Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Polizia patriotikoak isilarazi zuen Muguruza?

2025eko ekainaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nork eman zuen agindua Poliziaren eta, batez ere, militarren mehatxupean Fermin Muguruza Mexiko Hirian egiten ari zen kontzertua zapuzteko. Hori da gaur galdera. Baina hori da galdera gaur, agindua eman zutenen asmoak izan zirelako gau hartan benetan zapuztu zirenak. Bestela, gaur ez legoke galderarik. Saminaren aldarri latza litzateke gaurkoa, Alicia Foroaren barruko balizko sarraskia salatzeko. Zergatik? Foroaren kudeatzaile Nacho Pinedari emandako agindua irmoa zelako: edo kontzertua bertan behera utzi eta barruan ziren guztiak segituan ateratzen ziren, edo Guardia Nazionalekoak sartu eta guztiak aterako zituzten. Zein litzateke gaur galdera barrukoak bertan gotortu, edo kalerako bidean, protesta gisa, baten batek botila bat jaurti izan balie uniformedunei? Kanpokoek ez zuten borrarik, ez gomazko pilotarik, ez ke poterik. Arma astunak agerian eman zuten agindua, eta denok dakigu zer gertatzen den militarrek, eraso fusilak eskuetan, poliziarena egiten dutenean.

Susmo hutsa izan daiteke, baina kontzertuan zegoen Andrea Cegna kazetariaren testigantzak alarma argiak piztu zituen handik egun gutxira: «Barrukoak oso lasai atera ziren, militarrekin selfieak eginez iseka gisa. Txantxa batzuk, kexa batzuk, ez zen izan apartekorik ezer. Baina kazetariak publiko asaldatu bati buruz eta Poliziarekin izandako liskarrei buruz ari ziren hitz egiten zuzeneko konexioetan. Gezur handiagorik, ezin». Bestela esanda, operazioa marraztu zutenek Muguruzaren gogaideen erantzun bortitza espero zuten, militarren erantzun are bortitzagoa zuritzeko telebistan, zuzenean.

Pineda Aliciakoak oposizioaren esku dagoen udalaren probokazioaren tesiari eutsi dio geroztik. Orain hilabete, orriotan, irakurri genuen Mexiko barruko tirabira politikoen erdian egotea egokitu zitzaiola Muguruzari. Eta, alde horretatik, oso argigarriak dira Cegna kazetariak berak geroxeago egindako gogoetak: iradoki zuen lotuta ote dauden Alicia barruko balizko sarraskia, edo dena delakoa, eta hamar egun arinago hiriburuko gobernuburuaren kolaboratzaile biren hilketak. Ez zen bakarra izan. Gerardo Esquivel kazetariak antzeko tesia defenditu zuen Milenio egunkariko zutabean. Hark idatzita: «Badirudi badabilela norbait Clara Brugadaren gobernua hankaz gora jarri nahian, herritarren baitan frustrazio, beldurra edo nahasmena eragin asmoz». Brugada Mexiko Hiriko gobernuburua, ofizialismoaren barnean, eta Claudia Sheinbaum presidentearekin batera, ezkerreko sustraiak dituen gobernadore bakarra da.

(ID_17487104589515) FERMIN MUGURUZA, MEXIKO
Militarrak Alicia Foroaren kanpoaldean (Mexiko Hiria), maiatzaren 30ean. BERRIA

Pentsa daiteke Esquivelek hiriburuan hasi eta Mexiko osora hedatuko litzatekeen ekaitz perfektuaren oinarriak marrazten zituela zutabe hartan: ezkerreko burkide bien hilketa, hamabost egunez hiriburua hankaz gora ipini zuten maisu-maistren protestak, eta, zirkulua biribiltzeko, Aliciakoa. Idatzita utzi zuen: Alician «pil-pilean zegoen liskarraren arriskua, eta ondorioak zorigaiztokoak izan zitezkeen». Horiek guztiak noiz, gainera, eta botere judiziala berritzeko estreinakoz egingo ziren hauteskundeen bezperan. Anabasa perfektua, ez bakarrik hiriburuko ezkerreko gobernuarentzat, baita orain zazpi urte Lopez Obrador presidenteak hasi, eta Claudia Sheinbaum haren oinordekoak bultzatutako eraldaketa politikoa zapuzteko ere.

Bestela esanda, operazioa marraztu zutenek Muguruzaren gogaideen erantzun bortitza espero zuten, militarren erantzun are bortitzagoa zuritzeko telebistan, zuzenean

Tesi honetan izugarriena Aliciako Polizia operazioa nork agindu zuen zehaztea da, Brugadak berak onartu baitu bere gobernuko Segurtasun Sailean egon zela sorburua. Presidentearekin batera egindako agerraldian, armadak argitu zuen Polizia laguntzen ari zela operazioan, Cuauhtemoc Udaleko hainbat auzotan segurtasuna bermatzeko, baina zer egin, eta non, Poliziaren buruak erabaki zuela. Operazioan Guardia Nazionalekoak gidatzen zituen agintea, bestalde, berehala ohartu zen egoeraz, Pineda Aliciakoari aitortu bezala, jendeak aretoa hustu orduko bertatik alde egin aurretik. «Ez dakit zertara ekarri gaituzten», esan omen zion: «Hemen ez dago ezer, hona geuk ekarri dugu nahaste-borrastea». Eta hori guztia izugarria da benetan, agerian uzten duelako Mexiko Hiriko Poliziaren barnean uniformedun patriotiko batzuk badabiltzala azpilana egiten bozkalekuetan gobernua eskuratu zuten agintarien kontra. Brugadaren kide eta burkide biak hil zituenaren irudiak Poliziaren kameretatik ezabatzeko gai izan diren estoldak dira horiek; edo, gaur hizpide dugun honetan, sarraski bat egiteko kapaz direnak, odolaren ardura bere nagusiaren aurpegira botatzeko.

Auskalo zertaz arituko ginen gaurko hausnarketan Muguruza ez balitz Muguruza, eta, probokazioaren aurrean zuhurtziaz erantzun beharrean, bestela jokatu izan balu, poliziak eta militarrak bidali zizkiotenek pentsatu izan zuten bezala. Aitortu beharko zaizkio irundarrari, mikrofono aurrean bat-batean lortutako buru hotza, heldutasuna eta, arestian aipatu bezala, zuhurtzia. Ustea ez da propioa: politikariek bezala hedabideek ere, ezker eta eskuin, goraipatu dute haren jokamoldea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.