50 urte bete dira gaur Argentinako diktadura (1976-1983) abiarazi zuen estatu kolpea jo zutenetik. Mundu zabalean diktadura baten ondoren izandako berreraikitze prozesu guztietan, enblematikoenetako bat da Argentinakoa. Nahiz eta Javier Mileiren gobernua finantzaketa kentzen ari zaien desagertuak bilatzeko estatu programei eta presidenteak berak esaten duen datuek islatzen duten baino desagertu gutxiago daudela, Argentinako gizartearen parte handi batek gertatutakoa gaitzetsi du berrogei urteotan, eta memoria lantzeko bide bati ekin, askotariko dokumentuak oinarritzat hartuta; gaur egun, gainera, bide horretan aurrera ari dira oraindik ere.
Nahiz eta negazionistak agintean egotea ez den batere lagungarria justizia lortzeko lanean jo eta ke ari diren kolektiboentzat, egungoa ez da jardun horren kontrako politikak ezarri dituzten lehen aldia; are, ustekabeko eragozpen horiek askotan aukera eman dute aurretik irudikatu ere egin gabeko mekanismoak martxan jartzeko. Maiatzeko Plazako Amen itzuliak dira horren adibiderik ezagunena: emakume horiek Maiatzeko plazara atera zirenean seme-alabak itzul ziezazkietela eskatzeko, diktadura garaiko poliziek agindu zieten ez egoteko hantxe geldirik. «Mugi zaitezte», esan zieten, eta, agindu hari erantzunez, Maiatzeko Piramidearen inguruan itzulika hasi ziren; bada, halaxe egiten dute protesta gaur egun ere.
Carlos Menem presidente izan zan garaian, indultua eman zieten zenbait genozidari, eta zenbait kolektibok irudimena erabili behar izan zuten genozidioan parte hartutako horiek ez zitezen zigorrik gabe gelditu. Hala, escrache-ak sortu ziren, baita egia argitzeko epaiketak abiatu ere. Escrache-en bidez, herritarrei erakutsi nahi izan zieten ondo-ondoan zituzten bizilagunetako batzuk genozidak zirela. Bestalde, egia argitzeko epaiketak ondorio penalik gabeko prozedurak izan ziren, hemezortzi urte iraun zuten denera, eta martxan jarri zituzten, hain zuzen, epe hartan ez zegoelako modurik zigor auzibiderik hasteko gizadiaren aurkako krimenen erantzuleen kontra, inpunitatea bermatua baitzuten Beharrezko Obedientziaren Legearen, Puntu eta Amaierako Legearen eta Indultu Legearen bidez. Bada, egia argitzeko epaiketa horietan, frogak eta testigantzak bilduz joan ziren, eta, gerora, aipatutako lege horiek baliogabetu ondoren, genozidak epaitzeko baliatu ahal izan zituzten.
Alde horretatik, nahiz eta Maiatzeko Plazako Amak, Amonak, Senideak eta Seme-alabak izan ziren memoriaren, egiaren eta justiziaren aldeko prozesuaren motorra, poliki-poliki gizarte osoak hartu zituen bere gain prozesu horren ondorioak. Gainera, memoriaren aldeko pedagogia lanari esker, modua egin zuten zuzeneko biktimen multzoa baino askoz zabalagoa zen gehiengo soziala interpelatzeko, eta askotariko esparruetako jendez osatutako gehiengo horrek hartu zuen justizia lortzeko ardura.

Preseski, horretarako bereziki garrantzitsua izan zen zenbaitek dokumentuak, paperak eta argazkiak gorde izana, edo, besterik gabe, jendearen izenak, datak eta leku izenak apuntatu izana, behin baino gehiagotan arrasto horiek eman baitzuten modua, bizirik iraundakoen testigantzekin batera, argitzeko zer gertatu zitzaien biktima batzuei bahituak izan ondoren, jakiteko bahituei kendutako haurrak nora eramanak zituzten, eta zehazteko biktimarioak nor ziren. Zenbaitetan, hasieran artxibo pertsonaletan bilduak zeuden dokumentu horietako batzuk funts dokumental zabalagoen parte dira orain, eta instituzio batzuek hartua dute beren gain haiek zaintzeko, digitalizatzeko eta hedatzeko lana.
Horren adibide da, batetik, Buenos Airesko Probintziako Poliziaren Inteligentzia Zuzendaritzako (DIPPBA) artxiboa, zeina, estatu terrorismoaren funtsezko elementua ez ezik, gerora Memoriaren Probintzia Batzordea eratzeko pizgarria ere izan baitzen. Bestetik, La Retaguardia ere aipatu beharra dago, gizadiaren aurkako delituekin lotutako epaiketetan espezializatutako hedabide bat, hogei urte daramatzana prozesu judizialak erregistratzen eta haien berri zuzenean ematen.
«Azkenaldian artxibo pertsonal gehiago jaso ditugu, batez ere emakumeenak: amenak, amonenak eta ahizpenak, besteak beste»
JULIETA SAHADE Memoriaren Probintzia Batzordearen artxiboko zuzendaria
«Oraindik ere materiala jasotzen dugu», kontatu du Julieta Sahadek, Memoriaren Probintzia Batzordearen artxiboa kudeatzeko eta zaintzeko programako zuzendariak. «Azkenaldian artxibo pertsonal gehiago jaso ditugu, batez ere emakumeenak: amenak, amonenak eta ahizpenak, besteak beste», gehitu du Sahadek, eta adierazi gertatutakoari buruzko memoria idazten ari direla oraindik, eta prozesu horretan emakumeek oinarrizko zeregina izan dutela eta badutela oraindik ere. «Ohituta geunden estatuko funtsekin lan egitera, hala nola DIPPBAkoarekin; iturri horiek delitu egileen berri ematen dute batez ere. Biktimek emandako artxiboek, ordea, dokumentuak beste era batera aztertzera bultzatu gintuzten, eta, hala, asko ikasi genuen emakume horien sentsibilitateaz».
Izan ere, DIPPBAren funtsak, «delitu egileen ikuspegia islatzeaz gain, agerian uzten du nola aritzen ziren gizarteari adi erreparatzen eta hura zelatatzen, eta arretaguneen berri ere ematen du», azaldu du Sahadek. La Retaguardia-ren erregistroak ere argi utzi du zenbaterainokoa zen errepresioa. Izan ere, hedabide horrek urte horietako kronika eta kontakizun batzuk bildu ditu liburu batean, eta azken egunotan argitaratu: 50 historias de juicios por la dictadura argentina (Argentinako diktaduraren inguruko epaiketen 50 istorio).
Erreparazioa lortzeko bidean
Fernando Tebele da hedabide autogestionatu horren fundatzailea, eta azaldu du eskuin muturrak gora egin badu ere epaiketak «normal-normal» egiten direla oraindik ere: «Ahozko hamar epaiketa publiko aurrera doaz oraindik; hogei urtez aritu dira epaiketak egiten, eta 1.208 pertsona kondenatu dituzte orain arte, nahiz eta 84 bakarrik dauden kartzelan». Hala ere, eta egin litezkeen kritika guztiak gorabehera, «epaiketa horiek historikoak dira, ez bakarrik bide ematen dutelako estatuak berak epaitu dezan gizadiaren aurkako krimenetan izan zuen erantzukizuna, baizik eta baita biktimei nolabaiteko erreparazioa ematen dietelako ere, eta lagundu egiten dietelako luze iraun duen delitu batek eragindako min etengabea arintzen, desagerpen behartuek eragindakoa, esaterako».
«Epaiketa historikoak dira, ez bakarrik bide ematen dutelako estatuak berak epaitu dezan gizadiaren aurkako krimenetan izan zuen erantzukizuna, baizik eta baita biktimei nolabaiteko erreparazioa ematen dietelako ere»
FERNANDO TEBELE 'La Retaguardia' hedabidearen fundatzailea
Erreparazioa lortzeko bidean, hain zuzen ere, duela egun batzuk Auzitegi Antropologiako Argentinako Taldeak jakinarazi zuen identifikatu egin zituztela La Perla espetxe klandestinoa izandakoan (Cordoba, Argentina) desagertutako hamabi pertsona. Taldea senideekin harremanetan jarri ahala, desagertutakoen aurpegiek eta istorioek sareak bete zituzten, eta ohi bezalaxeko harridura eragin, gogora ekarri baitzuten oraindik ere ez zaiola utzi historia idazteari, nahiz eta batzuk hura ukatzen tematzen diren. Mario Alberto Nivolirena izan zen hamabi gorpuzkietatik lehenbizi identifikatu zutena, eta haren alaba Maria Soledadek inork baino hobeto deskribatu zuen diktadurak gaur arte utzitako arrastoa: «Justizia egin den sentipen ikaragarria pizten du honek. Jada ez naiz desagertu baten alaba».