Ote arantzatsuak Parisko bozetan

Herriko bozak dituzte bihar Frantziako hiriburuan ere. Zalantza: ea sozialistek beste agintaldi bat lortuko ote duten. Ia ziurra: bigarren itzulia beharko da, eta, inkesten arabera, baliteke bost alderdik hartara igarotzeko adina boto lortzea.

Andre bat Parisko herriko etxerako hautagaien kartelen ondotik pasatzen, aste honetan. YOAN VALAT / EFE
Andre bat Parisko herriko etxerako hautagaien kartelen ondotik pasatzen, aste honetan. YOAN VALAT / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko martxoaren 14a
05:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazte bakar batek ere ez du ezagutu sozialistek gobernatu gabeko Paris bat, Bertrand Delanoe auzapeza zena eta Anne Hidalgo auzapeza dena bata bestearen atzetik aritu baitira azken mende laurdenean, bina agintalditan. Baina oraingo eztabaida ez da ea gazte batek gogoratu ote dezakeen aurrez kontserbadoreek agindu zuten Paris hura, baizik eta ea PS Frantziako Alderdi Sozialistak Emmanuel Gregoire diputatuarekin ere asmatuko ote duen —esamoldea bi bale, hirugarrenean ere bale ote den—, edo, bestela, ea eskuinekoek bolada hori etengo ote duten hiriburuan, bihar Frantziako Estatuan egitekoak diren herriko bozetan. Ote gehiegitxo dago, bai, Parisen, herriko etxerainoko bidezidorrean.

Zuhaixka horrek gehiago du literaletik beste edozer gauzatatik baino, hautagaitzek ez baitute nahi elkar sastatu; hobe esanda, ez dute nahi, ideologikoki gertuxeagoko alderdiak edukiagatik ere, auzapezgoa lortzeko norberak dituen aukerei ezeinek zizt-zazt egitea. Nor bere aldetik; izan ere, ez dirudi batzuk besteekin elkartuko direnik bigarren itzulira begira: inkestek aurreikusten dute, ezker-eskuin, bost alderdik lortuko dituztela gutxienez bozen %10 —PS, LR Errepublikanoak, Horizons, LFI Frantzia Intsumisoa eta Reconquete—; batek lehen itzulian gehiengoa lortu ezean, horixe bera dute gainditu beharreko langa bigarren itzulira igarotzeko.

Ezkerreko alderdiak Gregoireren bueltan aurkeztu dira. Diputatu sozialistak Parisko auzapezorde kargua utzi zuen duela bi urte Frantziako Asanbleako eserlekua lortzearren, eta, horrek Hidalgoren begietan fidagaiztu zuen arren, PSren Parisko militanteek Gregoire lehenetsi zuten —«Ezin da guztirako hautagaia izan», esan zuen Gregoireri buruz Hidalgok, hirugarrenez aurkezteko aukera bazter utzi zuenean; 2014az geroztik auzapez denak begikoago zuen Remi Feraud senatari eta hiriburuko hamargarren barrutiko auzapeza—. Ezkerreko alderdiak juntatu dira, salbu LFI Frantzia Intsumisoa, Quentin Deranque ultra gaztearen hilketak alderdia are bakartuago utzi baitu Frantziako panorama politikoan; dena den, badirudi Sophia Chikirou intsumisoak arantza kendu eta lortuko duela bigarren itzulira bere kasa igarotzea.

LR eskuin tradizionaleko alderdiak frogatu nahi du ezetz, esamolde egokiagoa dela lehenengoan kale, bigarrenean bale, eta Rachida Dati proposatu du beste behin herriko etxean agintzeko. Dati kontserbadorea Parisko zazpigarren barrutiko auzapeza da 2008az geroztik, Kultura ministro duela bi aste eta erdira arte, eta hark eragingo die sozialistei kezka gehien. 2020ko herriko bozetan bigarren itzulira igarotzea lortu zuen arren, oposizioa egitea beste aukerarik ez zitzaion geratu; eta aurtengoetarako, zera diote inkestek: bozen herenaren bueltan ibiliko dela PS, eta laurdenetik gora LR; emaitza hobexeagoa lortuko lukete biek aurreko bozetako lehen itzuliko emaitzei erreparatuz gero; %29 eta %22 lortu zituzten, hurrenez hurren.

Ikusteko dago kontserbadoreek herriko etxeko giltza berreskuratuko ote duten mende laurden beranduago, baina Datiri dagokionez, hauxe da begi bistakoa: Parisko Auzitegi Korrekzionalera joan beharko du irailean, fiskaltzak ustelkeria eta trafiko influentzia egozten baitio. Aholkularitza judiziala zela eta, Renault-Nissan auto ekoizleari 900.000 euro kobratu zizkion 2010 eta 2012 artean; lobbysta aritzea leporatzen diote, noiz-eta artean europarlamentaria zela.

Eskuina, zatikatuta

Eskuineko blokea zatikatuago aurkeztuko da biharko herriko bozetara, 2020koen ondoren —eta 2022ko presidentetzarakoen atarian— sortu baitziren Horizons zentro-eskuineko alderdia eta Reconquete eskuin muturrekoa, eta inkestek diote horiek ere badutela aukera bigarren itzuli posible bezain ziurrera igarotzeko. Horizonsen hautagaiak, Pierres-Yves Barnazelek, «hirugarren» alternatibatzat dauka bere zerrenda; irizten dio Gregoire eta Dati «beren muturren gatibu» direla, eta oraingoan zentro-eskuinak duela sozialisten beste agintaldi bat galarazteko betebeharra.

Litekeena da RN Batasun Nazionala alderdi ultra izatea bigarren itzulira pasatzeko aukerarik gabe geratuko den hautagaitza bakarra, aurreikuspenen arabera ez baititu lortuko ezta bigarren itzulian beste zerrenda batekin elkartzeko adina boz ere, hots, bozen %5 ere.

Galderak loratzen hasi dira: ea bigarren itzulia, halakorik baldin badago —ia seguru baietz—, ez ote den lehenbizikoaren ia-ia berdina izango; ea alderdiren batek nahikoa boz lortuta ere atzera egingo ote duen —sakrifikatuko ote den— bloke ideologiko berekoei bultzadatxoa emateko; eta ea Hidalgoren legatu berdea zertan geratuko den. Bi agintaldiotan, egungo auzapezak politika ekologistak bultzatu ditu Frantziako hiriburuan: oinezkoentzat bihurtu ditu hainbat eta hainbat kale, Sena ibaiaren ertza barne; autoen erabilera murritzarazi du bizikleten onurarako, eta gidatzeko abiadurari ere muga jarri dio; horren guztiaren ondorioz, emisioak ere gutxitu dira... Inertziaz edo, eskuin muturrak izan ezik alderdi gehientsuenek erakutsi dute politika ekologistekin jarraitzeko nahia —nork bere moduan eta komeni zaion neurrian—, baina paristarrek badituzte are gehiago kezkatzen dituzten kontu gehiago: segurtasuna, hondakinen kudeaketa eta etxebizitza; horiei ere eutsi beharko die hurrengo auzapezak. Galderak loratzen hasi dira Parisko zelaietan, oteak besterik ez diren arren. Erantzunak bihar emango ote dituzte emaitzek.

2020ko emaitzak pARISKO BOZETAN

  • DPS Alderdi Sozialista. Lehen itzulian bozen %29,33; bigarrenean %48,49.
  • DLR Errepublikanoak. Lehen itzulian %22,72; bigarrenean %36,13.
  • Errepublika Martxan. Lehen itzulian %18,04; bigarrenean %13,04. Orain Renaissance deritzo, eta biharko bozetan Horizons alderdiari eman dio babesa.
  • Ekologistak. Lehen itzulian %10,79; bigarrenerako sozialistekin elkartu zen.
  • LFI Frantzia Intsumisoa. Lehen itzulian %4,57.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA