Urtebete eskasean bi istripu oso larri gertatu dira Espainiako abiadura handiko tren sarean. Atzo Toledon izan zen talkaren ostean, giza huts bati egotzi diote gertatutakoaren erantzukizuna Espainiako Gobernuko Garraio ministro Oscar Puentek eta iturri ofizialek. Pedro Sanchez presidenteak, baina, zentzu handia duen adierazpen bat egin du: «Espainiarentzat ez da onargarria urte bakar batean halako bi tren istripu izatea». Hauteskunde lehia betean egindako adierazpena da Sanchezena, zeren hortik ondorioztatu behar da egoerari irtenbidea emateko moduren bat eskaini behar duela. Baina hor hasten da kontua. Irtenbidea oso zaila da.
Zintzoak izanda, inork ezin du baztertu antzeko gertaera gehiago izatea hurrengo hilabete eta urteetan. Izan ere, edonork egin dezakeen giza huts bat dela kontuan izanik, segurtasun sistemak zorrotzago eta automatizatuago jokatu beharko luke halako arriskua duen garraio sare batean. Eta hori bermatzeko ezintasuna erakusten ari da Espainia.
Espainiako hauteskundeen atarian, bakoitzak bere aldera eraman nahiko du arrantzaldirik oparoena, baina estatuan eta Hego Euskal Herrian AHTa egiteko egon den sukar horren ondorioak mahai gainean dira. Zeren eraikitzea, eraikitzea eta eraikitzea izan baita gobernuen apustua, PSOE izan zein PP izan... Euskal Herrian izan direnen apustua ere horixe bera izan da, EAJ, PSE-EE, PSN edo UPN izan...
Eraikuntza enpresen eta bankuen interesekin batera eratu da Europako AHT sarerik handiena Espainiako Estatuan, eta, Txinaren atzetik, munduko handienetan bigarrena da. 60.000 milioi euroko inbertsio publikoa egin da sare horren eraikuntzan azken hamarkadetan, eta orain agerian geratzen ari da ez dela nahiko baliabide jartzen ari haren mantenurako eta segurtasunerako. Eta hor, konparazioak egin daitezke herrialde batzuek eta besteek egiten dituzten inbertsioen artean. Batzuk ari dira egiten. Frantziak 3.500 milioi euro jartzen ditu urtero 2.800 kilometroko AHT sarea mantentzeko. Espainiak, berriz, mila milioi euro inguru 4.000 kilometroko sarerako.
Gainera, kontuan eduki behar da tren horien erabilera ez dela Txina, Japonia edo Frantziakoaren itzalera ere iristen, hamar aldiz txikiagoa baita, batez beste, Espainiako Estatuko AHTaren erabiltzaile kopurua.
Ondorioa nahikoa agerikoa da. AHT sarea handia geratu zaio Espainiari. Hego Euskal Herrian sare operatiborik ez dago oraindik, baina Madrilgo eredu bera kopiatu dugu, eta ez dago arrazoi askorik pentsatzeko gauzak oso ezberdinak izango direla hemen AHT zerbitzua martxan jartzen denean.
Beraz, ordu tragikoetan, minaren eta ezinaren orduan, gauza asko bota daitezke elkarren gainera, baina, izan, larria da egoera, eta hori badakite agintea jokoan duten guztiek ere. Espainiari handiegi geratu zaio sortu duen sarea, eta hartan harrapatuta dago, askatu ezin duen korapilo batean harrapatuta.