Datozen egunetan erabakiko dute Assangeren estradizioari buruz

Londresko epaileen esku dago kazetaria AEBetara bidaltzea onartu ala haren kasua berriz aztertzeko aukera eman. AEBetan 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete, espioitzagatik eta intrusio informatikoagatik.

Julian Assangeren jarraitzaileak, Londresko Justizia Auzitegien aurrean, asteazken honetan. NEIL HALL / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 21a
14:00
Entzun

Julian Assange kazetariaren etorkizuna kolokan dago, Erresuma Batuko Victoria Sharp eta Jeremy Johnson magistratuen esku. Atzo eta gaur bitarte, Assangeren defentsaren argudioak eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuarenak entzun dituzte, eta erabaki bat hartu behar dute orain: kazetaria estraditatzea onartu edo haren kasua berriz aztertzeko aukera eman. AEBetara bidaliz gero, kazetariari 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete, espioitzagatik eta intrusio informatikoagatik.

Gaur amaitu da epaiketa eta auzitegiak lehenbailehen erabakiko du, baina ez du datarik zehaztu. Epaileek denbora bat hartuko dute hausnartzeko eta datozen egunetan emango dute horren berri. Epaiketak iraun duen bi egunetan, Assange ez da epaitegian azaldu, osasun arazoak argudiatuta.

Assangeren abokatu Ed Fitzgeraldek atzo hitz egin zuen epaileen aurrean, eta prozesu judizialak «motibazio politikoa» duela salatu hasieratik: «Assangek ekintza kriminal larriak aurkeztu zituen iritzi publikoaren aurrean, eta kazetaritzako ohiko praktika batengatik jazarri zaizkio: egiazkoa eta interes publikokoa zen informazio sailkatua lortu eta argitaratzeagatik». Abokatuak iritzi dio estradizioa eskatzea «gehiegikeria» dela.

Bestalde, Clair Dobbin abokatuak, AEBetako justiziaren izenean, ukatu egin du prozesu judizialak motibazio politikoak dituela. «Baliteke errekurtsogilearen akusazioa aurrekaririk gabea izatea, baina egin zuenak ez zuen aurrekaririk. Bereizi gabe eta zertan ari zen jakinda argitaratu zituen munduan AEBetarako informazio iturri izan ziren pertsonen izenak».

175

Kartzela zigor eskaera AEBetara estraditatuz gero, kazetariari 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. AEBek espioitza eta intrusio informatikoko hemezortzi delitu leporatu dizkio Assangeri, Wikileaks atarian sekretuko informazioa emategatik, 2010. eta 2011. urteetan AEBek Irakeko eta Afganistango gatazketan egindako ustezko gerra krimenak zabaltzeagatik.

Akusazioak gaur adierazi duenaren arabera, kazetariak Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen, hark herrialde horretako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan, ondoren bere Interneteko atarian argitaratzeko. Defentsak ukatu egin ditu salaketak, eta erran du Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri, hain justu leporatzen baitiote AEBen informatzaileak arriskuan jartzea.

AEBetako Gobernuak kazetariaren bizitzaren inguruan eskaintzen dituen bermeen ideiari ere kontra egin dio defentsak, argudiatuta 2017an kazetaria hiltzen saiatu zirela, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan zegoen bitartean. Haren erranetan, AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak kudeatu zuen ekintza hura: «Planak behea jo zuen agintari britainiarrek nahigabea agertu zutenean Londresko kaleetan tiroketa bat izan zitekeelako ideiarekin».

Stella Assange, kazetariaren emaztea, antzera mintzatu da gaur, eta, adierazi duenez, «pentsaezina» da kazetaria bere «erailketa prestatu» zuen herrialdera estraditatzea. Iritzi dio prozesu judiziala «amaitu beharreko faltsukeria bat» dela, bortz urte kartzelan egon eta gero aske izan behar lukeelako. Izan ere, Assange 2019ko apirilaren 11n atxilotu zuten, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan. Han zegoen babestua 2012tik, baina, Ekuadorko gobernu aldaketarekin —Lenin Moreno bilakatu zen presidente, 2017an—, konfiantza hautsiz joan zen, eta, azkenean, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa ukatu zioten.

Jeremy Corbyn Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buruzagi ohiak ere adierazpenak egin zituen atzoko saioan, «eskandalagarria» iruditzen baitzaio Assange AEBetako Espioitza Legea urratzeaz akusatzea: «Auzitegi honek Assangeri aukera ematen ahal dio bere auzia entzuna izateko, justizia egin dadin eta, azkenean, gizon askea izan dadin».

Interes publikoaren alde

Bien bitartean, Assange babesten dutela erakusteko, ehunka lagun bildu dira egunotan Londresen, Justizia Auzitegi Nagusiaren eraikinaren kanpoko aldean. Rebecca Vincent, erraterako, Assange askatzearen aldeko kanpainaren arduraduna, han egon zen atzo, eta adierazi zuen auzi hori ez dela epaitegietan argitu beharrekoa. «2010ean Wikileaksen dokumentu klasifikatuak argitaratzeak interes publikoaren aldeko kazetaritza sortu zuen mundu osoan. Badakigu gerra krimenak eta giza eskubideen urraketak plazaratu zituela. Eta hori guztia argitaratzeko baimena eman zuen gizona bakarrik auzipetu dute. AEBetara estraditatzen badute, aurrekari oso arriskutsua izanen da informazio klasifikatuarekin lan egiten duen edozein kazetari edo kazetaritza erakunderentzat», azaldu zuen.

Bide beretik solastatu da Sofie Marhaug, Norvegiako Alderdi Komunistako kidea, eta erran du kazetaria Bakearen Nobel sarirako hautagai gisa proposatu duela. Haren hitzetan, Assangek Mendebaldeko «gerrako krimenak» erakutsi ditu, eta, beraz, bakearen alde lan egin. «Assangeren kontrako saioak presiopean jartzen ditu prentsa eta adierazpen askatasuna bera, eta, jakina, arazo demokratiko handia da hori».

2022ko ekainean onartu zuten Assange estraditatzea. Zehazki, Priti Patel Erresuma Batuko Barne ministroak eman zion baiezkoa erabakiari, urte bereko apirilean Westminsterko Magistratuen Auzitegiak agindua igorri eta gero. Barne Ministerioak erran zuenez, Assange AEBetara bidaltzea ez litzateke «bateraezina giza eskubideekin», eta herrialde horretan «egoki tratatuko» lukete.

Arrazoiak, geroago

Oraindik ez dago argi zer erabakiko duten bi magistratuek. Erabakiaren berri laster emanda ere, baliteke hari lotutako arrazoiak geroago argitaratzea, kazetariaren estradizio prozesua bizkortzeko. Kontrara, Assangeren alde eginez gero, Erresuma Batuko justiziak berriz aztertuko luke estradizioa legezkoa den ala ez.

Badago beste aukera bat epaileen erabakia kontrakoa baldin bada: Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea. Kazetariaren emazteak adierazi du 24 ordu soilik izanen lituzketela errekurtsoa jartzeko, eta aurrera egiteko aukera gutxi. «Hau da azkeneko aukera Britainia Handiko auzitegietan. Pasatzen den egun bakoitzeko, Julianen bizia are arrisku handiagoan dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.