Aske gelditu dira atxilotutako CUPeko bi zinegotziak

Gaua komisarian eman dute, eta goizean pasatu dira epailearen aurretik. Ez deklaratzea erabaki dute.

Marta Llorens eta Oriol Ciurana CUPeko zinegotziak, epaitegitik irten ostean, adierazpenak egiten.
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko abenduaren 28a
10:30
Entzun

Marta Llorens eta Oriol Ciurana Reuseko zinegotziak, biak ere CUPekoak, Reuseko bigarren instrukzio epaitegitik pasatu dira gaur goizean, atzo mossoek atxilotu eta gaua komisarian eman ondotik. Llorensek eta Ciuranak ez deklaratzeko eskubideari heldu diote, eta epaileak aske utzi ditu.

Epaitegiaren aurrean, dozenaka herritar batu dira CUPeko zinegotziei babesa agertzera.

Llorens eta Ciurana atxilotzeko agindua eman zuen Reuseko bigarren instrukzio epaitegiak, zinegotziek deklaratzera joateko agindua desobeditu zutela eta. Urriaren 1ean Espainiako Poliziaren kontra gorrotoa eragitea leporatzen diete biei. Mariona Quadrada, berriz, CUPeko Reuseko zinegotzia hori ere, deklaratzera deitu dute bigarren aldiz, eta oraingoz ez dute haren kontrako atxiloketa agindurik ezarri.

Zinegotziak goizean atxilotu zituzten. Llorens eta Ciuranaren abokatuak saiatu dira gaua atxilotuta igaro ez dezaten, baina epaileak ukatu egin die aukera hori.

Atzo iluntzean, mila pertsona inguru elkartu ziren Reuseko Mercadal plazan, zinegotzi atxilotuei elkartasuna adierazteko. Mobilizazioak izan ziren Kataluniako beste hainbat hiri eta herritan ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.