Donald Trumpen azken burutazioen aurrean ez harritzea ezin da osasuntsua izan. Aho bete hortz ez geratzeak esan nahi du, gutxi-asko, jada normalizatu dugula munduko potentzia ekonomiko eta militar nagusiko presidenteak gezurra arau bihurtu izana, eta, are, hark adieraztea, atzo egin bezala, «ondo pasatzen» ari dela Iranen aurka hasitako erasoaldiarekin. Iazko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik nola jokatzen ari den ikusita, esan daiteke bere pelikulak, show-ak, bultzatzen duela: leherketek, gerra hegazkinen zarata beldurgarriak, keak... Momentuz, 800 pertsona inguru hil dituzte Iranen.
Etxean ez dute begi onez ikusten egiten ari dena. Ipsos etxeak atzo kaleratutako inkesta baten arabera, hiru estatubatuarretik bakarrak babesten du erasoaldia. «Bost inporta zaizkit inkestak», Trumpek atzo esana. Segi aurrera, beraz. Eta 2017tik 2021era presidente izan zenean ez bezala, orain inguruan dauzka nagusiaren burutazio bakoitzari buruarekin baietz erantzuten dioten aholkulariak; izan zitezkeen consigliere-ak, bai. Pete Hegseth Gerra idazkaria, esaterako. Piztutako gerrari buruzko agerraldi batean adierazi zuen, atzo, AEBek ez dutela gerra hasi, «bukatu» besterik ez dutela egin. Kontua ez da Irango klerikoek giza eskubideen alorrean duten jarrera justifikatzea, haien jarduna zuritzea; gezurretan aritzea ere ez.
Hegsethi ez zaio sudurra luzatu Pinotxori bezala. Eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen aurpegia oraindik ez da porlanezkoa, nahiz eta atzo, adierazpen batean, ez zituen aipatu Israelen eta AEBen erasoak, eta bai, ordea, Iranenak, «ausarkeriazkoak».