Sahel eskualdea ezustekoen eta tentsio geopolitikoen erdigune bihurtu da Afrikan azken urteotan. Malin, Nigerren eta Burkina Fason gertatutako estatu kolpe militarrek zalantzan jarri dute Mendebaldeak han ezarritako oreka politiko eta militarra. Jokaleku nahasi horretan, Pekingo Tsinghua Unibertsitateko Zientzia Aurreratuen Zentroko ikertzaile Nishant Upadhyayk Sahelgo egoeraren azterketa egin du. Upadhyayren esanetan, gaur egungo krisia ezin da aztertu beste gataka batzuk kontuan izan gabe; nazioarteko egitura neoliberalen eta Afrikako nazio subiranotasunaren aldarrikapenen arteko «talka zuzenak» baldintzatzen du eskualdearen norabidea.
Ibrahim Traorek Burkina Fasoko Gobernuko presidentetza hartu zuenetik (2022), gaiak arreta erakarri du nazioarteko komunikabideetan. Askok Thomas Sankararekin alderatu dute —Burkina Fasoko presidente izan zen 1983tik 1987ra—. Hala ere, Upadhyay ikertzailearen iritziz, bi buruzagien arteko antzekotasunak ez dira ideologikoak soilik: berrinterpretazio pragmatiko baten ondorio dira.
Ikertzaileak adierazi duenez, Sankararekin alderatuta, Traorek «pragmatismo sakon» bat erakusten du, proiektu sozialista «garbi eta esplizitu» bat baino gehiago. Traore Sankararen irudiaren legitimitate politikoaz baliatzen da, baina bizi duten garai geopolitikoa erabat desberdina da. Sankara Gerra Hotzaren amaieran egon zen agintean, bloke sobietarraren krisialdian eta AEBen eraikuntza neoliberalaren gorakadan. Traore, berriz, Mendebaldearen hegemoniaren «gainbehera seinaleak» agerikoak diren honetan iritsi da boterera; mundu «berri» baten atarian, non Errusia eta Txina bezalako herrialdeek toki zabala hartu duten nazioarteko ikuspegian.
Upadhyayk adierazi du Afrikako «mugimendu sozialistak» bere bide propioak garatu dituela. «Mendebaldean uste da sozialismorako trantsizioa klase kontzientziazko herri mugimenduen bidez bakarrik garatzen dela». Afrikan, ordea, «estatu kolpe militarrek» bultzatu ohi dute eraldaketa printzipio sozialisten baitan. Ikertzailearen iritziz, Traoreren gobernuak baliabide naturalak nazionalizatzea eta herritarrak mobilizatzea sustatzen du, herrialdearen subiranotasuna babesteko helburuz. Ekinaldi horiek Mendebaldearen ikuspegi dikotomiko tradizionaletatik kanpo kokatzen dira. «Burkina ez da Txina edo Errusiaren menpeko txotxongilo bat, bere herrialdeko baliabideak kudeatzen saiatzen den gobernu pragmatiko bat baizik».
Frantziarekiko lotura
Burkina Fasoko krisiaren muinean neokolonialismoaren aurkako borroka dago. Upadhyayk esan bezala, Afrikako nazio borondatearen aldarrikapena ez da kolonialismoaren ondorio soil bat: kolonialismoak ezarritako presio eta egitura guztien gainetik sortutako «erresistentzia mugimendu» bat da. Traorek bere hitzaldi ezagunenetako batean esandako esaldi batek ondo baino hobeto laburbiltzen du pentsamendu hori: «Esklaboak matxinada ez badu bere egiten, ez du merezi gupidarik».
«Burkina Fasok harreman bilateral eta pragmatiko gisa ikusten du Errusiarekin duena»
NISHANT UPADHYAY Pekingo Tsinghua Unibertsitateko Zientzia Aurreratuen Zentroko ikertzailea
Hala, Frantziaren eta Burkina Fasoren arteko harremana «neokolonialismo modernoaren eredua» da. Nahiz eta independentzia politiko formala lortu zuen 1960an, Mendebaldeko multinazionalek eta finantza erakundeek —Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak, esaterako— dependentzia egitura «sakonak» mantendu dituzte. Urre meategien ustiapena, adibidez, Frantziako enpresen esku egon da nagusiki, bertako komunitateei ia etekinik utzi gabe. Prozesu bera ikusi da Maliko uranioaren kasuan. Horrez gain, jihadismoaren aurkako borroka argudiatuta, Mendebaldeko militarren presentzia iraunkorra bermatu da Sahel osoan.
Frantziako Estatuak urre eta uranio meategien ustiapenean ezarritako egitura neokolonialak Burkina Fasoko ekonomia «bereganatuta» eduki du urte askotan. Traoreren gobernuak meategi horien nazionalizazio partziala eta baliabideen kudeaketa subiranoa abiarazi ditu, Parisek ezarritako zor finantzario eta militarrari amaiera emateko asmoz.
Gaur egun, Traoreren gobernuak Frantziarekiko mendekotasun hori hautsi nahi du, eta orain arte Parisek monopolizatutako eremu ekonomiko eta militarra beste eragile batzuei ireki die. Hala ere, ikertzaileak azpimarratu du Frantziaren eragina ez dela egun batetik bestera desagertuko.
Segurtasun krisia eta aliantza berriak
Segurtasun krisiak eta talde jihadisten erasoek Burkina Faso «gogor astintzen» dutela adierazi du Upadhyayk. Izan ere, finantzaketa eta baliabide publikoen zati handi bat esparru militarrerako erabili behar izaten ditu gobernuak. Mendebaldeko potentziekiko harremanak hoztu ahala, Burkina Fasoko Gobernuak Errusiarantz eta Txinarantz zuzendu du begirada.
Upadhyayren ustez, Burkina Faso Errusiarengana hurbildu izana ez da Mendebaldeko komunikabideek adierazten duten ikuspegitik ulertu behar. «Burkina Fasok harreman bilateral eta pragmatiko gisa ikusten du Errusiarekin duena». Errusia eta Txina prest daude azpiegituretan eta gaitasun militarrean inbertitzeko, «Mendebaldeak ezarri ohi dituen» baldintza politiko eta ekonomiko «zorrotzik» gabe. Bandungeko Konferentziatik —1955eko apirilaren 18tik 24ra egin zen, Indonesian, eta independentzia lortu berri zuten Asia eta Afrikako 29 estaturen lehen bilera handia izan zen— datorren «txiroak txiroari» laguntzeko diplomazia historikoaren «itzala» sentitzen da Burkina Faso aliantza berri horretan.
Upadhyayk adierazi du Burkina Fasok eta Saheleko Estatuen Aliantzak —Burkina Fasok, Malik eta Nigerrek osatutako konfederazio militar, ekonomiko eta politikoa da— lortzen badu beren «erreforma estrukturalak finkatzea», prozesu horrek mendebaldeko Afrikako beste herrialde batzuetan ere antzeko mugimenduak piztu ditzakeela. Panafrikanismoaren ideia —Afrika bateratu eta antikolonial batena— garatzen ari da, Afrikako Batasunaren egitura liberaletatik at eta irtenbide sozialista eta subiranistetan oinarritua, ikertzailearen esanetan. Traoreren esperientziak Afrika osoarentzat bide «berri bat» ireki dezakeela adierazi du, nahiz eta oraindik ziurgabetasun geopolitikoak nagusi diren.