Azken hiru hilabeteetan, Kaukason dagoen hiru milioi biztanle eskaseko herrialde txiki bat, Armenia, Errusiaren eta Europako Batasunaren jomuga nagusi bihurtu da bien arteko lehia geopolitikoan. Nazioarteko hedabide gehienek ikuspegi horretatik heldu zieten ekainaren 7an Armenian egindako hauteskunde nagusiei —Europaren aldeko lehen ministro Nikol Paxinianek irabazi zituen berriz—, baina beste kontu batek kezkatzen ditu herritarrak gero eta gehiago: gobernua gero eta jarrera autoritarioagoa hartzen ari dela. Azken urtean, oposizioko hiru lider nagusiak atxilotu dituzte, baita gobernua kritikatu izan duten beste batzuk ere, hala nola Bagrat Galstanian artzapezpikua, 2024az geroztik ari baita Paxinianen dimisioa eskatzen.
«2018ko hauteskundeak irabazi ostean, Paxinianek irekiera demokratikoa sustatu zuen boterean emandako lehen urteetan. Arazoak 2021ean hasi ziren, lehen protestak egin zituztenean Paxinianen dimisioa eskatzeko», azaldu du Benjamin Poghosian APRI think tank-eko ikertzaileak. Armeniaren porrot militarraren ondorioz piztu ziren protestak. Izan ere, armeniarrak eta azeriarrak borrokan aritu ziren hamaikagarrenez Karabakh Garaia eskuratzeko —Armeniak Azerbaijanen zeukan barrendegi bat izana zen, baina 1992az geroztik independentea zen de facto—. Sei astez borrokan aritu eta gero, Paxinianek akordio bat sinatu zuen 2020an, eta Karabakheko lurraren parte handi bat eman zion Azerbaijani. Akordio hori Armeniaren porrotaren atarikoa izan zen, baita 2023an armeniarren aurka abiatu zuten garbiketa etnikoarena ere.
Lurralde hori Armeniako kulturaren gune garrantzitsua izan da mila urte baino gehiago, eta Karabakheko ia 120.000 biztanleek Paxinian jotzen dute beren lurra galdu izanaren erruduntzat. «Paxinianek badaki ez genukeela haren alde bozkatuko. Horregatik ez digu utzi bozetan parte hartzen. Armeniako pasaportea izan dugu beti, baina orain botoa ematea galarazten digute Karabakh Garaiko posta kodea dugun guztioi», azaldu du familiarekin batera hiriburuan kokatutako errefuxiatu batek, Arturrek.
Hauteskundeen aurreko ebaluazioan, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen mendeko Hauteskundeak Ikuskatzeko Misioak ontzat jo zituen, oro har, Armeniako hauteskundeak, nahiz eta ohartarazi zuen kexu asko izan zirela, botoak erosi zirelakoan eta gobernuaren eta oposizioaren arteko lehia «bidezkoa» izan ez zelakoan. Misiokoek adierazi zutenez, prozesuaren alderdi batzuk ez ziren guztiz gardenak izan, eta funtzionarioak estutu egin zituzten Kontratu Zibilak alderdiaren hauteskunde kanpainako ekitaldietara joan zitezen —Paxinianen alderdia da, eta 2018tik dago agintean—.
Baina are eztabaidagarriagoa izan zen Hauteskunde Batzorde Zentralak gatazkaren ondoren egindakoa. «Paxinianek irabazi zituen hauteskundeak, eta haren alderdi Kontratu Zibilak bildu zuen boto gehien, ez dago zalantzarik. Baina emaitzak manipulatu zituzten bozkaleku ugaritako botoak baliogabetuta, Paxinianek gehiengo indartua lor zezan», salatu du Poghosianek.
«Paxinianek badaki ez genukeela haren alde bozkatuko. Horregatik ez digu utzi bozetan parte hartzen»
ARTURÂ Karabakh Garaiko errefuxiatua
Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabaki polemiko horren ondorioz, Armenia Oparoa alderdia %4ko mugaren azpitik geratu zen boto gutxi batzuengatik; muga hori da, hain justu, Armeniako legediak ezartzen duen gutxienekoa Parlamentuan parte hartzeko. Hala, Kontratu Zibilak beste hiru diputatu lortu eta 64ra iritsi zen; hau da, aulkien %60 baino gehiago eskuratu zituen. Gehiengo indartu hori behar da, Konstituzioaren arabera, instituzio garrantzitsuetako kargudunak izendatzeko —Auzitegi Konstituzionalean eta Hauteskunde Batzorde Zentralean, adibidez— eta lege konstituzionalak deiturikoak onartzeko —hots, herrialde askotako lege organikoen baliokideak—. Oposizioa beldur da Paxinianek ez ote duen gehiengo hori baliatuko bere joera autoritarioa indartzeko.
Baina badirudi Europako Batasuna ez dagoela kezkatuta gai horretaz. Are, Armeniako hauteskundeen ostean, Batzordeko buru Ursula von der Leyen pozik azaldu zen, emaitzek «are gehiago hurbildu» baitzuten Armenia Europako Batasunera. EBren Erevango enbaxadore Vasilis Maragos urrutiago joan zen, eta adierazi prozesu demokratikoa «aurrera» doala «arazorik gabe».
Moskuren jarrera
Karabakh Garaiak 1990eko hamarkadaren hasieran independentzia lortu zuenetik, hango gatazkak baldintzatu egin du Armeniako politika, baita kanpora begira Armeniak emandako irudia ere. Paxinian Europaren alde berriki lerratu izana ezin da ulertu Moskuren traizioari erreparatu gabe. Mosku Armeniaren aliatua izan zen luzaro, baina ez zuen ezertxo ere egin 2023an Armeniaren porrota galarazteko. Gobernuaren aldeko Orbeli fundazioko aditu Johnny Melikianen ustez, gobernuaren benetako helburua zera da, bere kanpo politika berriz orekatzea posizio «neutrala» hartzeko Errusiaren eta Mendebaldearen artean. Moskuk, baina, bere eraginpean eutsi nahi dio Erevani, eta, hura estutzeko, Errusiara sartzeko debekua ezarri die Armeniako produktu ugariri.
«Nahiz eta interesa izan mugak berriz irekitzeko, Turkiak ez du halakorik egingo Bakuren baimenik izan ezean»
JOHNNY MELIKIANÂ Orbeli fundazioko aditua
Kanpo politikari dagokionez, Paxinianen proiektuaren xedeetako bat Armenia Kaukasoko logistika gune bihurtzea da, baina horretarako bakea sinatu behar du Azerbaijanekin, eta Turkiarekin harremanak behin betiko hobetu, tirabiratsuak izan baitira I. Mundu Gerran Otomandar Inperioak armeniarrak sarraskitu zituenetik. «Turkiak Azerbaijan lehenbizi ideian oinarritutako politikari eusten dio; hortaz, nahiz eta interesa izan mugak berriz irekitzeko, ez du halakorik egingo Bakuren baimenik izan ezean», azaldu du Melikianek. Ankara eta Baku aliatuak dira ez bakarrik interes geopolitikoengatik, baizik eta baita biek kultura turkofonoa dutelako ere.
Erevanen gero eta herritar gehiagok uste dute Azerbaijango presidente Ilham Aliyev diktadoreak ez duela benetan bakerik nahi, bultzada ekonomikoa emango liokeelako Armeniari. «Bake akordioa sinatu genuen, baina ez dute berretsi. Beti dituzte eskakizun gehiago», esan du Melikianek. «Nolanahi ere, Paxinianek ez dauka beste aukerarik. Beste gerra bat ez piztea da lehentasuna», azaldu du diplomazialari ohi batek. Hauxe da Bakuren exijentzietako bat: zuzenketa bat aplikatzea Konstituzioan eta sinbolo nazionaletan, Karabakh Garaiari buruzko edozein aipamen desagerrarazteko. Azerbaijanen eskaerei men egite horrek, baina, armeniar batzuen arbuioa piztu du, eta, ondorioz, Paxinianek are gehiago gogortu du bere joera autoritarioa.