

Honek guztiak eztabaida sortu du berriro Txinan: boikotaren kultura hau gehiegizkoa da, edo Mendebaldean Txinako kulturaren inguruan dagoen ezagutza falta horrek nekatu al du Asiako potentzia?

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA