PSOEk erronka bat du azaroaren 29an. Arnasa bila aurreratu zituen Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko presidenteak Gorteetarako hauteskundeak. Ceutako krisiak, eskuin muturraren gorakadak eta ustelkeria kasuek estu hartua zuten gobernua, eta etxebizitzaren auziak eman zion azken kolpea. Mobilizazioek eta kanpaldiek agerian utzi zuten herritarren kezka nagusietako bat hori zela; eta gobernuak, berriz, argi utzi zuen arazo horri erantzuteko gaitasunik ez zuela, ez behintzat kongresuan zuen babesarekin.
Oriol Bartomeus Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Zientzia Politiko eta Sozialen Institutuko politologoaren ustez, Gorteak desegitea ez zen erabaki estrategikoa izan: «Behartuta hartu zuen gobernuak; ez zuen arnasarik». Hala, nabarmendu du JxC Junts Per Catalunyak etxebizitzaren dekretuen aurka egin zuenean Sanchezek ez zuela beste aukerarik izan. Eta, hori azaltzeko, PSOEk parlamentuan zuen babes «ahula» eta oposizioak legealdi osoan jarritako «oztopo latzak» aipatu ditu Jaime Ferri Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko politologoak.
Dena den, hauteskundeetara deitzeko unea aukeratzean urri hasieran «itxaropen leiho bat» ere ikusi zuela uste du Ferrik. Izan ere, gobernua erorarazi zuen auzi bera baliatu nahi du PSOEk bere indarra berritzeko, eta etxebizitza hartu du hauteskunde programaren ardatz nagusitzat. Hala, alokairuen iraupena luzatzea, BPG barne produktu gordinaren %1 etxebizitza eskuragarrira bideratzea eta etxebizitza oinarrizko eskubide gisa aitortzeko konstituzioa aldatzea dira sozialisten egitarauaren proposamen nagusietako batzuk.
Bartomeusen arabera, sozialistek, «etxebizitzaren auzia hartuz, herritarren kezka nagusietako bati heldu nahi diote, eta, aldi berean, hauteskundeen eztabaida beren intereseko eremu batera eraman». Iruditzen zaio sozialistek «ezkerraren eta eskuinaren arteko lehia klasikoa» planteatu nahi dutela: alde batean, botere ekonomikoak eta boteretsuak; eta bestean, herritarrak eta haien interesak. PP, aldiz, Sanchezen gobernuaren aurkako diskurtsoa hauspotzen ari da, presidentea Moncloatik ateratzea helburu.
«Etxebizitzaren auzia hartuz, herritarren kezka nagusietako bati heldu nahi diote, eta, aldi berean, hauteskundeen eztabaida beren intereseko eremu batera eraman»
ORIOL BARTOMEUSPolitologoa
Bi legealdien zama
PSOEk agintean zortzi urte pasatu izanaren zama darama gainean. Sanchezen gobernuak hainbat krisiri egin behar izan die aurre: Ceutako krisia, ustelkeria auziak eta tren istripuak, besteak beste, eta horiek auzitan jarri dute haren kudeaketa.
Ferriren ustez, «PSOEk baditu kritikatzeko moduko jardunak»; bereziki, krisien erantzunari eta negoziazio politikoetako jarrerari dagokionez. Haren iritziz, Sanchezek eta haren gobernuak prestasun handiagoa erakutsi behar zuten oposizioarekin eta inbestidura ahalbidetu zuten kideekin hitz egiteko: «Etengabe negoziatzeko egitura egonkorrak sortu behar zituzten».
Hala ere, bi adituen arabera, gobernuaren jardunak ez ditu azalduko hauteskundeetako boto aukera guztiak. Bartomeusek adierazi duenez, inkestek erakusten dute Urdako tren istripuak eta azaroaren 11ko etxebizitzaren aldeko greba orokorrak ez dutela boto asmoan «eragin nabarmenik» izan. «Politika egiteko modua aldatu egin da», eta bestelako elementu batzuek pisua hartu dute.
«Hiperlidergoa»
Politika egiteko modu berri horretan liderren protagonismo handiagoa dagoela azaldu du ikerlariak; eta PSOE bada horren adibide argia. Sanchez alderdiaren estrategiaren erdigunean dago, eta PSOEk gero eta gehiago pertsonalizatu du bere kanpaina: «Presidenteak ez du oposizio nabarmenik alderdiaren barruan, eta lidergoa bereganatu du», adierazi du Bartomeusek. Ferrik ere haren «hiperlidergoa» nabarmendu du. Haren esanetan, «Sanchez, PSOEren aurpegia ez ezik, alderdiaren biziraupen politikoaren ikur ere bihurtu da».
«Sanchez, PSOEren aurpegia ez ezik, alderdiaren biziraupen politikoaren ikur ere bihurtu da»
JAIME FERRIPolitologoa
Biziraupen irudi horrek, ordea, eskuin muturraren gorakadari eta polarizazioari egin beharko dio aurre oraingoan. Egoera horretan PSOEk dituen oztopoez galdetuta, Ferrik ohartarazi du eskuin muturraren diskurtsoaren normalizazioa mehatxua dela, eta Bartomeusek, bestalde, informazioa jasotzeko moduek gero eta errealitate politiko bereiziagoak sortzen dituztela: «Erdizka emandako informazioz betetako mundu batean bizirauten saiatzen da politika».
Dena den, Ferrirentzat eskuin muturraren gorakadak kontrako erreakzioa ere eragin dezake, eta orain arte mobilizatu gabe zeuden hautesleak PSOEren alde bozkatzera bultzatu.
Gehiengoa ehuntzea
Inkestek, oraingoz, lehia irekia erakusten dute. Bartomeusen arabera, PPk abantaila txikia du, baina PSOEren aldeko boto asmoak gora egin du hauteskundeetara deitu zutenetik, eta bi jokaleku nagusi aipatu ditu sozialistentzat: PPk eta Voxek gehiengoa lortzea, PSOE alderdi bozkatuena izan arren; edo aurreko legealdikoaren antzeko gehiengo bat osatzea. Bigarren aukera hori urrunago ikusten du.
Izan ere, bi ikerlarien ustez hauxe da sozialisten erronka: botoak lortzeaz gain, gobernua osatzeko gehiengoa berriro lortu behar izatea. 2023ko hauteskundeetan, PSOE bigarren indarra izan zen, 121 diputatu eskuratuta, PPren 137 eserlekuen atzetik. Baina PPk eta Voxek ez zuten gehiengo osoa lortu, eta Sanchezek Sumarrekin batera gobernua osatzeko beharrezko babesa bildu zuen ERCren, JxCren, EH Bilduren, EAJren, BNGren eta Koalizio Kanariarraren botoekin.
Oraingoan ere, boto gehien lortzea ez da nahikoa izango: Moncloan jarraitzeko, Kongresuaren babesa berriro ehundu beharko du PSOEk. Hori gabe ez baitu lortuko hauteskundeak aurreratzean helburu zuen arnasa.