Eskandalua boterearen armiarma sarean

Jeffrey Epsteinekin lotutako agiriek hautsak harrotu dituzte, luzea baita harekin lotura izan duten ospetsuen zerrenda. Mundu osoko hainbat politikari ageri dira bertan, besteak beste.

Donald Trump argazki batean, emakumez inguratuta, 'Epstein kasuan' argitaratu diren dokumentuetan. EFE
Donald Trump argazki batean, emakumez inguratuta, 'Epstein kasuan' argitaratu diren dokumentuetan. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan bolo-bolo ibili da Jeffrey Epsteinen izena. Adingabeen sexu trafikoan aritzeagatik epaitua izateko zain zegoela hil zen Epstein, 2019ko abuztuan, New Yorkeko espetxe batean. Autopsiaren arabera, bere buruaz beste egin zuen. Azken hilabeteetan, sekretua kendu diete Epstein auziari buruzko dokumentuei, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak Epsteinekin zerikusia zeukan lege proposamena onartu baitzuen azaroaren 18an.

Epstein 2008an sartu zuten sexu delituak egin dituztenen zerrendan. Argitaratu dituzten dokumentuak, ordea, 2005etik aurrerakoak dira, fiskaltzak orduan hasi baitzuen haren aurkako lehen ikerketa, Floridan adingabeei sexu abusuak egitea egotzita. Guztira, hiru milioi dokumentu inguru argitaratu dira. Epsteinek urteetan bidali eta jaso zituen mezuak ageri dira dokumentu horietan, eta hainbat ospetsuren izenak ageri dira bertan. Baina horrek ez du esan nahi agiri horietan agertzen den orok halako delituak egin dituenik. Auziak luze joko duela dirudi, baina hainbat politikari ikerketapean daude jada, eta beste batzuek behartuta aurkeztu dute dimisioa.  

1

Ameriketako Estatu Batuak

Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trump eta presidente izandako Bill Clinton (1993-2001) dira Epsteinen dokumentuetan ageri diren herrialde hartako politikari ezagunenak. Trump eta Epstein lagunak izan ziren, baina Etxe Zuriko maizterrak beti ukatu izan du Epsteini leporatzen zaizkion delituekin zerikusirik izatea. Haren izena, ordea, 38.000 alditan baino gehiagotan ageri da dokumentu horietan. Esanguratsuenetako bat 2011ko bat da; Epsteinek Ghislaine Maxwell orduko bere bikotekideari bidalitako mezu elektroniko bat da —Maxwell hogei urteko zigorra betetzen ari da 2021etik, Epsteinen konplize izateagatik—. «Nahi dut zu konturatzea zaunka egin ez duen zakur hori Trump dela... [Biktimak] orduak pasatu zituen harekin, nire etxean», dio mezuak.

Argitaratu dituzten argazkietako batzuetan, Clinton Epsteinen luxuzko etxean ageri da. Horietako batean jacuzzi batean ageri da, beste pertsona batekin. «Hogei urte baino gehiago dauzkaten nahi beste argazki argitara ditzakete, baina kontu honek ez du Bill Clintonekin zerikusirik», idatzi zuen Angel Ureña Clintonen bozeramaileak X sare sozialean. Horrekin lotuta, aste honetan jakinarazi dute AEBetako presidente izandakoak eta Hillary Clinton haren emazte eta AEBetako Estatu idazkari izandakoak deklaratu egingo dutela Kongresuak egindako ikerketa baten harira, errepublikanoek presioa egin ostean

Bill Clintonen argazki bat, Epsteinen paperetan agertutakoa. EFE
Bill Clintonen argazki bat, Epsteinen paperetan agertutakoa. EFE

Gutxienez, AEBetako beste bi politikari ageri dira dokumentu horietan: Robert F. Kennedy Jr. Osasun idazkari errepublikanoa eta George John Mitchell Jr. demokrata, senatari izandakoa (1989-1995).

2

Espainia

Argitaratutako dokumentuek erakusten dutenez, Epsteinek eta Espainiako presidente izandako Jose Maria Aznarrek (1996-2004) harremana izan zuten. Mezu elektronikoek, ordainketek eta batak besteari bidalitako paketeek hori frogatzen dute. 2003ko irailean, esaterako, Aznar oraindik Moncloan zegoela, Epsteinek eta Maxwellek pakete bat bidali zioten Aznarri: «Jose Maria Aznar eta Ana Aznar» zioen. Horrez gain, Epsteinek 1.050 dolar ordaindu zizkion — 890 euro inguru— gertukoa zuen bidaia agentzia bati, Aznarren izenean. Alejandro Agag Aznarren suhia ere ageri da agirietan. 

Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emeritua ere hainbat aldiz ageri da Epsteinen dokumentuetan. «Espainiako Juan Carlos erregearekin afalduko dut gaur, izugarria. Pepe Fanjulek lagunentzat antolatutako afaria», dio Epsteinek 2018ko irailaren 11n bidalitako mezu elektroniko batek.

3

Erresuma Batua

Erresuma Batuan ere jo du Epstein kasuak. Izan ere, azken asteetan hautsak harrotu ditu Andrew printzea eta Peter Mandelson laborista auziko dokumentuetan agertu izanak, eta biek pairatu dituzte ondorioak.

«Badut lagun bat, zeinarekin asko gustatuko litzaizukeen afaltzea», idatzi zion Epsteinek Andrew printzeari, mezu batean. Hura ezagutzeko «pozez zoratzen» legokeela erantzun zion hark. Gerora, emakume batek Epsteinekin hitzartutako sexu abusu bat egiteagatik salatu zuen, eta judizioz kanpoko akordio bat lortu zuten. Hori bakarrik ez, ataka estuan jarri duten argazkiak ere argitaratu dituzte azkenaldian. Horietako batean, emakume gazte baten gainean ageri da, eskua emakumearen sabelaldean daukala. Epsteinek eta Erresuma Batuko printzeak izan zuten erlazioaren lagin bat besterik ez da hori. Horregatik denagatik, iragan urrian erregetzarekin lotura daukaten tituluak kendu zizkioten.

Emakume baten oina, 'Lolita' nobelako esaldi bat bertan idatzita duela, dokumentuetatik ateratakoa. EFE
Emakume baten oina, 'Lolita' nobelako esaldi bat idatzia duela, Epsteinen dokumentuetatik ateratakoa. EFE

Mandelson hamabi urtez izan zen Alderdi Laboristako ordezkaria Komunen Ganberan, eta 2008ko finantza krisiaren ondoren Epsteinentzat «intereseko informazio konfidentziala» helaraztea leporatzen diote. Keir Starmer lehen ministroak AEBetarako enbaxadore izendatu zuen Washingtonen. Egunotan barkamena eskatu du Starmerrek: «Barkamena eskatzen dut Mandelsonen gezurrak sinetsi nituelako eta enbaxadore izendatu nuelako».

4

Norvegia

Norvegiako Poliziak ostegunean jakinarazi zuen ikerketa bat abiatu duela Thorbjorn Jaglanden lehen ministro (1996-1997) eta atzerri ministro (2000-2001) izandakoaren aurka. Epsteinekin iraganean izandako loturagatik ustelkeria kasu larrietan murgilduta egotea egotzi diote Alderdi Laboristako kideari. Bakearen Nobel saria ematen duen batzordeko presidente eta Europako Kontseiluko idazkari nagusi ere izan zen.

Halaber, Munduko Ekonomia Foroak ere ostegunean jakinarazi zuen ikerketa independente bat abiatu duela Borge Brende presidenteak Epsteinekin izandako erlazioa argitzeko. Ostegunean zabaldutako oharrak zehazten duenez, Brendek hiru negozio afari egin zituen Epsteinekin, eta posta elektroniko eta SMS bidez izan zuten harremana.

5

Besteak

Aipatutako herrialdeetako ordezkariez gain, mundu osoko beste zenbait politikari ere ageri dira Epsteinen dokumentuetan. Horietako bat da Miroslav Lajcak, Robert Fico Eslovakiako lehen ministroaren aholkularia, eta herrialdeko Atzerri ministro izandakoa (2009-2010 eta 2012-2020). Epsteinekin harremana izan zuela onartu du, baina ukatu egin du delituen berri izana edo horietan parte hartu izana. Hala ere, dimisioa aurkeztu du.

Ehud Bara Israelgo lehen ministro izandakoa ere (1999-2001) agiri horietan ageri da. Azken asteetan argitaratu diren mezu elektronikoek iradokitzen dute Epstein Baraken konfiantzazko finantza aholkularia izan zela, eta harremana izan zutela finantzaria 2008an kondenatu ostean.  

Kolonbian, berriz, Andres Pastrana herrialdeko presidente izandakoa (1998-2002) ageri da dokumentuetan. Mezuek erakusten dutenez, Pastranak harremana izan zuen Epsteinekin eta haren delituetan kolaboratu zuen Jean-Luc Brunel modelo frantsesen agentearekin — hark ere bere buruaz beste egin zuen kartzelan —.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.