Bukatu dira azken orduetan AEBek eta Iranek Suitzan edukitako elkarrizketa teknikoak. Eta, Teheranen arabera, Irani blokeatutako funtsetatik 12.000 milioi dolar desblokeatuko dituzte AEBek, «berehala» —10.500 miloi euro inguru—. Kazem Gharibabadi Irango Atzerri ministrordearen esanetan, akordio hori egin dute bi aldeek. Horren harira, Irango presidente Masud Pezexkianek eskatu dio Washingtoni hartutako konpromisoak bete ditzala. Aintzat hartu behar da, dena den, JD Vance AEBetako presidenteordeak atzo adierazi zuela funtsek blokeatuta jarraituko dutela, «aurrerapauso gehiago» eman arte. Bitartean, Israelek urratu egin du, berriro, Hezbollah milizia xiitarekin aurreko ostiralean adostutako su etena, eta bi pertsona hil ditu tiroz Libano hegoaldean, ANN hango albiste agentziak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez. Hezbollahk esana dauka urraketei erantzungo diela.
Horren guztiaren harira, memorandum bat sinatu zuten Iranek eta AEBek lehengo astean, tregoa bat ezarri Ekialde Hurbilean —Libanon barne—, eta asteburuan bide orri bat zehaztu Suitzan, datozen bi hilabeteetan negoziatzen jarraitzeko. Horren berri eman zuten atzo bitartekariek, Pakistanek eta Qatarrek. Gharibabadiren hitzak jaso ditu gaur IRNA Irango berri agentziak, eta, haren esanetan, erdietsitako akordioak «oinarri gisa» hartuta, aurrerantzean aldeek edukiko dituzten negoziazioak «goi mailako batzorde batek» gainbegiratuko ditu; hau da, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak, Vancek, eta Pakistango eta Qatarko lehen ministroek, Shehbaz Sharifek eta Mohammed bin Abdulrahman Al Thanik, hurrenez hurren.
Irango Atzerri ministrordeak ez du zehaztu noiz batzartuko diren berriro. Jakinarazi du, hori bai, lau gai bereizi dituztela —zigorrak, programa nuklearra, berreraikuntza eta garapen ekonomikoa, eta negoziazioen jarraipena—, eta horietako bakoitza lantalde batek landuko duela.
Teheranek zehaztapen gehiago eman ditu, ordea, AEBak desblokeatzekoak diren funtsen inguruan. Irango Banku Zentraleko buru Abdolnaser Hemmatik esan duenez, 6.000 milioi dolar —5.250 milioi euro inguru— baliatuko dituzte «oinarrizko ondasunak eta sendagaiak» erosteko. Hori esan dio Tasnim berri agentziari, eta zera nabarmendu: «AEBetako produktuen prezioa eta kalitatea beste herrialdeetakoa baino egokiagoa bada, horiek beraiek eros ditzakegu». Beste 6.000 milioi dolarrekin ez dira mugatuko oinarrizko ondasunak erostera.
Hala ere, bi aldeek soka tenkatuta mantentzen dute. Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak gaur adierazi du Libanoko eta Irango auziak independenteak direla. «Libanoren gainean Libanoko Gobernuarekin eztabaidatuko dugu, zuzenean», esan du kazetarien aurrean, Abu Dhabira iritsi berritan. Araghtxik, berriz, Islamabaden egindako agerraldi batean adierazi du ez direla «AEBekin fio», bi aldiz eraso dietela-eta negoziatzen ari ziren bitartean. Hala ere, nabarmendu du «prest» daudela negoziatzen jarraitzeko eta «bakea» lortzeko.
IAEAren ikuskatzeak
Eta Ormuzko itsasartearen auziari dagokionez, Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi du gaur aurrerantzean ez dela blokeorik egongo; dena den, Truth Social sare sozialean idatzitako mezuan ez du horretarako bermerik plazaratu. Itsasarte hori berriro irekitzea jasotzen du memorandumak —Iranek blokeatu egin zuen otsailaren 28an, Israelek eta AEBek eraso egin ziotenean—.
Israelek buruaskia izan nahi du armagintzaren esparruan
Israelek ez du AEBen laguntza militarraren menpe egon nahi. Horregatik, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur adierazi du beren helburua dela arma esparruan independenteak izatea. Horren berri eman du lehen ministroaren bulegoak, ohar batean, eta azpimarratu AEBei eskerrak eman nahi dizkietela, baina beren «arma sistema propioa» eraikitzea dagokiela. Ekainaren 12an, Israel Katz Defentsa ministroak esan zuen Israelek «modu independente batean» egin beharko lukeela Iranen aurka.
Bestalde, ikusteko dago zer gertatuko den Vancek iragarritakoarekin; hau da, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren inspektoreen ikuskatzeekin. Suitzan atzo azpimarratu zuenez, Teheranek onartu du NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horretako inspektoreek atzera Irango instalazio nuklearrak gainbegiratzea —agentzia horrekin lankidetza eten zuen iazko ekainean Teheranek, AEBen eta Israelen erasoaldi bat pairatu ondoren—. Trumpen hitzetan, Iranek ikuskatzeak onartu ditu.
Iranek, baina, zehaztapen bat egin du gaur. Esmail Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur prentsaurreko batean adierazi du oraindik ez direla Rafael Grossi IAEAko zuzendari nagusiarekin harremanetan jarri, eta ez dagoela «inongo planik» gerrak hondatutako instalazio nuklearrak gainbegiratu ditzaten.
Eta Teheranek gogorarazi die AEBei «hitz egindakoaren eraginkortasuna» dagoela «obligazioak betetzearen menpe». Hori nabarmendu du Pezexkian presidenteak, X sare sozialean. Hain zuzen, Pakistanera joan da gaur, hango agintariekin negoziazioez hitz egiteko.