Aurrerapausoak onartu dituen arren, Teheranek esan du bake akordioa ez dela «berehalakoan» iritsiko

Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak adierazi du «proposamen oso sendoa» egin diotela Teherani, baina Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaile Eesmail Baqaei mesfidati agertu da, ez daukatelako Washingtonek konpromisoak beteko dituen bermerik.

Eesmail Baqaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramailea, gaur eman duen prentsaurrekoan. EFE
Eesmail Baqaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramailea, gaur eman duen prentsaurrekoan. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 25a
14:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek asteburuan jakinarazi du Iranekin mantentzen ari diren elkarrizketak «geroz eta profesionalagoak» direla eta «era konstruktiboan» doazela aurrera. Iranen eta Pakistan bitartekariaren ordezkariak larunbatean bildu ziren Teheranen, eta Pakistanek bileren ostean esan zuen inoiz baino gertuago dagoela «bake akordioa». Gaur, ordea, Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaile Eesmail Baqaeik adierazi du akordioa ez dela «berehalakoan» helduko.

«Egia da eztabaidatzen ari ginen hainbat gairi dagokienez bat etorri garela, baina horrek ez du esan nahi akordioa berehalakoan sinatuko denik». Baqaeiren hitzak dira, Teheranen eman duen prentsaurreko batean esanak. Hala, Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak argi utzi du akordioa lortzeko denbora beharko dutela, eta, aurrez hainbatetan esan bezala, errepikatu du Iranen programa nuklearraren gaineko eztabaida ez dagoela oraindik mahai gainean, eta aurrerago eztabaidatuko dutela.

Irango Irna albiste agentziak iturri ofizialak aipatuz azken egunetan adierazi duenez, Teheranen lehentasun nagusia gerra amaitzea da —baita Libanon ere—; alegia, AEBen edozein motatako erasoak gelditzea. Trumpek, berriz, Truth Social bere sare sozialean gaur idatzi du akordioa, izatekotan, «bikaina eta esanguratsua» izango dela; alegia, horrelakoa izan ezean, ez dela akordiorik sinatuko.

Horrekin lotuta, Baqaei mesfidati agertu da AEBekin akordioa egitearen harira. Izan ere, esan du Washingtonek «askotan» aldatu duela jarrera eztabaidetan, eta gaineratu du Teheranek ez daukala Washingtonek konpromisoak beteko dituen bermerik. Horrez gain, adierazi du Teherani «berdin» zaizkiola Trumpen mehatxuak —hainbatetan egin du mehatxu Teheran bonbardatuko duela Iranek Ormuzko itsasartea irekitzen ez badu—, eta azpimarratu du orain arte eman dituzten aurrerapausoak Pakistani eta beste herrialde batzuei eskerrak eman dituztela.

Ebrahim Rezaei Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko bozeramaileak ere bide beretik jo du gaur, X sare sozialean idatzi duen txio batean. Esan duenez, orain arte «begia begi truk» aritu da Iran gerrari dagokionez; eta diplomazian ere, «ekintza bat beste ekintza baten truke» izaten ari dela idatzi du. «Akordioa nahi badute, negoziatu dezatela. Iran ez da erasoen eta mehatxuen aurrean makurtzen», gaineratu du.

125.000

Zenbat lagunek izan dituzten azaleko infekzioak Gazan. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak jakinarazi duenez, Gazako 125.000 herritarrek intsektuek edota karraskariek eragindako azaleko infekzioak izan dituzte. Adierazi dutenez, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziaren saneamendu taldeak jada hasi dira infektatutako herritarrei arta ematen, baina salatu dute kanpin denda, sendagai eta pestizida gehiago behar dituztela arazoari behar bezala aurre egiteko.

Trumpek atzo goizaldean Truth Social bere sare sozialean jakinarazi zuenez, AEBen, Iranen eta eskualdeko beste herrialde batzuen arteko akordioa «eztabaidatuta» dago «hein handi batean», eta laster emango dute «amaierako xehetasunen» berri —Arabiar Emirerri Batuak, Bahrain, Egipto, Jordania, Pakistan, Qatar, Saudi Arabia eta Turkia dira eskualdeko beste herrialde horiek—.

Bakearen inguruan ados jartzeko memoranduma deitu dio Etxe Zuriko maizterrak akordioari, eta, Reuters albiste agentziak zabaldu duenez, etapaz etapa egingo litzateke prozesua. Hor sartuko lirateke, besteak beste, gerra «formalki» amaitzea, Ormuzko itsasarteko blokeoari irtenbidea topatzea, eta 30 eguneko epea ezartzea «bake iraunkorra» adosteko.

Akordioaren giltza Ormuzko itsasartean eta Iranen programa nuklearrean datza. Programa nuklearraren inguruan, Trumpek asteburuan esan du Teheranek ulertu behar duela ezin duela arma edo lehergailu nuklearrik garatu, «ezta beste era batera eskuratu ere» —IAEAk hainbatetan esan du ez daukala Iran arma nuklearrak garatzen ari den zantzurik—. Bada, Irango Irna albiste agentziak gaur zabaldu duenez, Teheran arma nuklearren auzia eztabaidatzeko prest legoke bi aldeek aurrez akordio bat lortzen badute eta Washingtonek hartutako konpromisoak betetzen baditu —AEBek eta Israelek Iranen erasoaldia abiatu aurretik, AEBak eta Iran negoziatzen ari ziren, eta Iranek esan zuen bi aldeak itun bat «berehala» egiteko moduan zeudela baldin eta auzi nagusia arma nuklearrena bazen—.

Desblokeoa, «laster»

Ormuzko itsasarteari dagokionez, berriz, Trumpek asteburuan iragarri zuen bi aldeen arteko akordioan sartuko litzatekeela Ormuzko itsasartea zabaltzea —bertatik igarotzen da munduko petrolioaren %20—, baina AEBetako presidenteak hori esan bezain pronto gezurtatu zuen Teheranek. Baqaeik gaur eman duen prentsaurrekoan, berriz, adierazi du Ormuzko itsasartearen kudeaketa itsasartearen ertzean dauden herrialdeen eskumena dela: «Harremanetan gaude Ormuzko itsasartea inguratzen duten herrialdeekin, haien segurtasuna bermatzeko eta interesak babesteko».

Hala ere, AEBetako Axios atariak Etxe Zuriko goi kargudun batekin hitz egin du, eta, haren ustez, «laster» iritsiko da Ormuzko itsasartea desblokeatzeko akordioa. Informazio horren arabera, Mojtaba Khameneiren oniritzia izango luke akordioak, baina oraindik xehetasun batzuk falta direla esan du.

Horrekin lotuta, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak New Delhin eman duen elkarrizketa batean —bisita ofiziala egiten ari da— adierazi du Washingtonek «proposamen oso sendoa» egin diola Teherani. Rubioren esanetan, «itsas blokeoa amaitzea eta auzi nuklearraren gainean adostasunera iristea» du helburu proposamen horrek: «Gure ustez, proposamen sendoa daukagu mahai gainean Ormuzko pasabidea irekitzeko eta auzi nuklearraren gaineko benetako negoziazio bati ekiteko. Zorte apur batekin, lortzeko moduan egongo gara». Hala ere, esan du bide horrek porrot egiten badu «beste bide bat» topatuko dutela adostasuna lortzeko.

ISRAELEK BESTE HIRU LAGUN HIL DITU GAUR LIBANON

Israelgo armadak hiru lagun hil ditu Libano hegoaldean, Kfar Roummane herrian. Libanoko albiste agentzia ofizialak jakinarazi duenez, zenbait autoren aurka egin du eraso Tel Avivek, droneekin. Horrez gain, Nabatieh eskualdeko eta Bekaa haraneko hamar herritako biztanleei haien etxeak uzteko eta bertatik ihes egiteko agindua eman die Israelek, gaur. Tel Aviven esanetan, Hezbollah milizia xiitak hautsi egin du su etena —menia 45 egunez luzatu zuten hilaren 15ean Libanok eta Israelek, baina Tel Avivek erasoak egiten jarraitu du—, eta adierazi du «horri erantzuteko» egin duela eraso.

 

Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak New Delhin egin duen agerraldian adierazi du Libanoko auzia ez dela Iranekin mantentzen ari diren elkarrizketetan sartzen, eta baieztatu du negoziazio hori beste bide batzuetatik egiten ari direla. «Auzi bakoitza bere aldetik lantzen ari gara», adierazi du.

Hezbollahk gobernua eraisteko deia egin du azken egunetan, eta hori gaitzetsi zuen atzo Rubioren prentsa bulegoak. Haien esanetan, milizia xiita «herrialdea ezegonkortzeko kanpaina bat» egiten ari da gobernua Israelekin negoziatzen ari delako. Bada, Rubiok gaur adierazi du arazoa Hezbollah dela, «Iranek finantzaturiko talde bat», eta ez Libano edota Israel.

 

Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben Gvir ultrak Libanon gerra berriro hasteko eskatu dio Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri. X sare sozialean idatzi du Libanoko hornidura elektrikoa «eten» egin behar dela, eta Israelgo mugatik 40 kilometrora dagoen Zahrani ibairainoko Libanoko lur guztiak okupatu behar direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA