Ship to Gaza: «Promes egin dugu modu berean jarraituko dugula. Beste itsasontzi batekin saiatuko gara»

Askatasunaren Flotillak ez du alboratuko Gazako setioa hausteko xedea. Israelek 'Madleen' itsasontziko lau ekintzaile deportatu ditu jada; besteak beste, Greta Thunberg. Beste zortzi ekintzaileek uko egin diote deportazio dokumentuak sinatzeari.

'Madleen' ontzia, atzo gauean, Ashdodeko portuan (Israel). ABIR SULTAN / EFE
'Madleen' ontzia, atzo gauean, Ashdodeko portuan (Israel). ABIR SULTAN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko ekainaren 10a
11:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Israel hasi da Askatasunaren Flotillako kideak beren herrialdeetara bidaltzen. Israelgo armadak hamabi ekintzaile hartu zituen atxilo atzo goizaldean, Gazara laguntza humanitarioa zeraman Madleen itsasontzia atzeman ostean. Halere, Gazako setioa hausteko helburuarekin jarraitzeko asmoa duela ziurtatu du Jeannette Escanilla Askatasun Flotillaren Suediako bozeramaile eta Ship to Gaza erakundeko zuzendariak: «Promes egin dugu modu berean jarraituko dugula. Beste itsasontzi batekin saiatuko gara».

Israelgo Atzerri Ministerioak gaur goizean sare sozialetan zabaldu duen irudi batean, Greta Thunberg ekintzaile suediarra ageri da hegazkin batean, eta, ministerioaren arabera, Frantziara doan hegaldi bat hartu du, handik Suediara joateko. Ekintzaile suediarrak eta Madleen ontziko beste hiru kidek deportazio dokumentuak sinatu dituzte, ekintzaileen erakunde ordezkari Adalahk goizaldean zabaldu duen ohar baten arabera. Aitzitik, beste zortzi ekintzaileek uko egin diote dokumentuak sinatzeari.

Israelgo Atzerri Ministerioak 02:21ean zabaldu duen eguneraketaren arabera, Askatasunaren Flotillako kideak Tel Aviveko Ben Gurion aireportuan zeuden, eta haietako batzuk «datozen orduetan» deportatzekoak ziren. Zazpi ordu geroago jakinarazi dute Thunberg Suediara bidean dela.

Deportazio dokumentuak sinatu dituzten laurak beren herrialdeetara bidean direla baieztatu du Escanillak. Gehitu du lau horien artean daudela Thunberg eta Thiago Avila ekintzaile brasildarra; esan du ez dakiela beste biak zein diren.

Deportazioa onartu ez duten zortzi ekintzaileak Israelen atxilotuta daudela jakinarazi du bozeramaileak; «seguruenik, galdeketaren bat egiteko zain». Israelgo Atzerri Ministerioaren arabera, epaile batek eman beharko du dokumentuak sinatu ez dituztenen deportazio agindua. Eta Adalah erakundeak azaldu duenez, gehienez ere bi astez eduki ahal izango dituzte atxilotuta deportatuak izateari uko egin diotenak. «Datozen orduetan ikusi beharko da prozesuak zer bilakaera izaten duen», esan du Escanillak.

Atzo Euskal Herrian 20:00ak zirenean iritsi zen Madleen ontzia Ashdodeko portura (Israel), armadak atzeman eta ia hamazazpi ordura. Askatasunaren Flotillaren arabera, nazioarteko uretan atzeman zuten laguntza humanitarioa zeraman ontzia, Gazako kostaldetik 200 kilometro ingurura. Erakundeak azaldu zuenez, droneekin inguratu zuten, eta komunikazioak blokeatu. Ondoren, militarrak ontzira igo ziren, eta haren kontrola hartu zuten.

Kontaktu zuzenik ez

Ordutik, Askatasun Flotillak ez du kontaktu zuzenik izan ekintzaileekin. Eta, Suediako bozeramailearen arabera, haiekin lan egiten duen erakundeak, Adalahk, ez die zehaztu nola dauden ekintzaileak. Hori bai, prozesua «oso azkarra» izan dela ziurtatu du. Gainera, Tel Aviveko aireportuan kontsulak eta abokatuak ekintzaileekin egon ahal izan direla azaldu du. Halere, ezin du baieztatu ekintzaile guztiekin egon ahal izan direnik, ez baitaki zein egon diren aireportuan eta zein ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.