Atef Abu Saif.

Su etenik ez Gazan

2025eko abenduaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Honatx Ekialde Hurbileko politikako gezur nagusietako bat: Gazan su etena dagoela. Gerra piztu zenetik 26 hilabetera eta Trumpek menia deklaratu zuenetik bi pasara ere, egunero ari dira palestinarrak hiltzen; Israelgo tropak Gaza barnealdean agertzen dira, eta bonbardaketak eta tiroketak eguneroko kontua dira. Trumpen akordio delakoarekin, berez, ez da ezertxo ere aldatu. Mundu guztia bake akordioaz hizketan, eta bitartean, egiatan, bakea egunero akabatzen ari dira Gazan. Urriko lehen astetik, akordioa ezarritzat eman zutenetik alegia, palestinarrak hiltzen eta hiltzen ari dira egunero. Israelek ez ditu eten bere operazio militarrak. Hori aski ez, eta hitzarmenak eskubidea bermatu dio kontrolpean edukitzeko kostako zerrendako lurren erdiak baino gehiago, baita lurralde gehiago erasoz konkistatzeko ere.

Gazako egoera humanitarioa, beraz, okertzen ari da egunez egun. Jende gehiena kanpadendetan bizi da oraindik, eta denda horiek ez dute jendea hotzetik eta euritik babesten: lotan direla ura sartzen zaie barrura. Osasun iturriek diotenez, aurreko asteetan hainbat eta hainbat ume hil dira hotzak jota. Denda gehienek bi urte dituzte, eta hondatuta daude jada, ez dute balio. Israel premia humanitario horiek baliatzen ari da Gazaren kontrako gerra tresna gisa. Ez du baimenik ematen Gaza berreraikitzeko, eta auzi politiko bat iruditzen zaio hori. Hasieratik, zigor kolektiboa erabili du Israelek Palestina okupatzeko politika nagusi gisa. Mundu guztiak ordaindu behar du, eta mundu guztiak zigortua izan, heldu zein haur. Zigor kolektiboko politika horretan, ezein gazatarrek ezin ditu oinarrizko premiak bete harik eta Israelek helburu gailentzat jotzen duen hori lortu arte.

Hala, su etena ofizialki ezarria badago ere, gerrak hor dirau, beste molde batez. Menia ustez indarrean sartu zenez geroztik, egun guzti-guztietan hil dute palestinarren bat Gazan: bi hilabete eta erdiotan, hain justu, 411 baino gehiago. Israelen droneek, hegazkinek eta tankeek han eta hemen eraso egiten dute egunero. Israelek bere kontrolpeko eremua —Gazako zerrendaren erdia baino gehiago— mapan seinalatzeko marraztu duen lerro horia, gainera, lausoa da oso, ez baitago lerro nabarmen bat palestinarrei adierazten diena arriskutsua dela hura gurutzatzea. Hortaz, Israelgo soldaduen esku dago erabakitzea ea pertsona horrek lerro horia gurutzatu duen ala ez eta ea, beraz, hura hil behar duen ala ez.

Hori dena gutxi balitz bezala, 26 hilabete dira jada jakiak mugatuta daudela; denbora horretan guztian, jendeak ezin izan du haragi freskorik probatu, eta izoztutako haragiaren parte handi bat iraungia dago jada. Prezioak garesti daude, eskaria handia baita, eta eskaintza txikia. Gazteenen belaunaldia malnutrizioak jota dago, haurrak eta jaioberriak bereziki. Beren etxe suntsitura itzuli eta haren hondakinen ondoan kanpadenda jarri dutenek, desplazatuek bezalaxe, ez dute ur garbirik aurkitzen, eta batzuetan kilometroak ibili behar izaten dute bidoiak betetzeko. Gazan ez baitago azpiegiturarik, ez argindar lerrorik eta ez ur hornidurarik. Dena hondatu dute 26 hilabeteotan. Eta Trumpen akordioa ezarrita ere, egoera ez da hobetu. Geroko utzi dute jendearen eguneroko bizimodua.

(ID_15608415) GAZA ISRAEL PALESTINA
Herritar multzo bat gorpu batzuen aurrean, Gaza hirian, abenduaren 15ean. AHMAD AWAD / EFE

Jende asko non-eta beren etxe erdi hondatuan bizi dira, hormigoizko sabai baten azpian bizitzea hobea delakoan denda batean bizitzea baino, neguan batez ere. Hautu horrek, ordea, badu arriskurik. Hilabete honetan bertan, familia asko hil dira beren eraikinaren zatiren bat gainera erorita. Eraikin ugari, are, osorik erori dira bizilagunak barruan zeudela. Gazan, mirari bat behar duzu bizirik irauteko. Borrokan aritu behar duzu non lo egin aurkitzeko, familiari zer jana eta zer edana emateko, eta errezatu, hurkoak ez daitezen izan hurrengo erasoaren jomuga. Jende arruntarentzat, ezer ez da aldatu Gazan Trumpen akordioaren ondotik ere. Beharbada, egunean ehun hil ordez, hamar hiltzen dira orain. Baina hiltzeko arriskua %1 izan edo %10 izan, a zer aldea. Hiltzeko arriskua hortxe duzu beti.

Hala, gutxituz doaz manifestazioak eta protestak, baita aurreneko bi gerra urteetan elkartasun ekintza indartsuak izan dituzten herrialdeetan bertan ere

Zoritxarrez, Trump izanik eskualdeko bakearen etorkizunaren gainean erabakiko duena, ez da argirik ikusten tunelaren amaieran. Azken batean, Trumpen helburu nagusia ez da palestinarrak babestea, ezta bakea babestea ere, baizik Israel babestea bere genozidioarekin segitzeak dakarzkion ondorioetatik. Trumpek berak eta haren taldeak ondo dakite ezen, Israelek nazioartean izen ona galtzeari utz diezaion, etentzat jo beharko litzatekeela gerra. Alegia, berdin dio gerra benetan eteten den edo ez; inporta duena egitate edo, hobeto esanda, gezur bat da: gerraren amaieraz hizketan ari da mundu guztia. Izan ere, denak sinetsita badaude gerra bukatu dela, orduan Israelek, isiltasuna aprobetxatuz, aurrera segitu dezake Gazan operazio militarrak egiten. Neokontserbadurismoaren doktrinetan, azken batean, egiak ez du axola: egiari buruz zer esaten den, horrek axola du. Orain mundu guztia ari da berriketan Trumpen akordioko lehen eta bigarren faseei buruz, eta, bien bitartean, inork ere kasurik ez Gazan benetan gertatzen ari denari.

Mundu guztiak sinesten du Gazan su etena dagoelako gezurra, eta, egiaz, egunero hiltzen ari da jendea, dela Israelgo armadaren erasoengatik, dela osasun egoera tamalgarriagatik, dela negu euritsu eta hotz-hotz honetan non aterpetu eta zer jantzi ez edukitzeagatik. Hala, gutxituz doaz manifestazioak eta protestak, baita aurreneko bi gerra urteetan elkartasun ekintza indartsuak izan dituzten herrialdeetan bertan ere. Israelen kontrako kritika ugari leundu egin ziren Trumpek adierazi zuenean Israelek hitzarmenaren bere partea bete zuela lehen fasean, eta segidan palestinarren txanda zela beren partea betetzeko eta oraindik Gazan zeuden bahituen gorpuen aferari heltzeko. Alegia: haren arabera, Israel ahaleginetan ari da hurrengo fasera pasatu eta hala Trumpen akordioa betetzeko, eta palestinarrak, berriz, behin betiko akordioa galarazten ari dira. Gazari buruzko diskurtso eta albisteetan ere, hori da gaur egun gezur nagusietako bat. Israeli gehien inporta zaiona, ordea, eta Trumpi ere bai, palestinarren armak deuseztatzea da, eta ez besterik; Gazako jende armagabe eta babesgabeak, beraz, hortxe segitu behar du, kanpadendetan bizitzen, ez jakirik, ez urik, ez ospitalerik martxan, ez eskolarik eta ez etorkizunik. Gazan bizi ez direnentzat, bukatu da gerra; Gazan bizi direnentzat, aldiz, bizi-bizirik dirau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.