Olatz Arrieta

NATO, Errusiatik gertuago

2026ko urtarrilaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Groenlandiako krisia piztu eta berehala, Errusiak adierazi zuen ez daukala ezer esateko; irlaren eta Danimarkaren arteko gaia dela, alegia. Hala ere, hurrengo egunetan gauza asko esan ditu:  Groenlandia hartzeko Trumpen mehatxuen aurrean, Errusia izan da herrialde trumpzaleen artean trumpzaleena. «Nazioarteko aditu batzuek diotenez, Groenlandia Ameriketako Estatu Batuen barruan sartzen bada, Trump zalantzarik gabe historian sartuko da, eta ez bakarrik Ameriketako Estatu Batuen historian, baita munduaren historian ere», adierazi du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak. Historia liburuetan agintari garrantzitsuenen artean egon nahi duen AEBetako presidentearentzat gustuko hitzak.

Sergei Lavrov Atzerri ministroarentzat Groelandia kolonialismoaren ondorio da, eta, bere hitzetan, ez da «naturalki» Danimarkarena. Ez du esan Artikoko irla AEBen kolonia bat izatea ondo iruditzen ote zaion. Gauzak horrela, Errusiar Inperioak, Sobietar Batasunak, Erresuma Batuak edo Frantziak kolonizatutako lurraldeen naturaltasuna ere zalantzan jarri beharko litzateke. Ukrainaren inbasioaren kontestuan, badakigu subiranotasunaren gaineko errespetuak eta autodeterminazio eskubideak esanahi ezberdina dutela une historikoaren arabera.

NATO bere historiako atakarik estuenean jarri du Artikoko irlaren inguruko krisiak, baina Errusiaren interesen kalterako, ez da inbasiorik egongo, eta Etxe Zuriaren ekintzek ez dute aliantza atlantikoa itxiaraziko. Errusiako Gobernuak ziurtzat eman du AEBek ez dutela harakiria egingo NATOn, baina Trumpen azken adierazpenek aliantza ahuldu dutela azpimarratu du Moskuk. Gai horretan, bat datoz Errusia, aliantzako kide batzuk eta Volodimir Zelenski. Ukrainako presidenteak ohartarazi du Errusiak Polonia edo Lituanian operazio militar bat egiten badu, beharbada, AEBak ez direla laguntzera etorriko. 

(ID_15691824) GREENLAND DENMARK DEFENSE
Danimarkako armadako soldadu batzuk Groenlandiara iristen, lehengo astean. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE

Trumpek sortutako nazioarteko azken krisia baretu eta gero, Ukrainari begira jarri da berriro Etxe Zuria, Errusiaren kalterako. AEBetako Kongresuan eta Senatuan Errusiaren aurkako zigor ekonomiko gogorrak prest daude, Trumpek oniritzia eman zain. Bien bitartean, Putinek Etxe Zuriaren ordezkariekin beste bilera bat egin du Moskun, akordiorik gabe. AEBetako presidenteak bere jarrera gogortu ez dezan, Moskuk iragarri du prest dagoela Gazarako Batzordean parte hartzeko, eta AEBetan Errusiari izoztutako aktiboak Ukrainaren berreraikuntzarako emango dituela gerra amaitzen denean: 4.000 milioi euro, 500.000 milioi euroko kalteak eragin dituen txikizioa konpontzeko.

Groenlandia hartzeko Trumpen mehatxuen aurrean, Errusia izan da herrialde trumpzaleen artean trumpzaleena. Lavroventzat, kolonialismoaren ondorio da, eta, bere hitzetan, ez da «naturalki» Danimarkarena. 

Ukrainako bake negoziazioen inguruan aurrepausoak ematea komeni da; izan ere, gerra ezingo duela eten berriro konturatzen denean, jomuga Kuban edo beste nonbait jarriko du Trumpek. Groenlandiaren inguruko aferan, Errusiak ezeztatu egin du Artikoko irla hartu nahi izatea, Trumpek salatu moduan. Errusiak ez du Groenlandiaren beharrik; NATO ahalik eta urrunen nahi du. Artikoko itsasoko kostaren erdia Errusiaren lurraldea da. Ukrainaren inbasioaren ondoren Putinen gobernua Artikoko Kontseilutik kaleratu zutenetik nabarmen handitu ditu Artikoan dituen base militarrak. Errusiarentzat Artikoa helburu ekonomiko izatetik helburu militar izatera pasatu da, Finlandia eta Suedia aliantzako kide bilakatu zirenetik. Trumpek Groenlandiaren aurka egindako mehatxuen ondorioz, NATOk behin betiko misio bat jarriko du Groenlandian AEBren eta Danimarkaren zuzendaritzapean. NATO are gehiago gerturatuko zaio Errusiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA