Aragones ANCren Diadako manifestazioan izango da

Inbestidura dela eta, Espainiako Estatuari presio egitera bideratu dutela argudiatu du Kataluniako presidenteak. Europako Parlamentuan bildu dira gaur Yolanda Diaz eta Carles Puigdemont, eta «gatazka politikoa desblokeatu ahal izateko irtenbide demokratiko guztiak aztertzea» adostu dute.

Pere Aragones Kataluniako presidentea. QUIQUE GARCIA, EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Maddi Iztueta Olano
2023ko irailaren 4a
11:55
Entzun

Pere Aragones Kataluniako presidenteak TV3 telebistan jakinarazi duenez, ANCk Diadarako deitu duen manifestazioan parte hartzeko asmoa du. Iaz ez zen manifestazio horretan izan, «alderdi politikoen kontrakoa» zelako, eta «ez Espainiako Estatuaren aurkakoa». Kataluniako telebistan egin dioten elkarrizketan, Aragonesek argudiatu du aurten deialdiak bestelako norabide bat duela: «Uste dut aurten, inbestidura dela-eta, Espainiako Gobernuari presio egitera bideratu dutela, gure helburua zein den oroitaraziz: herrialdearen independentzia».

Aragonesek gaineratu du ERCk ez duela bere jokabidea aldatu azken urte honetan: «Lau urtez estatuaren aurrean bakarrik egon eta gero, pozten nau [Junts] batzea. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar handiagoa egin ahal izango dugu. Esan du, batzeaz gain, negoziatzeko gaitasuna areagotu egingo litzatekeela Kataluniako bi indar independentista nagusiak koordinatuko balira.

Diada Kataluniako aberriaren eguna Irailaren 11n ospatzen da, eta ANCren manifestazioa Bartzelonan egingo da. Lau zutabek osatuko dute. Justiziaren Hiritik, Proa Eskolatik, Santseko geltokitik eta Ogasuneko egoitzatik abiatuko dira, eta Espainia plazan elkartuko dira.

Manifestaziora deitzeko, ANCk salatu du «porrot» egin duela Espainiarekin elkarrizketa bat izateko saiakerak, eta herritarrak borroka egitera deitu ditu. Gainera, urtearen bigarren seihilekoan Europako Batasuneko presidentetza Espainiak izango duela baliatuz, auzia Europara eraman nahi du. «Garbi utzi nahi dugu hemen ez dela ezer amaitu: [2017ko] Urriaren 1ean bozkatu genuen independentzia nahi dugu».

Deialdian, ordea, alderdi independentistak ere gogoan izan ditu ANCk, eta Espainiarekin azken bi urteetan izandako negoziazioak ere jomugan izan ditu, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela esanez. «Alderdi independentistak ez direla ezer egiten ari ere salatzen dugu. Elkarrizketa mahaiak ez du ezertarako balio izan, eta berehala ekin behar da. Autonomismoaren amaiera eta independentziara eramango gaituen azken erasoaren hasiera exijitzen dugu.

Madrildik Bruselara, eta Kataluniara bueltan

Duela sei urte Kataluniatik Bruselara ihes egin zuenetik lehen aldiz, Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontekin bildu da gaur Espainiako Gobernuko ministro bat. Jardungo presidenteorde eta Lan ministro Yolanda Diaz elkartu da harekin, europarlamentuan (Brusela). Hiru orduko bilkuraren ostean, prentsa ohar bateratu bat zabaldu dute. Besteak beste, bi aldeek adostu dute «gatazka politikoa desblokeatu ahal izateko irtenbide demokratiko guztiak aztertzea». Han izan dira En Comu-Podemeko buru Jaume Asens eta eurodiputatu Antoni Comin ere.

Xehetasun askorik eman gabe, Sumarreko liderra «pozik» agertu da Puigdemontekin izandako elkarrizketaren ondoren. Are, ziurtatu du lehena izan arren, gaurkoa ez dela izango Kataluniako presidente ohiarekin elkartuko den azken aldia. Izan ere, prentsa oharrean adierazitakoaren arabera, zerbait komuna badute Sumarrek eta JxCk: «Politika elkarrizketaren eta printzipio demokratikoen bidez egin behar delako uste osoa».

Halere, ez Diazek, ez Puigdemontek ez dituzte zehaztu zein izango liratekeen gatazka desblokea ditzaketen «irtenbide demokratiko» horiek. Independentistek aurreratu dituzte zenbait eskakizun, hala nola Kataluniaren independentziaren inguruko erreferendum bat egitea eta amnistia aitortzea 2017ko erreferendumean parte hartu zuten eta ondorioz atxilotutakoei. Edonola ere, argi adierazi du Diazek: Sumarren izenean egin zuen bisita, eta, beraz, bileran hitz egindakoak «ez du inolako loturarik Sanchezen gobernuarekin».

Diazek esandakoa berretsi du PSOEk. Atzo gauean izan zuten Bruselako hitzorduaren berri, bilera egin baino ordu gutxi lehenago. Halere, «irtenbide demokratiko» posible horiek aipatu ditu Sanchezek goizean Madrilgo Ateneoan egindako konferentzian. Jardungo presidenteak esan du «ateak irekiak» dituela 2017ko erreferendumaren harira auzipetutakoen «amnistia» bat edo «zigorren arintze bat» onartzeko. Neurri horiek «erabat konstituzionalak» badira, betiere. «Ezin ditugu iraganeko hutsak egin berriro. Politikaren abagunea da: lehengoa atzean uzteko, lehengo hutsegiteetatik ikasteko eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bati begira jartzeko abagunea». Hain justu, Puigdemontek bihar aurkeztuko ditu JxCk Sanchezen inbestiduraren alde egiteko baldintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.