Aske geratu da Mahmud Khalil, Columbia Unibertsitateko ikaslea

«Hor sartzen zarenean, bestelako errealitate bat ikusten duzu, ustez giza eskubideen askatasunen eta justiziaren txapeldun den herrialde batean: itxaropenik eza», esan du aske geratu ostean.

Mahmud Khalil —erdian— aske geratu ondoren, gaur. BERRIA
Mahmud Khalil —erdian— aske geratu ondoren, gaur. BERRIA
jon ordonez garmendia
2025eko ekainaren 21a
10:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Mahmud Khalil Columbia Unibertsitateko ikaslea aske geratu da gaur goizean, fidantza bat ordainduta, AEBetako epaile federal batek agindu hori eman ostean. Louisianako migratzaileentzako atxilotze zentro batean zegoen duela hiru hilabetetik, «Hamas sostengatzea» eta «antisemita» izatea leporatuta. «Trumpek eta haren administrazioak okerreko pertsona hautatu dute honetarako», esan du aske geratu denean. New Yorkera joango da, emaztearekin eta atxiloaldian zela jaio den haurrarekin biltzera.

Martxoaren 8an, Khalil etxean zegoela, New Yorken, ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agente batzuk iritsi eta atxilo hartu zuten. Azalpenik eman gabe, jakinarazi zioten ikasle bisa bertan behera geratu zitzaiola, eta New Jerseyko Polizia komisaria batera eraman zuten; gero, handik Louisianara, migratzaileentzako atxiloketa zentro batera, etxetik 2.000 kilometrora.

Michael Thaddeus Columbia Unibertsitateko Matematika irakasle eta Unibertsitateko Irakasleen AEBetako Elkarteko Columbiako presidenteordearen arabera, ordea, «ez dago akusazio horiek sostengatzen dituen frogarik». Elkarte hori fakultateen defentsaren aldeko talde nazional bat da. Unibertsitate horretan ikasten du Khalilek; graduondoko bat egiten ari da, Nazioarteko Harremanen eta Afera Publikoen Eskolan.

Damaskoko palestinar errefuxiatuentzako kanpaleku batean jaio zen Khalil; gero, Siriatik Libanora egin zuen ihes familiarekin, eta Erresuma Batuak Beiruten duen enbaxadan egin zuen lan hainbat urtez. Duela hiru urte joan zen AEBetara, 2022an; orduan hasi zituen ikasketak Columbia Unibertsitatean. Khalilek parte hartu ohi zuen Israelek Gazaren kontra egindako setioa salatzeko protestetan, Columbia Unibertsitatearen campusean.

Iragan asteko ostegunean agindu zuen lehenbiziko aldiz Khalil aske uzteko, baina AEBetako Gobernuak preso segi zezala erabaki zuen, argudiatuta, besteak beste, gezurra esan zuela bizileku baimena lortzeko eskaeran. Epaileak, ordea, ebatzi du gezurra esan duelako akusazioak ez direla nahikoa Khalil preso edukitzeko. «Hor sartzen zarenean, bestelako errealitate bat ikusten duzu, ustez giza eskubideen askatasunen eta justiziaren txapeldun den herrialde batean: itxaropenik eza», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.