Espainian, lehen aldiz, alderdi politiko bat ustelkeriagatik zigortu dute gaur. Auzitegi Nazionalak Gurtel auziko epaia atera du, eta ezarri dituen zigorren artean PPri ezarri dio bat: erantzule zibil gisara, 245.000 euro ordaindu beharko ditu ustelkeria trama horretan parte hartzeagatik; zehazki, dirua irabazi zuelako. Trantsisioaz geroztik, asko izan dira ustelkeriagatik Espainian zigortu dituzten politikariak, baina lehen aldia da alderdi bat ustelkeriaren erantzuletzat jotzen dutela eta zigortzen dutela. Gurtel auzia 2007an abiatu zuen Auzitegi Nazionalak, eta hainbat adar ditu. Auzi horrekin lotutako bigarren epaia da gaur atera dena, lehen garaiari dagokiona (1999-2005).
Auzitegi Nazionalak, gainera, bere epaian azpimarratu du gutxienez 1989tik 2008ra Espainiako Gobernuan dagoen alderdiak B kutxa bat zuela legez kanpoko komisioetatik jasotzen zuen dirua zenbatzeko eta kudeatzeko. 2008an Mariano Rajoy zegoen alderdiaren presidentetzan, eta, modu horretan, epaiak zuzen-zuzenean jo du Espainiako presidentea. Epaiak hitzez hitz dio urte horien artean PPk finantza eta kontabilitate egitura paralelo bat zuela, eta ustelkeria sarearen ekarpenek osatu zutela. Hiru mailatan funtzionatzen zuen ustelkeria sareak: administrazio zentralean, autonomikoan eta lokalean. Epaiak dio altxortegi publikoari kendutako diru hori (kontratazio publikoetatik zihoan dirua zelako) PPren hauteskundeetako gastuak edo antzekoak ordaintzeko erabili zela zuzenean, eta, bestela, B kutxan sartzen zutela. Epaileek diote modu ez-formalean apuntatzen zituztela diru sarrera horiek; batzuetan, eskuz idatziz, Barcenasi dagozkionak bezala.
Epaiak dio B kutxa horren kontabilitatean diru sarrerak eta irteerak jasotzen zituztela, eta, beste kasu batzuetan, "alderdiko kide garrantzitsuei ematen zitzaizkien diru kopuruak". Hala ere, epaileek ohartarazi dute B kutxari eta finantzaketa eta kontabilitate paraleloari buruzko datu horiek epaitzen ari diren gertakarien testuingurua azaltzeko jaso dituztela, B kutxa horri dagozkion salaketak (Barcenasen paperei dagozkienak) beste adar bati dagokion prozeduran epaituko direlako.
PPk iragarri du helegitea aurkeztuko duela epaiaren aurka.
51 urtera arteko espetxe zigorrak
PPri jarritako zigorraz gain, beste zigor batzuk ere ezarri dituzte gaur emandako epaian: besteak beste, Francisco Correa enpresari eta auziko ustelkeria sarearen buruari, 51 urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra; Luis Barcenas PPko idazkari ohiari, 33 urteko eta 4 hilabeteko espetxe zigorra eta 44 milioi euroko isuna; eta Ana Mato PPko Osasun ministroari, 27.857 mila euroko isuna.
1.700 orri ditu epaiak, eta egiaztatzen du PPk B kutxa bat zuela komisioetatik jasotzen zuen dirua hartzeko, eta diru horrekin finantzatu zela. Correaren inguruko enpresei irregularki ematearen truke hainbat komisio eta zerbitzu jasotzen zituzten PPko politikariek (bidaiak, ekitaldien antolaketa...), eta horiek guztiak alderdiaren ohiko funtzionamenduan txertatuta zeuden. Madrilen eta Gaztela eta Leonen egin ziren operazio horiek (batez ere hiriburuan, Majadahondan eta Pozuelo de Alarcon herrietan), baina baita Andaluzian ere (Estepona). 40 milioi euro baino gehiago ezkutatu zituzten modu horretan. Epaileek ebatzi dute Gurtel sarea "benetako ustelkeria sistema instituzional" bat zela, eta Correaren eta PPren artean osatzen zuten "kolaborazio egitura egonkor" bat.
Barcenasen eta Merinoren itzala PPn
Zehazki, Barcenasek eta Jesus Merino PPko diputatu ohiak beste alderdikideengan eragin handia zutela dio epaiak, eta Correak eta Pablo Crespok (Correaren konfiantzazko pertsonetako bat eta sareko bigarren arduradun nagusia) eragiteko gaitasun hori baliatu zutela euren enpresetan kontratu publikoak jasotzeko. Epaileek diote sarea osatzen zuten enpresariek kontratazio publikoa manipulatzeko mekanismoak sortu zituztela PPko militante handi-mandirekin. Politikari horiek zenbait erakunde zuzenean edo beste pertsona batzuen bitartez kontrolatzen zituztela dio epaiak eta modu horretan baldintzatu zezaketen kontratu publikoak nori eman.
Zigorrak hainbat deliturengatik ezarri dituzte: dirua zuritzea, agiriak faltsutzea, eroskeria, Ogasunaren aurkako delitua, lapurreta, prebarikatzioa, kontratazioetan eragitea, diru publikoaren erabilera okerra eta administrazioari iruzur egitea. Angel Hurtado magistratu eta epaimahaiko presidenteak boto partikularra eman du adieraziz ez dela ados PP alderdi gisara zigortzearekin. Dio Majadahondako eta Pozuelo de Alarconeko alkateak ezkutuan aritu zirela eta ezin dela frogatu PPk horren berri zuenik.
Hauek dira epaiak ezarritako zigor nagusiak:
PP: alderdia berak Gurtel auziko ustelkeria sarearekin dirua irabazi zuela egiaztatu dute epaileek, zehazki Madrilgo Majadahonda eta Pozuelo de Alarcon herrietako alkateen bitartez, hurrenez hurren, Guillermo Ortega eta Jesus Sepulveda (Ana Mato PPko Osasun ministro ohiaren senarra da azken hori). Alderdi bati Espainian ezarri zaion lehen zigorra da. Auzitegi Nazionalaren arabera, "Estatuaren interesen kaltetan legez kanpo aberastu" zen alderdia. Zehazki, ustelkeria sareak onura ekonomikoa ekarri ziola dio epaiak.
Francisco Correa: Gurtel auziko ustelkeria sarearen burua da, berak lotzen zituen enpresak eta PPko agintariak. 51 urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote.
Guillermo Ortega: Madajahondako alkatea zen eta 38 urteko espetxe zigorra ezarri diote. Fiskaltzak 50 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen.
Pablo Crespo: Correaren konfiantzazko pertsona eta ustelkeria sarearen bigarren arduradun nagusia. 37 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote.
Luis Barcenas: PPko diruzaina izan zen eta 1999 eta 2005 urteen artean hainbat komisio jaso zituen (B kutxaren kudeaketa beste auzi bati dagokio). Horiekin eta alderdiaren B kutxatik atera zuen diruarekin Suitzan 48,2 milioi euro bildu zituen. 33 urteko eta 4 hilabeteko espetxe zigorra eta 44 milioi euroko isuna ezarri diote. Lehenago 19 hilabete egona da espetxean, behin behinean. Fiskaltzak 39 urteko zigorra eskatzen zuen.
Alberto Lopez Viejo: Madrilgo autonomia erkidegoko kontseilaria ohia da eta 31 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. 46 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen fiskalak.
Rosalia Iglesias: Barcenasen emaztea da. 15 urte eta hilabete bateko espetxe zigorra ezarri diote bera ete bere senarraren errentak ezkutatzeagatik. Horietako batzuk Espainian eta Suitzan zituzten kontuetan sartzen zituzten. Gainera, dirua zuritzen zuten esanez koadroak saltzetik jasotzen zutela dirua zela. Fiskaltzak 24 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen.
Juan Jose Moreno: Majadahonako alkate ohia da eta hamabost urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote.
Luis Sepulveda: Pozuelo de Alarcon herriko alkate ohia eta Ana Matoren senarra. 14 urteko eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. Epaiak dio Correaren sareak bidaiak eta beste zerbitzu batzuk eman zizkiola opari bere familiarentzat, tartean opariak, jaunartze baten ospakizuna eta urtebetetze festak. Fiskalak 15 urteko zigorra eskatzen zuen beretzat.
Ricardo Galeote: Esteponako (Andaluzia) alkatea eta zazpi urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote.
Carlos Clemente: Madrilgo autonomia erkidegoko Immigrazio kontseilaria izan zen eta bost urteko eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote.
Jesus Merino: PPko diputatu ohia da eta hiru urteko eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. Barcenasekin batera PPko beste kideengan itzal handia zuela diote epaileek.
Pedro Rodriguez: Lopez Viejoren aholkulari ohia da eta hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote.
Angel Sanchis: Alianza Popular alderdiko (PPren aurreko izena) idazkari ohia da. Bera eta berari eta semeari urte beteko espetxe zigorra ezarri diete.
Roberto Fernandez Rodriguez: Pozuelo de Alarconeko alkate ohia da eta 11 hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote.
Ana Mato: PPko Osasun ministro ohiari 27.857 euroko isuna ezarri diote, ustelkeria saretik bere senarrari (Sepulveda) iristen zitzaizkion opariekin onura izan zuelako. Mato eta Sepulveda ezkonduta zeudenez eta ondasunak ez zituztenez bereizita, hala ebatzi dute epaileek.
Epaian zortzi auzipetu absolbitu dituzte: Alvaro Perez Alonso El Bigotes (Correaren Valentziako konfiantzazko pertsona eta Orange Market enpresako orduraduna, zeinek hainbat kontratu publiko eta hauteskunde ekitaldiren antolaketen mandatua jaso zuen), Luis Valor San Roman (Majadahondako Udaleko zuzendari ohia), Jacobo Ortega Alonso (Guillermo Ortegaren anaia), Jose Antonio Saenz Jimenez (Pozuelo de Alarconeko zinegotzia) eta Carmen Garcia Moreno, Antonio Martin Sanchez, Juan Ignacio Hernandez Rodriguez eta Inmaculada Mostaza (lauak ere sarea osatzen zuten enpresekin lotura dutenak).
Zaplana, kartzelara
Erial auzia ikertzen ari den epaileak espetxera bidali du Eduardo Zaplana PPren Espainiako Gobernuko Lan ministro eta bozermaile ohia. Baldintzarik gabe kartzelaratzeko agindu du.
Zaplana Valentziako (Herrialde Katalanak) 8. Instrukzio Epaitegiaren esku gelditu da, atzo, Guardia Zibilak atxilotu ostean. Aznarren gobernuko ministro ohiari kapitala zuritzea, prebarikazioa, diru publikoaren erabilera bidegabea eta funtzionario eroskeria leporatzen dizkiote.