AEBek Italiara eramanen dute ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarren talde bat, eta zalaparta handia sortu du horrek Europako herrialdean. Bertzeak bertze, AEBetako MInneapolis hirian egin dituzten bi hilketek eta bertzelako indarkeria ekintzek piztutako gatazkaren erdian jakin baita berria. Heldu den hilaren 6an hastekoak dira Neguko Olinpiar Jokoak Italia iparraldean, eta ICE «segurtasunaz» arduratuko da lehiaketa horretan, Etxe Zuriak jakinarazi duenez. Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroak erran du ICEkoen etorrera kritikatu dutenek politikoki «erabili» nahi izan dutela auzia: «Ez dira SSak heldu».
SSen erreferentzia ez da alferrekoa. Alemaniako Alderdi Naziaren erakunde paramilitar bat izan ziren, 1925ean sortua, eta, naziek boterea hartu eta diktadura ezarri ondoren (1933), errepresioaren eta Bigarren Mundu Gerrako genozidioen erantzule nagusiak izan ziren. Bada, ICE nazien paramilitarismoaren eredura erabiltzen aritzea leporatu izan diote Donald Trump AEBetako presidenteari. Tajanik SSak gogora ekartzeko aukeratu duen testuingurua ere ironikoa da, Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguneko ekitaldi batean parte hartu ondotik egin baititu adierazpenak, Erroman —Sobietar Batasunak nazien sarraski eremu handiena askatu zuen urtarrilaren 27an: Auschwitzeko esparrua, 1945ean—.
Matteo Piantedosi Italiako Barne ministroa gaur elkartzekoa zen AEBetako enbaxadorearekin, ICEko agenteek Italian zer eginen duten «argitzeko». Oposizioko alderdi nagusiak, PD Alderdi Demokratikoak, Giorgia Meloni lehen ministroari eskatu dio Ordezkarien Ganberan azalpenak emateko.
Milanen ez dira «ongi etorriak»
Neguko Olinpiar Jokoek Milanen eta Cortina d'Ampezzon izanen dute egoitza. Gogorrenen mintzatu diren ordezkari politikoetako bat Giuseppe Sala Milango alkatea izan da. RTL irrati kateari adierazi dio ICE «hil egiten duen milizia bat» dela, eta horren kideak Milanen ez direla «ongi etorriak». «Uste dut ez liratekeela Italiara etorri behar, ez dutelako bermatzen gure segurtasun metodo demokratikoekin bat datozela».
Tajaniren ustez, ordea, ez dago deus ezohikorik ICEkoak Italiara joateari dagokionez. «Ekitaldi handi bat dagoenean, beti dago nazioarteko elkarlana polizien artean. Gainerakoa instrumentalizazio hutsa da». Atzerri ministroak erran duenez, «terrorismoaren kontrako unitate berezi batekoak» izanen dira Europara etorriko direnak, «ez Minneapolisen karrikan daudenak»: «Italia osoan ni izan naiz gogorrena haiekin, baina ez dira SSak heldu».