Israelek iragarri zuen ez ziola biderik emango Askatasunaren Flotillari Gazara heltzeko, eta mehatxua bete du: Euskal Herrian goizaldeko laurak zirenean atzeman du Israelgo armadak Greta Thunbergek eta nazioarteko beste zenbait ekintzailek Gazara laguntza humanitarioa eramateko asmoz gidatzen zuten Madleen ontzia.
Askatasunaren Flotillak bere webgunean zabaldu dutenez, itsasontzia nazioarteko uretan zegoen atzeman dutenean, Gazako kostaldetik 200 kilometro ingurura; droneekin inguratu dute, eta komunikazioak blokeatu. Ondoren, militarrak ontzira igo dira, eta haren kontrola hartu dute. Erakundearen arabera, nazioarteko 11 boluntario eta kazetari bat daude Madleen ontzian.
Ontzia Israelgo Ashdod hiriko portura heldu da Euskal Herrian 20:00ak zirenean, Israelgo Poliziaren arabera. Hamabi ekintzaileak beren herrialdeetara bidaliko dituztela jakinarazi du Israelgo Atzerri Ministerioak, sare sozialetan. Hori egin aurretik, ordea, Ramla hiriko atxilotze gune batera eramango dituzte hamabiak, Israel Hayom egunkariak Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroa aipatuz kaleratu duenez.
Ekintzaileek sare sozialetan eman dute gertatzen ari zenaren berri. Rima Hassan LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko europarlamentaria da ontzian zihoazenetako bat. Israelgo armadak atzeman aurretik zabaldu duen azken mezuaren arabera, drone batetik likido zuri bat isuri dute ontziaren gainera. Hurrengo mezuan, Hassanen taldeak jakinarazi du kontaktua galdu dutela Europako Parlamentuko diputatuarekin.
Atzeman ostean, aurretik grabaturiko bideoak zabaldu dituzte ekintzaileen sare sozialetan. Israelek bahitu dituela salatu dute guztiek, eta herritarrei eskatu diete beren herrialdeetako gobernuak estutzeko, atxilotuak askatzeko eska dezaten. Erakundeak 11 ekintzaileren bideoak zabaldu ditu; tartean daude Thunberg suediarra eta Hassan frantziar-palestinarra. Frantziako Gobernuari presio egiteko eskatu diote Reva Viardek, Pascal Maurierasek, Yanis Mhamdik eta Baptiste Andrek; Espainiakoari mintzatu zaio Sergio Toribio, Alemaniakoari Yasemin Acar, Herbehereetakoari Mark van Rennes, Turkiakoari Huseyin Suayb Ordu, eta Brasilgoari Thiago Avila.
Askatasunaren Flotillak «munduko gobernuen isiltasuna» salatu du. Erakundearen webgunean kaleratu dutenez, Israelek ez zuen zigorrik jaso Conscience itsasontziari eraso egin zionean, eta horrek «adorea» ematen dio zibilen, langile humanitarioen eta nazioarteko zuzenbidearen aurka egiten jarraitzeko. Erakundearen arabera, Israelek «desobeditu» egin du Nazioarteko Justizia Auzitegiak Gazara laguntza humanitarioa oztoporik gabe eraman ahal izateko emandako agindua, baita nabigazio zibila babesten duen nazioarteko legedia ere.
Gertakaria gaitzetsi du Turkiako Gobernuak. Israelek «nazioarteko legedia urratu» duela salatu du Turkiako Atzerri Ministerioak, ohar batean. Gaineratu duenez, Netanyahuren gobernuak «beste behin» erakutsi du «estatu terrorista» gisa jarduten duela. Iritzi berekoa da Hamas. Palestinako erakunde islamistak zabaldutako ohar baten arabera, «estatu terrorismoko ekintza bat» izan da gaurkoa. Gazako setioa «sinbolikoki» hausteko asmoa zuten ekintzaileak atzematea nazioarteko legedia urratzea dela ziurtatu du erakunde islamistak ere.
Ekintzaileentzat esker hitzak izan ditu Hamasek, eta uste du horrelako ekintzek erakusten dutela Gaza «ez dagoela bakarrik». Era berean, PAN Palestinako Aginte Nazionalak ere Askatasunaren Flotillaren lana eskertu du. PANeko Atzerri Ministerioak kaleratutako komunikatu batean, ekintzaileek gazatarrei laguntzeko hartutako arriskua balioetsi dute, eta nazioarteari eskatu dio «babesa» eman diezaiela atxilotutako ekintzaileei.
El País egunkariak Espainiako Atzerri Ministerioko iturriak aipatuz zabaldu duenez, ministerioak bilera batera deitu du Israelgo enbaxadako diplomazialari bat, Madleen ontziaren atzematearen inguruan kexatzeko. Eta Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak EB Europako Batasunari exijitu dio «erantzun irmoa» eman diezaiola, sare sozialetan zabaldu duen mezu batean. Frantziak Israelen duen kontsuletxeak Tel Avivi esan dio ekintzaile frantziarrekin hitz egin nahi duela, «ondo daudela ziurtatzeko eta etxera laster itzuliko direla bermatzeko». Hala jakinarazi du Frantziako Atzerri ministro Jean Noel Barrottek, ohar batean.
Maria Malmer Sternergard Suediako Atzerri ministroak gogorarazi du ministerioak ez duela gomendatzen Israelera joatea, eta Thunbergek bere «erantzukizun» pean erabaki duela abisuari kasurik ez egitea; horrela jaso du Suediako Aftonbladet egunkariak. «Ez dugu uste [Suediak Israelen duen] kontsuletxearen laguntza behar duenik», esan du Malmer Sternegardek, nahiz eta atzera ere egin duen: «Laguntza behar badu, noski, ahal dugun guztia egingo dugu». Kexatu ere egin da, Atzerri Ministerioko telefono lineak erori direlako Thunbergek Suediako Gobernuari «presio» egiteko eskatu eta gero.
Urriaren 7ko bideoak ikustera behartuta
Ontzia atzeman baino lehen, Israelgo itsas armadak norabidea aldatzeko agindu die ekintzaileei. Israelgo Atzerri Ministerioak sare sozialetan zabaldutako bideo batean, itsas armadako kide bat ageri da ekintzaileei ohartaraziz Gazako kostaldea «itxita» dagoela itsas nabigaziorako. Horregatik, laguntza humanitarioa banatu nahi badute Ashdodeko portura joateko agindu diete, eta handik bideratuko dutela banaketa.
Geroago, ministerioak ohar bat kaleratu du esanez «celebrity-en selfietarako yatea onik» dagoela, eta Israelgo portu batera eramango dutela jakinarazi du. Ministerioak gehitu du ekintzaileak beren jatorriko herrialdeetara bidaliko dituztela, eta ontzian zeramaten laguntza «ñimiñoa» Gazara eramango dutela.
Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak atzo sare sozialetan iragarri zuen armadari agindu ziola Madleen ontzia Gazara iristea eragozteko neurriak hartzeko. Gaur, armada zoriondu du Gazako blokeoa haustea eragozteagatik. Eta, gaineratu duenez, itsas armadari agindu dio ekintzaileei 2023ko urriaren 7ko bideoak erakusteko: «Ikus dezaten Israel noren aurka ari den borrokan». Egun hartan, Hamaseko eta beste zenbait milizia palestinarretako kideak Israelen sartu ziren, 1.200 lagun hil zituzten, eta berrehun pertsonatik gora gatibu hartu. Horren ostean areagotu zuen Israelek Gazaren aurkako erasoaldia, eta ordutik 54.000 palestinar baino gehiago hil dituzte.
Elkarretaratzea egin dute Baionan
Baionan elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, eta Madleen ontziko ekintzaileak askatzeko eskatu dute. Palestinako banderak astindu bitartean, ontziko hamabien «atxiloketa ilegala» salatu dute manifestariek; honako galdera ere bota dute kartel bateko mezu batean: «Nazioarteko legea hil ote da?». Gazako genozidioa ere salatu dute gaur, baita hura geratzeko eskatu ere.

Laguntza jasotzeko zain zeuden HAMALAU palestinar hil dituzte gazan
Gutxienez 51 palestinar hil ditu gaur Israelgo armadak Gazan. Al-Jazeera hedabidearen arabera, hamalau pertsona hil dituzte laguntza humanitarioa hartzera zihoazenean, Rafahn, zerrendako hegoaldean; laguntza hartu zain zegoen jende multzoaren aurka egin dute tiro soldaduek. Joan den astean, Gazako Gobernuak —Hamasen esku dago— Tel Avivi leporatu zion «goseak jotako herritarrak erakartzea», eta gero horiei «nahita» tiro egitea. Gobernuaren arabera, laguntza jasotzera joandako 130 palestinar baino gehiago hil dituzte azken bi asteetan, GHF Gaza Humanitarian Foundationi zerrendan laguntza humanitarioa banatzeko baimena eman ostean; GHF AEBetako militar ohiek osatzen dute, eta Blackwater talde mertzenarioaren babesa dauka.
Gutxienez beste hamahiru pertsona hil dituzte Gaza hegoaldeko Khan Yunis hiriaren inguruan. Al-Jazeerak jakinarazi duenez, droneekin egin dituzte eraso horiek. Eta, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, beste hiru lagun hil dituzte Gaza Hirian.
Zisjordanian, Israelgo armadak 35 palestinar hartu ditu atxilo, Tulkarem hirian egindako sarekada batean. Armadak zabaldu duen oharraren arabera, «lehergailuak egiteko materiala» atzeman dute bertan.