Arazo tekniko batek eta ondorengo giza hutsegiteek eragin zuten Espainiako tren istripua

Hori adierazten duten audio batzuk kaleratu dituzte hedabideek. Jada 69 dira hildakoak. Giza hutsegiteak gertatzeko arriskua «arinduko» luketen neurri teknikoak hartzeko eskatu zuen Tren Istripuak Ikertzeko Espainiako Batzordeak duela bi urte.

Erreskate taldeak lanean gaur Urdan, istripua gertatu zen lekuan. J. J. GUILLEN / EFE
Erreskate taldeak lanean gaur Urdan, istripua gertatu zen lekuan. J. J. GUILLEN / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urriaren 29a
11:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oscar Puente Espainiako Garraio ministroarentzat «esplikaezina» da Adifeko kontrolguneko behargin batek hartutako erabakia: jakin arren Iryo enpresako tren bat geldi zegoela arazo tekniko bat zela medio, 25 kilometro ingurura atzetik zetorren AVE trenari agindu zion segi zezala ohiko abiaduran; hau da, ez zedila joan, protokoloak halakoetarako zehaztua bezala, orduko 40 kilometroko abiaduran gehienez. Hamazazpi minutu geroago, AVEak Iryo trena jo zuen atzetik. Espainiako zenbait hedabidek argitara atera dituzte Adifeko teknikari batek AVEaren makinistarekin eta Iryo trenaren makinistarekin 20 minutu inguruko tartean edukitako elkarrizketak —audioak dira—, eta erakusten dute arazo teknikoek eta ondorengo giza hutsegiteek eragin dutela mende honetan Europan gertatu diren tren istripu larrienetako bat: jada 69 dira Urdan (Gaztela-Mantxa) hildakoak, eta 32 bidaiari ospitaleratuta daude oraindik.

Kazetarien aurrean adierazpen horiek egin zituenean, atzo 15:00ak aldera —istripua 09:00ak inguruan gertatu zen—, Puentek nabarmendu nahi izan zuen ez ziola erantzukizuna inori «egotzi» nahi, «egiaztatutako gertakariak» kontatzen ari zela. Istripua izan eta gutxira, hainbat hedabide hasi ziren kaleratzen, gobernuko iturriak aipatuz, Madrilgo Atochako Adifen —trenbide zerbitzuak kudeatzeko enpresa publikoaren—  kontrolguneko behargin batek agindu ziola Renfeko trenaren makinistari aurrera segitzeko, Iryoren trena aurrerago bidea oztopatzen egonagatik. Bien bitartean, erreskate taldeak lanean ari dira gorpuak eta gorpuzkinak erreskatatzeko.

Guardia Zibilak eta Tren Istripuak Ikertzeko Espainiako Batzordeak Adifen kontrolguneko teknikari hori galdekatu zuten atzo, eta, hain justu, ikerketaren hipotesi nagusia hori da: arazo tekniko bat egon zela, eta ondoren teknikari batek hutsegite batzuk egin zituela. 

Hedabideek kaleratu dituzten audioak aintzat hartuta, azpiegitura arazoak 08:30 inguruan hasi ziren, LZB sistemak funtzionatzeari utzi zionean. Trafikoa ordenatzeko segurtasun protokolo bat da LZB, 1992an instalatua, Madril-Sevilla abiadura handiko trenaren linea inauguratu zutenean. Dena den, hori aldatzeko eta ERTMS Trenbideko Trafikoa Kudeatzeko Europako Sistema ezartzeko trantsizioan daude.

Sistema horiek behar bezala funtzionatzen badute, tren batek ez luke beste bat atzetik jo beharko. Funtzionatzeari uzten diotenean, kontrolguneari dagokio trafikoa ordenatzea. Hedabide batzuek adituen hitzak aipatuz kaleratu dutenez, ez da ohikoa LZB sistema bertan behera geratzea, baina gerta daiteke, eta horri aurre egiteko protokoloak dituzte kontrolguneek. 

Hain justu, giza hutsegiteak izateko arriskua «arinduko» luketen neurri teknikoak eskatu zituen Tren Istripuak Ikertzeko Espainiako Batzordeak, duela bi urte, txosten batean. Horren berri eman du Ser irrati kateak.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo nabarmendu zuen ez dela «onargarria» Espainian urte berean gisa horretako bi istripu izatea abiadura handiko trenaren linean —urtarrilean 46 pertsona hil ziren errail baten hausturak eragindako istripu batean—. Cecopi Koordinazio Zentro Operatibo Integratuaren bilera batean arte hartu du gaur Urdan, eta ondoren iragarri du segurtasuna indartuko dutela gisa horretako istripurik izan ez dadin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA