Mahmud Khalil etxean zegoela, New Yorken, ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agente batzuk iritsi eta atxilo hartu zuten. Azalpenik eman gabe, jakinarazi zioten bere ikasle bisa bertan behera geratu zela, eta New Jerseyko Polizia komisaria batera eraman zuten; gero, handik Louisianara, migratzaileentzako atxiloketa zentro batera, etxetik 2.000 kilometrora. Martxoaren 8a zen, eta Khalilek ziega batean segitzen du hiru hilabeteren ondoren, «antisemita» eta «Hamasen jarraitzailea» izatea leporatuta. Michael Thaddeus Columbia Unibertsitateko Matematika irakasle eta Unibertsitateko Irakasleen Elkarte Amerikarraren Columbiako presidenteordearen arabera, ordea, «ez dago akusazio horiek sostengatzen dituen frogarik». Elkarte hori fakultateetako defentsaren aldeko talde nazional bat da.
Unibertsitate horretan ikasten du Khalilek; graduondoko bat egiten ari da, Nazioarteko Harremanen eta Afera Publikoen Eskolan. Damaskoko (Siria) palestinar errefuxiatuentzako kanpaleku batean jaio zen; gero, Libanora egin zuen ihes familiarekin, eta Erresuma Batuak Beiruten duen enbaxadan egin zuen lan hainbat urtez. Duela hiru urte joan zen AEBetara, 2022an; orduan hasi zituen ikasketak Columbia Unibertsitatean.
Thaddeus ez da ongi akordatzen Khalilen atxiloketaren berri izan zuen egunaz; izan ere, egun horren bezperan iragarri zuen AEBetako Gobernuak bertan behera utziko zuela unibertsitateari ikerketarako eman ohi zion 400 milioi dolarreko funts bat —350 milioi euro inguru—. «Azken urte erdia oso gorabeheratsua izan da: krisi bat izan dugu bata bestearen atzetik», nabarmendu du Thaddeusek. Halere, uste du bi gertakariak lotuta daudela: «Bi erasoak, hau da, gure ikasle bat atxilotzea eta ikerketarako funtsak bertan behera uztea, [Donald, AEBetako presidente] Trumpen administrazioaren estrategia koordinatu baten parte dira».
«Bi erasoak, hau da, gure ikasle bat atxilotzea eta ikerketarako funtsak bertan behera uztea, Trump administrazioaren estrategia koordinatu baten parte dira»
MICHAEL THADDEUSColumbia Unibertsitateko irakaslea
Israelek 2023ko urriaren 7an Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, protesta andana egin dira nazioartean, hiri handietan eta herrixketan, Tel Avivek zerrendaren aurkako operazio militarrak eten ditzan presio egiteko. Munduko hainbat unibertsitatetako ikasleek ere antolatu dituzte gisa horretako protestak, hala nola Columbiakoek. Khalilek parte hartu zuen protesta horietan, eta bitartekari lanetan ere aritu zen manifestarien eta Columbiako zuzendaritzaren artean. Zenbait elkarrizketa egin zituen herrialdeko hedabideetan, eta behin baino gehiagotan azpimarratu zuen jarrera antisemitek ez zutela tokirik beren protestetan, eta Palestinako gatazka konpontzeko ezinbestekoa zela juduen parte hartzea.
Nolanahi ere, Trumpek berak Khalili egotzi dio, sare sozialen bidez, «terrorismoa hauspotzea» eta «juduen aurkako jarrerak» izatea. Berriro ere, Thaddeusek nabarmendu du akusazio horiek ez dutela inolako oinarririk: «Khalilen kasuan, erakutsi dezaketen bakarra bideo bat da, non Gazaren aldeko protesta batean agertzen den, Barnard Unibertsitatean; momentu batean kamera mugitzen da, eta ikasle talde bat ikus daiteke bideoan, zeina Hamasen aldeko propaganda banatzen ari den». Columbia Unibertsitateko irakasleak aitortu du badirela Hamasen aldeko propaganda zabaltzen duten ikasle gutxi batzuk, baina berretsi du Khalil ez dela, «inondik inora ere», talde horren parte.
«Legez kanpokoa»
Khalil herrialdetik kanporatzea da Trumpen administrazioaren asmoa, argudiatuta ez duela bisarik —justifikaziorik gabe utzi zuten bertan behera haren egoiliar estatusa—, eta, gainera, «arrisku bat» izan daitekeela AEBen atzerri politikako interesentzat. AEBetako epaile federal Michael Farbiarzek maiatzaren 23an ebatzi zuen, ordea, Khalil kanporatzea legez kanpokoa litzatekeela, iritzita ez dagoela horretarako pisuzko arrazoirik. Dena den, Khalil preso dago oraindik, zer gertatuko zain.
Haren atxiloketak oihartzun handia izan du bai nazioartean, bai herrialdeko hedabideetan. Alabaina, bestelakoa izaten ari da Columbia Unibertsitateko zuzendaritzaren jarrera. Hala salatu du Thaddeusek: «Oso etsigarria da. Unibertsitateak ez du ia ezer esan; are, ez du kasik Khalilen izena aipatu ere egin. Tamalez, uste dut badirela halako atxiloketak begi onez ikusten dituzten ikasle, irakasle eta kide batzuk. Gutxi dira, baina botere handia dute».
Khalilen atxiloketak beldurra areagotu du herrialdeko gainontzeko unibertsitateetan; batez ere, atzerrian jaiotakoak diren eta Palestinaren aldeko mugimenduetan edo protestetan parte hartu duten ikasleen artean. «Trumpen administrazioa ez da ari muturreko jarreren aurka egiten, baizik politikoki bere aldekoak ez diren herritarrei jazartzen».
«Trumpen administrazioa ez da ari muturreko jarreren aurka egiten, baizik politikoki bere aldekoak ez diren herritarrei jazartzen»
MICHAEL THADDEUSColumbia Unibertsitateko irakaslea
Urte erdi ere ez da igaro Trump Etxe Zurira itzuli zenetik; eta, halere, zeresan handia eman duten hainbat neurri hartu ditu jada. Presidenteak begiz jota dauzka goi mailako unibertsitateak, eta hainbatetan egin die mehatxu. Ahoz eta sare sozialen bidez esandakoak betez gero, Thaddeusek adierazi du epe luzean nozituko lituzketela neurri horien ondorioak. Ohartarazi du, dena den, eraso horiek ez lieketela soilik eliteko unibertsitateei kalte egingo, milaka ikasle atzerritar baitaude matrikulatuta AEBetako unibertsitateetan. Gauza bat ziurra da: ez dago jakiterik zer gertatuko den. «Trumpen agintaritza nahita da kaotikoa eta ausazkoa; horren helburua da ahalik eta beldur handiena sortzea».