Katalunia. Politika orokorrari buruzko eztabaida

ANC: «2012an gertatu da 2013an egin nahi genuena; asko egin dugu aurrera»

Biltzar Nazional Katalaneko presidente Carme Forcadellen ustez, ez da erori behar «probokazioetan»

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Lehendik esana zuen, eta, Artur Masen Kataluniako politika orokorrari buruzko eztabaidako hitzaldiaren ostean, ANC Biltzar Nazional Katalanak berretsi egin du: Kataluniak legegintzaldi bakarrean lor dezake independentzia. «Bi legegintzaldi denbora gehiegi dira. Gure ustez, proiektu hau ezin da askorik atzeratu», erakunde horretako presidente Carme Forcadellen hitzetan.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegorako proposatu zuen estatu libre elkartuaren tankerako zerbait, ANCkoaren esanetan, ez da nahikoa. «Guk Europako estatu bat izan nahidugu, besteen pareko estatua. Gure ortzimuga erabateko subiranotasunarena da, ez genuke estatu elkartu bat onartuko».

Ibarretxek bezala, ANCk ere badu bere bide orria. Eta egunotako erabakiek eta proposamenek moldarazi egin dute orri hori. Datorren urtean independentziaren inguruko galdeketa bat egin nahi zuten, izan ere, udaletxeen bitartez, baina Gobernuak erreferenduma agindu du. «Asko aurreratu dugu. 2012an gertatu da 2013an egin nahi genuena».

Batasuna da, ANCkoaren aburuz, giltza. Eta lana. «ANCk segitu egingo du oraintxe bertan independentziaren alde ez daudenei Katalunia independentean beraiek ere tokia badutela azaltzen». Eta Gobernuari, besteak beste, nazioarteko eta ekonomia munduko babesa lortzea legokio.

Hitzak eta ekintzak

Bide horretan independentzia hitza erabili ala ez, ez da garrantzizkoena, Forcadellen ustez: « Berdin didate erabilitako hitzek ekintzek independentziarantz goazela erakusten baldin badidate».

Zenbait eragile politiko, ekonomiko, mediatiko, sozial eta militarren aldetik jasotzen ari diren aurkako mezuei buruz, ANCko presidenteak lasaitasunari eusteko deia egin du: «Inongo probokaziotan ez dugu erori behar. Katalanen alde goaz. Ez dugu inoren kontra borrokatu nahi, ez dugu inoren izena zikindu nahi».

Izen propioa araztea beste aukerarik ez dago, beraz. «Gehiengo soziala badaukagulakoan gaude, baina ez da berdina inkesta batean independentziaren alde bozkatuko zenukeela erantzutea eta, boza emateko orduan, izugarrizko presiopean, baiezko botoa ematea». Beldurraren argudioari aurre egiteko mekanismo ideologikoak indartzea ei da helburua.

Indartu bitartean, gaur arratsaldeko lauetarako kontzentrazio deialdia egin du ANCk, parlamentuatarian, irailaren 11ko manifestazio historikoan jendetzak eskatutakoa gogorarazteko. «Katalunia estatu bihurtzea, hori da helburu bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.