Olatz Urkia

Tiangong: Txina espazioan

2026ko azaroaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txinak beste urrats bat egin du espazio potentzia gisa sendotzeko bidean: asteazkenean hiru astronauta bidali zituen Tiangong espazio estaziora. Aste bat egingo dute espazioan. Gainera, hiru astronautetako bat pakistandarra izateak ere zeresan handia eman du: Muhammad Zeeshan Aliri Pakistaneko lehen astronauta bihurtzeko aukera eman dio Txinak aste honetan. Pakistani bere espazio programarako ateak irekiz, Txinaren eta Pakistanen arteko aliantza esparru berri batera zabaldu dute. Txinak ez du ezkutatzen nazioarteko ordena berri bat eraiki eta bere lekua handitu nahi duela, eta erakutsi du espazioan duen estrategia ez dela mugatzen Washingtonen eta Pekinen arteko lehiara, baizik eta nazioarteko lankidetza sare propioa ere eraiki nahi duela.

Orain, Pekinen anbizioa ez da Ilargira estatubatuarrak baino lehenago iristea edo espazio estazio propioa edukitzea. Beste herrialde batzuei lasterketa honetan bat egiteko aukera eman nahi die, Txina lider izango duen lankidetza esparru batean. Espazioan ere aliantzak eraikitzen dira, Lurrean bezala, eta Pekinek badaki eremu hori bere eragin geopolitikoa handitzeko beste leku bat dela.

Espazio potentzia izateko bidean

Txinako programa espaziala ez da berria, baina azken urteotan hartu du abiadura nabarmenena. 2003an Yang Liwei astronauta bidali zuten espaziora, eta hori egin zuen munduko hirugarren herrialdea bihurtu zen, Sobietar Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen ondoren.

Ordutik urrats gehiago etorri dira, gero eta sarriago: tripulaziorik gabeko misioak Ilargira, Ilargiko laginak lurrera ekartzea, Marte esploratzen hastea eta Tiangong bere espazio estazio propioa eraikitzea. Tiangong estazioa 2021ean hasi ziren orbitan jartzen, eta 2022rako osatua zuten. Bestalde, Change programaren bidez Txina Ilargia aztertzen ari da, eta bere helburua 2030erako astronautak Ilargira bidaltzea da.

(ID_16667309) CHINA SPACE PROGRAMS
Muhammad Zeeshan Ali (ezkerrean) bere espediziokideekin Jiuquanen, asteartean. ANDRES MARTINEZ CASARES / EFE

Eta helburuak ez dira Ilargian amaitzen, Tianwen1 misioarekin Martera iritsi da eta bere satelite bidezko nabigazio sistema propioa ere garatu du Asiako potentziak. Espazio azpiegiturak garatzen ari dira, hortaz; funtsezkoa da hori, ez bakarrik espazioa esploratzeko, baizik eta komunikazioetarako, eguraldiaren iragarpenetarako eta segurtasun nazionalerako ere bai. Espazioko egiturek eguneroko bizitzan duten garrantzia gero eta handiagoa da, eta erabilera zibilaren eta militarraren arteko muga ez da hain argia batzuetan. Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko etengabeko lehia horretan, hortaz, espazioak berebiziko garrantzia du.

Geopolitikaren beste frontea, espazioa

NASAren inguruan Artemis akordioen bidez erakunde eta herrialde ugari bildu diren moduan, Errusiarekin batera bultzatu duen International Lunar Research Station (ILRS) proiektura herrialde gehiago erakartzen ari da Txina. Bi ekimenak ez dira guztiz antzekoak, baina helburu bera dute: espazioan etorkizunean lankidetza sareak eta arauak beren ikuspegitik antolatu nahi izatea, hain zuzen ere.

Orain Pekinen anbizioa ez da Ilargira estatubatuarrak baino lehenago iritsi edo espazio estazio propioa edukitzea. Beste herrialde batzuei lasterketa honetan bat egiteko aukera eman nahi die, Txina lider izango duen lankidetza esparru batean.

Eta adituek hor kokatzen dute Pakistanen parte hartzea. 40 urteko Muhammad Zeeshan Ali pilotua prozesu zehatz bati jarraituta aukeratu dute, noski; hala ere, herrialde hartako astronauta bat aukeratu izana ere ez da kasualitatea. Txinak eta Pakistanek hamarkadetako harreman estrategikoa dute: militarra, teknologikoa eta ekonomikoa. Eta, India ere espazioko lasterketa horretan sartzen ari denean, Pakistanekin arlo horretan lankidetza handitzeak badu bere dimentsio politikoa.

India espazioko potentzia gisa sendotzen ari da, eta 2023an Chandrayaan-3 misioarekin Ilargiaren hego poloaren inguruan lurreratzea lortu zuen. Narendra Modik azken urteotan argi utzi du espazioan duela jarria arreta. Azkenaldian Indiak eta Txinak gerturatzeko hainbat saiakera egin dituzte, batez ere Trumpen gerra komertzialaren baitan. Washingtonek Indiari ezarritako muga zergek New Delhiri argi erakutsi diote AEBekiko harremana ez dela egonkorra, eta testuinguru horretan Narendra Modi eta Xi Jinping 2025eko abuztuan Tianjinen (Txinan) elkartu ziren zazpi urte bilkura ofizialik egin gabe pasatu ondoren. Ordutik, bi buruzagiek mugako tentsioak arindu dituzte, eta merkataritza harremanak normalizatzeko hainbat pauso eman; hala ere, Asiako bi herrialdeen arteko tentsioa ez da desagertu. Biak potentzia nuklearrak dira, eta 2020an Himalaiako mugan izandako liskar armatuek agerian utzi zuten haien arteko tentsioa.

Pakistan, berriz, Txinaren aliatu estrategiko gertukoena da eskualdean. Pekinek Islamabadi lagundu dio militarki eta ekonomikoki, besteak beste, Txinako eta Pakistango korridore ekonomikoaren bidez, eta bi herrialdeek eremuan Indiaren nagusitasunari aurre egin nahi diote. Indiak eta Pakistanek gatazka historikoa dute, batez ere Kaxmirren inguruan.

Datozen urteetan, Ilargia potentzien arteko lehia geopolitikoaren agertoki nagusietako bat bihur daiteke. Txinak 2030erako astronautak bidali nahi ditu bertara, eta Errusiarekin Ilargian ikerketa-espazio bat eraikitzeko proiektua lantzen ari da. AEBek, Artemis programaren bidez, espazioan lidergoari eutsi eta bere aliatu sare propioa osatzeko saiakera egingo dute. Ikusteko dago Indiaren gisako potentzia berriak ere noraino indartzen diren. Eta helburua ez da soilik Ilargiko baliabideak kontrolatzea —ura eta mineralak, besteak beste—, eremu berri horretako nazioarteko arauak nork jarriko dituen dago jokoan. Ikusteko dago hurrengo urteotan espazioa ordena berri baten isla bihurtzen den.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA