Erresuma Batuko Poliziaren hainbat auto iritsi dira gaur Sandringhamera (Ingalaterra), Andrew Mountbatten-Windsor Erresuma Batuko printze izandakoaren bizitokira. Charles III.a erregearen anaiak 66 urte bete ditu gaur, eta urtebetetzea ospatzen ari zela hartu dute atxilo. Tamesisen Haraneko Poliziak jakinarazi duenez, Mountbatten-Windsor ikertzen ari da kargu publikoan zegoela jokabide desegokia edukitzea leporatuta.
Elizabeth II.aren semea Jeffrey Epstein pederastarekin lotutako paperetan nahasita dago. Azken hilabeteetan, AEBetako Kongresuak sekretua kendu die Epstein auziarekin zerikusia duten dokumentuei, eta horietan Erresuma Batuko printze ohiaren inguruko informazioa ageri da. Paper horien artean agertu da, besteak beste, Andrew printzeak, Erresuma Batuaren merkataritza arloko mandatari berezi zenean, gobernuaren informazio ekonomiko konfidentziala igorri ziola Epsteini. Filtrazio horien harira, Poliziak ikerketa bat abiatu zuen.
Ikusi gehiago
Urrian, Andrew printzea Epstein auzian nahasita zegoela jakin zenean, Charles III.a erregeak printze titulua kendu zion anaiari, eta Windsor gaztelutik bota zuen. Ordutik, Sandringhamen bizi da. Erregea prest agertu da Poliziarekin elkarlanean aritzeko. Atxiloketaren ostean, ohar bat kaleratu du eta adierazi «erabat kezkatuta» dagoela anaiaren jokabideagatik. Horregatik, ikerketan laguntzeko prest dagoela ziurtatu du: «Legeak bere bidea egin behar du». Eta jakinarazi du ez duela auziaren inguruko azalpen gehiagorik emango ikerketa abian den bitartean.
Historia modernoan lehen aldiz atxilotu dute Erresuma Batuko errege familiako maila goreneko kide bat. Charles I.a erregea izan zen azkena, 1647an atxilotu zuten, Ingalaterrako Iraultzan. Traizioa leporatu zioten, eta bi urte geroago hil zuten; 1660ra arte errepublika egon zen Ingalaterran, Galesen, Irlandan eta Eskozian.
Informazio konfidentzialaren auziaz gainera, 2022an emakume batek printze ohia salatu zuen Epsteinekin hitzartutako sexu abusu bat egiteagatik, bera adingabea zela, baina judizioz kanpoko akordio bat lortu zuten. Gainera, printze ohia ataka estuan jarri duten hainbat mezu ageri dira Epsteinekin lotutako dokumentuetan: «Badut lagun bat, zeinarekin asko gustatuko litzaizukeen afaltzea», idatzi zion Epsteinek Andrew printzeari. Hura ezagutzeko «pozez zoratzen» zegoela erantzun zion hark. Argazkiak ere argitaratu dituzte azkenaldian. Haietako batean, emakume gazte baten gainean ageri da Erresuma Batuko erregearen anaia, eskua emakumearen sabelaldean daukala.
Krisialdia Downing Streeten
Atxiloketa izan baino ordu batzuk lehenago, BBC hedabidean ikerketa horren inguruan galdetu diote Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroari. Oraitarazi du «inor ez» dagoela legearen gainetik. Hain justu, Starmerren gobernua sinesgarritasun krisialdi batean murgilduta dago Epstein auziagatik. Printze ohiaz gainera, Peter Mandelson ageri baita dokumentu horietan, zeina Washingtongo enbaxadore izendatu zuen Starmerrek. Lehen ministroak irailean kendu zuen kargutik Mandelson, Epsteinekin trukatutako hainbat mezu elektroniko argitara atera ostean.
Hilabete honetan, are dokumentu gehiago kaleratu dituzte Mandelsoni buruzkoak, eta Starmerrek barkamena eskatu du harengan konfiantza izan zuelako. Epsteinentzat «intereseko informazio konfidentziala» helaraztea leporatzen diote enbaxadore ohiari ere.