Olatz Arrieta

Nork hitz egin beharko luke Putinekin?

2026ko maiatzaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean Bruselan jabetu dira Europako Batasunak eta Errusiak zuzenean hitz egiten eta negoziatzen hasi behar dutela Ukrainaren inguruan. Komunikabideetan hainbat izen aipatu dira Europako Batasunaren izenean negoziatzeko: Angela Merkel Alemaniako kantziler ohia; Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidente izandakoa; Alexander Stubb Finlandiako presidentea edo kargu hori aurretik izan zuen Sauli Niinisto; eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidente ohia, besteak beste.

Aipatu zen lehen izena Gerhard Schroederrena izan zen, baina berehala baztertu zuten Kievek eta Bruselak, Vladimir Putinen gertukoa delako eta Errusian diru asko egin duelako. Agertu den beste izen bat Kaja Kallas EBko diplomaziaburuarena da. Politikari estoniarrak bere burua Putinekin hitz egiteko eskaini du. Stubb finlandiarra ere prest agertu da. Kallasek ez du aukera handirik: Putinen gobernuak Kallas kriminal bilatuenen zerrendan jarri zuen, Estoniako lehen ministro izan zen garaian Sobietar Batasunaren Bigarren Mundu Gerrako memorialak toki publikoetatik kentzea agindu zuelako. Niinistok oso harreman zuzena izan du hainbat urtetan Putinekin, eta Errusiarekin zerikusia duten gai geopolitikoetan aditua da. Putin, ordea, asko haserretu zen harekin Finlandiak NATOko kide izatea erabaki zuenean. Niinistok ez bezala, Merkelek ikuspegi oso nazionala dauka, eta Alemaniaren interesetatik harago ikusteko gai ote den zalantzan jartzen dute askok. Hala ere, itzultzailerik gabe Putinekin hitz egiteko gai den EBko gobernuburu ohi bakarrenetarikoa da; Merkelek errusieraz hitz egiten du, eskolan txikitan ikasi zuelako, Ekialdeko Alemanian. Putinek alemanez hitz egiten du, KGBrentzat Ekialdeko Alemanian lanean aritu zelako. Alemaniako kantziler ohiak bere memoria liburuan dio Putinen alemana bere errusiera baino hobea dela. Gainera, Merkelek badu eskarmentua Putinekin negoziatzen, Minskeko 2014ko eta 2015eko bake akordioetan parte hartu baitzuen.

VLADIMIR PUTIN - EMMANUEL MACRON
Vladimir Putin eta Emmanuel Macron, Kremlinen, 2022ko otsailaren 7an. EFE

Putinek adierazi du Errusiaren aurka «astakeriarik» esan ez duen norbait aukeratu behar duela Europako Batasunak negoziazioetarako. Ez da erraza izango Errusiak Ukrainan egin dituen astakeria eta gerra krimenak irmo salatu ez dituen politikari bat aurkitzea. Errusiako presidenteak publikoki esan ez duen arren, benetako botere politikoa duen norbait nahiko luke mahaiaren beste aldean. Errusiako presidentearen pentsamoldea ezagututa, nahiko luke gizonezkoa izatea.

Macronen izendapena bat etorriko litzateke Frantziak Errusiarekiko erakutsi duen jarrera diplomatikoarekin; Europako Batasuneko beste herrialdeek ez bezala, Eliseoak irekita mantendu du Moskurekin komunikazioa

Emmanuel Macron izan daiteke hautagai bat. Datorren urteko maiatzean utziko dio Frantziako presidente izateari, eta komunikabideetan agertzea oso gustuko du. Europako Batasuneko ordezkari izendatzen badute, kargua Frantzian bere presidentetzak utzi duen gazia gozotzeko baliatu ahalko luke. Horrez gain, Macronen izendapena bat etorriko litzateke Frantziak Errusiarekiko erakutsi duen jarrera diplomatikoarekin; Europako Batasuneko beste herrialdeek ez bezala, Eliseoak irekita mantendu du Moskurekin komunikazioa. Frantziako presidentea eta Errusiakoa inbasioa hasi baino 15 egun lehenago Kremlinen eseri ziren aurrez aurre sei metroko luzera mahai zurian. Horrez gain, Macron izan zen inbasioa baino bi egun lehenago Putinekin hitz egin zuen Europako azken gobernuburua. Macronentzat, puntu lagungarriak dira Frantzia dela errusiarrek gehien miresten duten Europako herrialdea, ondo ikusten dutela Ameriketako Estatu Batuekiko aldarrikatzen duen autonomia estrategikoa, eta Frantziako hurrengo presidentea Errusiaren aliatua den eskuin muturreko kide bat litekeela.

27ak izen baten inguruan ados jartzea ez da lan samurra izango. Batetik, herrialde batzuk Putinekin negoziatzearen kontra daudelako, negoziazioak manipulatuko dituela argudiatuta. Bestetik, ez dago argi Putin prest dagoen. Baina unea iristen bada bere interesak defendatuko dituen ordezkaria izan beharko luke Europako Batasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE