Peru Elorzak (Deba, Gipuzkoa, 1993) urtebete pasa darama Minneapolisen (AEB) bizitzen, baina Gabonak Euskal Herrian igaro eta hara itzuli denean, hiria aldatuta zegoen. Donald Trump AEBetako presidentearen administrazioak Metro Surge operazioa jarri zuen abian Minnesota estatuan, eta ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko 2.000 agente bidali zituen. Elorzak laguntzaile juridiko gisa egiten du lan, migranteekin jarduten duen abokatu kabinete batean. Hirian «tentsioa» nabari du, eta edonor atxilotua izan daitekeen irudipena zabaldu dela uste du.
Nabaritu al duzue aldaketarik azken operazioa abiarazi dutenetik?
Iazko urtarrilean Trump itzuli zenetik migranteak atxilotzen aritu dira; ICEkoak beti egon dira hemen. Baina abendu hasieran atxiloketak ugaritzen hasi ziren. Urtarrilaren 6an beste 2.000 agente ekarri zituzten, eta orain 3.000 agente federal inguru daude hemen. Orain, atxiloketak masiboak dira.
Gabonetan, bi aste Deban igaro nituen, eta urtarrilaren 6an itzuli nintzen Minneapolisera. Hurrengo egunean lanera joan, eta esan zidaten bezperan gure lantokiko aparkalekuan ICEko agenteak egon zirela. Norbaiten zain, egonean... ez dakit zertan.
Nik, zortez, oraindik ez dut harremanik izan ICEko agenteekin, baina nolabaiteko beldurra sentitzen dut. Edonor izan daiteke atxilotua, eta soinean eramaten dut beti dokumentazioa. Minneapolis hiri lasaia da, baina orain tentsioa nabari da. Tarteka bozinak eta txilibitu hotsak ere entzuten dira [migranteei ICEko agenteak daudela abisatzeko egiten dute].
Herritarrak migranteei laguntzeko prest agertu dira?
Jende asko dago laguntzeko prest, bizitza arriskuan jartzen ari dira migranteak eta demokrazia defendatzeko. Renee Good hil zutenean norbaitek grabatu ez balu, ez genuke jakingo zer pasatu zen, ezta Alex Prettiren kasuan ere.
Nor dira atxilotuak?
Izan daitezke paperik ez duten migranteak, baina baita immigrazio prozesu batean daudenak ere, hau da, herrialdean sartzea lortu ostean prozesu judizial bat hasi dutenak. Askok asiloa eskatzen dute, baina onartu edo baztertu arteko prozesua luzea izaten da, litekeena da bost urte, sei urte edo gehiago irautea. Tarte horretan lan egiteko baimena lortzen dute, baina aldian behin ICEren check in-ak igaro behar dituzte: ICEko bulegoetara joan behar izaten dute, bertan jarraitzen dutela ziurtatzeko.
«Migrante askori zaintza elektronikorako eskumuturrekoa jarri diete. Geolokalizatuta dituzte»
Azkenaldian, hori ere aldatu egin da. Migrante askori zaintza elektronikorako eskumuturrekoa jarri diete. Geolokalizatuta dituzte, eta ICEko agenteei sekulako informazioa ematen diete: non bizi diren, nora joaten diren, norekin elkartzen diren, horiek eskumuturrekoa daramaten...
Immigrazio prozesu hori amaitu aurretik ere atxilotu ditzakete?
Orain arte prozesu horretan zeudenak nolabaiteko normaltasunez bizi zitezkeen. Orain, ordea, horiek ere atxilotzen dituzte. Aldian behingo ICEren check in-etara joaten ez badira, deportatuak izateko arriskua dute. Baina orain jendeak beldurra du horietara joateko, azkenaldian check in-etatik irtetean atxilotu baitituzte hainbat migrante. Zenbaitetan, «krimen» bat egin dutela argudiatuta atzematen dituzte; «krimena» izan daiteke edanda gidatzea edo antzerako zerbait.
Migrazio prozesuren batean daudenak lokalizatuta dauzkate, baina nola atzematen dituzte inolako paperik ez duten etorkinak?
Batzuetan okerreko lekuan eta okerreko momentuan egotea egokitu zaie, eta horrela atxilotzen dituzte. Baliteke ICEkoak pertsona baten bila aritzea eta, kasualitatez, paperik ez duen migrante bat harekin batera joatea lanera autoan. Orduan hura ere atzemango dute. Edo baliteke kalean dokumentazioa eskatzea, eta ez edukitzea. Hemen, latinoamerikar itxura edo azal iluna duenak aukera gehiago du Poliziak gelditua izateko.
Nolakoa izaten da atxilotu osteko prozesua?
Minnesotan, ICEren bulegoa Saint Paulen dago —hiri bikiak dira Minneapolis eta Saint Paul, alboan daude, Mississippi ibaiak banatzen ditu—. Pertsona bat atxilotu ostean Saint Pauleko bulego horretara eramango dute. Handik, orain arte, Minnesotan dauden bi atxilotze zentro nagusietako batera eramaten zituzten: Freeborn konderriko espetxera edo Sherburne konderrikora. Eta horiek Minnesotako epaitegi baten menpe daude.
«Minnesotako atxilotze zentroak beteta daude. Orduan, beste hainbat estatutara bidaltzen dituzte: Mexiko Berrira, Coloradora, eta, batez ere, Texasera»
Orain, ordea, zentro horiek beteta daude. Orduan, Saint Pauletik zuzenean beste hainbat estatutara bidaltzen dituzte: Mexiko Berrira, Coloradora, eta, batez ere, Texasera. Azkenaldian gehienak ERO El Paso Camp East Montana zentrora bidali dituzte. Ez dakit kontzentrazio esparru deitu, baina antzeko zerbait da. Gure bezero asko eraman dituzte hara.
Eta badute ateratzeko aukerarik?
Orduan hasten da gure lana. Batzuetan aurretik ere bezeroak izaten dira, eta beste batzuetan, atxilotu ostean senitartekoak gurekin harremanetan jartzen dira. Ez dute jakiten atxilotua non dagoen, eta litekeena da egunak igarotzea jakin arte. ICEk badu modua atxilotuak non dauden jakiteko, eta hori jakitean hasten gara lanean. Hortik aurrera, txosten bat osatzen dugu, eta fidantza jartzeko eskaera egin.
Horren ostean hasten da epaiketa. Alde batean Segurtasun Nazionalerako Departamentua dago, zeinak argudiatzen duen etorkina legez kanpo dagoela eta deportatu egin behar dela; beste aldean, berriz, abokatua dago. Epaileak kontuan hartuko du etorkinak zenbaterainoko lotura duen bizi den lekuarekin, zenbat denbora daraman bertan bizitzen, aurrekari penalik ba ote duen, haurrik edo bikotekiderik ba ote duen... Eta, azkenean, epaileak horiek guztiak ontzat jotzen baditu, fidantza jartzen du. Dena den, fidantza ordainduta ez da migrazio prozesua amaituko; etorkina lehengo egoerara itzuliko da.
Eta ordaindu ezin badu?
Askotan, herrialdetik borondatez alde egitea erabakitzen dute (voluntary departure). Azkenaldian jende ugari atxilotzen dute, eta migranteek lanera joateko beldurra dute, ez baitaukate bermatua etxera itzultzea. Gainera, orain negua da —gaur [atzo] zero azpitik 18 gradu daude— eta etorkin askok kanpoko lanak egiten dituztenez, neguan ez dute lanik izaten. Gainera, abokatu bat kontratatzen badute, hori ere ez da merkea. Hortaz, askotan epaileak fidantza jartzen badu ere, ezin dute ordaindu, eta borondatez alde egitea erabakitzen dute.
Beste batzuek, berriz, atxilotuak izan ostean eskatzen dute borondatez alde egiteko aukera, ez dutelako prozesu horretan jarraitu nahi, baliteke eta prozesuak hainbat egun, aste edo hilabete irautea. Deportazioak baino arazo gutxiago sortzen ditu borondatez alde egiteak. Askotan atxilotu aurretik eskatzen dute horretarako baimena, beldurra dutelako deportatuak izateko edo kartzelara joateko, edo haurrak dituztelako. Ez dakigu zer geratzen zaien haurrei gurasoak atxilotzen dituztenean.