Euskal herritar askori arrotzak egingo zaizkie koralezko arrezifeak, gure kostaldean ez baitago halako egiturarik. Halakoak ikusteko, ur epelagoak dituzten itsaso ez oso sakonetara joan beharra dago; hori dela eta, erreferentzia nagusiak dokumentaletakoak eta filmetakoak dira. Hala ere, Euskal Herriko mendi mordotan arrezifeen aztarnak ikus daitezke, Kretazeoan itsaspean baitzegoen Euskal Herriaren zati handi bat, eta gaur egun kostaldetik gertu dauden eskualdeetan sakonera txikiko itsaso bero bat baitzegoen.
Gaur egun, baina, bereziki Ozeanian, Asia hego-ekialdean, Karibe itsasoan, Indiako Ozeanoan eta Arabiar penintsularen inguruan daude koralezko arreziferik handienak. Munduko ozeanoen %0,1 soilik hartzen dute arrezifeek; huskeria bat badirudi ere, ezinbesteko funtzioak betetzen dituzte. Esaterako, itsasoko espezie guztien %25en etxe dira arrezifeak. Horrez gain, kostalde askotan olatuen indarra apaltzen dute, eta horrek nabarmen laguntzen die kostalde askotan bizi diren komunitateei.
21,1
Munduko itsasoek 2026ko abuztuaren 22an batez beste izan zuten tenperatura, gradu zentigradutan. Munduko ozeanoak, erregistroak daudenetik, ez dira inoiz aurtengo abuztuaren 22an baino beroago egon. Egun hartan, itsasoek 21,1 gradu zentigraduko tenperatura izan zuten batez beste.
25 gradu inguruko tenperatura da egokiena halako egiturentzat, baina, ura hortik gora berotzen denean, eragin handia izaten du horrek. Itsasoa asko berotzen denean, koralak hil egiten dira, eta arrezifeen kaltzio karbonatozko egiturak soilduta geratzen dira, zurituta. Azken hamarkadatan zuritze garaien maiztasuna handitu egin da, baita indarra ere. Koralezko Arrezifeen Behaketarako Munduko Sareak egitura horien egoera berrikusi zuen 2025ean, eta irailean argitaratu zuen txostena. BERRIAk ikerketaren zuzendariarekin hitz egin du, Manuel Gonzalez Riverorekin, eta azaldu du oso larria dela arrezifeetako koralak soiltzen dituzten gertakariak maiztea, ez baitie denbora ematen leheneratzeko.
Itsasoaren tenperatura, funtsezko
Ozeanoetako tenperaturaren aldaketek arrezifeetan nola eragiten duten azaldu du Gonzalez Riverok. Antza, arrezifeen hilabeteko batez besteko tenperaturak gradu zentigradu bat gora egiten duenean, animaliak estres termikoa sufritzen hasten dira: «Estres hori itzulgarria izan daiteke tenperatura bero horrek egun gutxi batzuk baino ez badu irauten. Baina, astebetetik gora irauten duenean, arrezifeetako alga mikroskopikoaren eta koralen artekoa toxikoa bihurtzen da, eta koralak jateko faltagatik hiltzen dira».
Nabarmendu du tenperatura aldaketak oso ezberdinak direla itsasoan eta lurrean: «Gizakiontzat edo landareentzat, gradu bateko aldaketa ez dugu ia nabaritu ere egiten, baina itsasoko espezieek asko nabaritzen dituzte tenperatura aldaketa txikiak, animaliek eta itsas biota guztiak milaka urtez ingurune egonkor bat izan baitute».
«2010etik hona, gertaera horiek [zuritze globalak] azkartu egin dira, eta bost edo sei urtean behin gertatzen dira orain»
MANUEL GONZALEZ RIVERO Australiako Itsas Zientzietako Institutuko ikertzailea
Normalean, arrezifeek kolore marroi eta berdeak dituztela esan du Gonzalez Riverok, algen koloreak direlako, baina gehitu du badirela beste espezie batzuk burura etortzen zaizkigun kolore arrosa eta more horiek ematen dizkietenak; koralak, izatez, gardenak dira. Bada, azaldu duenez, tenperatura gehiegi igotzen denean, koralak substantzia toxiko bat askatzen hasten dira: «Algek ez dituzte kimiko horiek jasaten, eta koralen ehunetatik ateratzen dira. Hala, pigmentazioa ematen duen elementua ez dagoenez, arrezifeen eskeletoa agerian geratzen da: horregatik deitzen zaio zuritzea».
Gutxinaka behera doa
Arrezifeen osasuna koralen estalduraren arabera neurtzen dute; zenbat eta koral gehiago izan, orduan eta osasun hobea du arrezifeak. XXI. mendeko azken hamarkadetan gorabeherak izan zituzten munduko arrezifeek, baina koralen lehen zuritze globala 1998. urtean antzeman zuten. Arrezifeetan beti izan dira gorabeherak koralen estalduran, ekosistema biziak direlako eta dinamika propioak dituztelako, baina zuritzeak munduko txoko gehienetan aldi berean gertatzea aurreko mendearen amaieran hasi ziren antzematen.
Sistema erresilienteak dira, leheneratzeko ahalmena dute, baina denbora behar dute. Eta klima larrialdia azkartu denez geroztik, ez dute horrenbesteko tarterik, denbora gero eta gutxiago pasatzen baita zuritze masibo batetik bestera. «XX. mendearen amaierara arte, zuritze globalak gertatzen ziren, baina hamar edo hamabi urtean behin. 2010etik hona, gertaera horiek azkartu egin dira, eta bost edo sei urtean behin gertatzen dira orain».
-%10
2010eko zuritze globalean zenbat egin zuen behera koral estaldurak munduan. Mundu osoko koralen zuritzeak aztertzen hasi zirenetik, lau gertakari global antzeman dituzte; bigarrena 2010. eta 2011. urteen artean izan zen, eta orain arte erregistratu den zuritzerik latzena izan zen, ia %10 egin baitzuen behera koralen estaldurak.
Maiztasunaren handitze hori da, Gonzalez Riverok azaldu duenez, zientzialariak gehien larritzen dituena, «koralek askoz denbora gutxiago baitute leheneratzeko». Azkenaldiko joerei begiratuta, nabarmendu du oraingo El Niño fenomenoak beste zuritze bat eragin dezakeela; hala, azken fenomenoaren eta horren arteko tartea bi edo hiru urtekoa izango litzateke soilik, azkena 2023 eta 2024 artean izan baitzen.
Zuritze globalen maiztasuna handitzeak, gainera, berekin ekarri du koralen estaldurak beheranzko joera izatea. Zuritze handi baten ostean, leheneratzen hasten dira arrezifeak, baina soiltze horren aurretik zegoen maila berreskuratu aurretik iristen da hurrengo gertaera. 1980. eta 2009. urteen artean, %9 egin du behera koralen estaldurak, eta 2020tik 2024ra, beste horrenbeste.
Lehen zuritze globala 1998. urtean izan zen, eta, estaldura %6,5 murriztu bazen ere, ondo leheneratu ziren koralak, eta 2009an ia 1998an bezainbesteko estaldura zuten arrezifeek munduan. Bada, 2010eko eta 2016ko zuritzeak kolpe oso handiak izan ziren, eta estaldura, orduan %30ekoa zena, %25ekoa baino txikiagoa bihurtu zen. 2017tik 2023ra dezente leheneratu ziren, %28ko estaldura gainditu baitzuten duela urte gutxi munduko arrezifeek, baina iaz %26tik jaitsi zen berriz.