Iazko azken hilabeteetako datuei erreparatuta, bazirudien 2025ean munduan izandako tenperatura anomalia aurreko urteetako mailara irits zitekeela, eta hala baieztatu dute gaur: 2025ean Lurreko airearen tenperatura 1,47 gradu zentigradu beroagoa izan zen 1850etik 1900era arteko erregistroekin alderatuta. Hala, 2023., 2024. eta 2025. urteetan inoizko tenperatura beroenak neurtu dira erregistroak daudenetik, eta batez beste 1,5 graduko langa gainditu dute hirurek batera, bereziki 2024ko datuengatik, 1,6 gradura iritsi baitzen orduan beroketa. Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuak emandako datuak dira, eta beste eragile hauekin batera ondu ditu: Munduko Meteorologia Erakundea, ECMWF epe ertaineko iragarpen meteorologikoetarako Europako zentroa, NASA, ozeanoen eta atmosferaren kudeaketarako AEBetako batzordea, Erresuma Batuko meteorologia bulegoa eta Berkley Earth.
Neurketak egiten direnetik, lehen aldia da hiru urteko epe batean tenperaturaren berotzea 1,5 gradutik gorakoa dena. 1991tik 2000rako tartearekin alderatuta, berriz, 0,59 gradu beroagoa izan da 2025a. Florian Pappenbergerrek, ECMWFko zuzendari nagusiak, azaldu du ez direla «albiste onak»: «Datuek aldaketa dramatiko bat erakusten digute klima aldaketari dagokionez».
Zehazki, urte beroenen zerrendan hirugarren lekuan dago 2025a, aurreko bien atzetik: 2023a 1,48 gradu beroagoa izan zen, eta 2024a, berriz, 1,6 gradu beroagoa. 14,97 graduko batez besteko tenperatura izan du Lurraren gainazaleko aireak 2025ean. Parisko Akordioan, 2015ean, Lurreko tenperaturaren beroketa gehienez 2,0 gradura mugatzeko helburua ezarri zuten, eta ahal zen heinean 1,5 gradura mugatzekoa.
Azken hirurak ez ezik azken 11 urteak ere —2015etik 2025era— inoizko beroenak izan direla nabarmendu du Carlo Buontempok, Copernicusen Klima Aldaketaren Zerbitzuko (C3S) zuzendariak: «Azken 11 urteak inoizko beroenak izatea beste froga bat da baieztatzeko klima berotzen ari dela. Mundua oso azkar ari da gerturatzen Parisko Akordioan epe luzera jarritako tenperatura mugara; muga hori gainditzeko zorian gaude. Orain zera erabaki behar dugu, nola kudeatu hobeto muga horren gainditze saihetsezina, baita horrek gizarteari eta naturari eragingo dizkion kalteak ere».
Hala ere, urte batean muga horiek gainditzeak ez du esan nahi beroketa globalak langa hori gainditu duenik, urte batzuen batezbestekoa hartzen baita kontuan: hogei urterena, gutxienez. Hori dela eta, Copernicus zerbitzuko zientzialariek kalkulatu dute gaur egun Lurraren berotzea 1,4 gradu ingurukoa dela, eta aurreikusi dute hamarkada amaitu aurretik gaindituko dela 1,5 graduko langa; Parisko Akordioa sinatu zenean uste zen beste hamar urte beharko zirela muga hori gainditzeko. Zientzialariek, egoera iraultzeko, ezinbestekotzat jo dute ekonomian aldaketa sakonak egitea eta baliabideen kontsumoa —energia baliabideena bereziki— berehala murriztea, baina isurketa globalek gora egiten jarraitzen dute, eta, munduko ekonomian eta geopolitikan izaten ari diren aldaketen ondorioz, bigarren mailan geratu da klimaren aldeko ekintza.
Joeraren atzean dagoena
Batez ere atmosferan pilatuta dauden berotegi gasek eragin dituzte azken urteetako tenperatura beroak. Urtez urte gora egiten ari da atmosferan dagoen karbono dioxido partikulen kopurua, eta 2024an errekorra hautsi zuen adierazle horrek: airean dauden milioi bat partikulako, 423,9 karbono dioxidoarenak dira. 2023tik 2024ra 3,5 partikulako hazkundea izan zen (+0,83); igoera modu absolutuan aztertuta, inoizko handiena izan da.
«Datuek aldaketa dramatiko bat erakusten digute klima aldaketari dagokionez»
FLORIAN PAPPENBERGER, ECMWFko zuzendari nagusia
Bada, Copernicusek azaldu duenez, atmosferan pilatuta dauden berotegi gasen kontzentrazio handi horren eragina areagotzen ari da, ekosistemak karbonoa xurgatzeko ahalmena galtzen ari delako. Bestalde, azken hiru urteetan El Niño fenomenoa gertatu da; hots, Ozeano Bareko ekuatorearen ekialdean tenperaturak ohi baino gehiago berotzen dituen oszilazioa. Fenomeno horren ondorioz are gehiago igo da munduko batez besteko tenperatura, eremu oso handia hartzen baitu haren eraginpeko itsaso zatiak.
Garrantzi txikiagoa duten beste faktore batzuen eragina ere nabarmendu dute. Aerosolen kontzentrazioetan izandako aldaketak horietako bat dira: itsasontziek gero eta aerosol gutxiago isurtzen dituzte araudi zorrotzagoak daudelako, eta horrek tenperaturak igotzea eragin du, aerosolek eguzkiaren irradiazioa espaziora bideratzen baitute. Beraz, atmosferan aerosol gutxiago egonda, lurrazalera eguzki izpi gehiago iristen dira.
Desberdintasunak eskualdeka
2025a oso beroa izan bada ere, aldaketak izan dira gainazala motaren arabera eta latitudearen arabera. Izan ere, 2025ean ez da El Niño fenomeno berorik izan, eta horrek ozeanoetako batez besteko tenperatura aurreko urteetakoa baino freskoagoa izatea eragin du; hala ere, nabarmendu dute batezbestekoa baino «askoz beroagoak» izan direla iazko tenperaturak han. 2025ean, baldintza neutralak —La Niña fenomenoa; hau da, ohi baino tenperatura hotzagoak— izan dira Ozeano Bareko ekuatorean, horregatik izan da Lurreko tenperatura pixka bat hotzagoa.
«Mundua oso azkar ari da gerturatzen Parisko Akordioan epe luzera jarritako tenperatura mugara; muga hori gainditzeko zorian gaude»
CARLO BUONTEMPO Copernicus C3Sko zuzendaria
Hala ere, poloetan tenperaturak ohi baino beroagoak izan dira: Artikoan inoizko bigarren urterik beroena izan da, eta Antartikan, berriz, beroena. Bestalde, lur eremuen gaineko atmosfera kontuan hartuta soilik, inoizko urterik beroena izan da. Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean eta Europako ipar-mendebaldean ere —hau da, Euskal Herritik gertu— aurrez ez dira sekula horren tenperatura beroak neurtu.
Europan, batez besteko tenperatura 10,41 graduko izan zen iaz, 2023an eta 2024an baino pixka bat baxuagoa. 1991tik 2000ra bitarteko batezbestekoarekin alderatuta, 1,17 gradu gehiago da hori, Lurraren berotzearen bikoitza. Izan ere, gehien berotzen ari den kontinentea da Europa.
Beroketak eragindako kalteak
Jakina da zer-nolako kalteak eragiten dituen beroketa globalak naturan eta gizakien osasunean, eta urtez urte frogatuta geratzen dira. Muturreko fenomeno meteorologikoak dira klima larrialdiaren ondorio garbienak. Halako fenomenoak gero eta maizago gertatzen dira, eta gero eta txikizio handiagoa egiten dute. Horrek ez du esan nahi edozein fenomeno klima larrialdiak eragin duenik, klima aldaketa antropogenikoaren aurretik ere gertatzen baitziren halakoak. Hori dela eta, zientzialariak atribuzio ikerketak egiten ari dira mende hasieratik: muturreko gertakari baten datuak hartu, eta erreproduzitu egiten dituzte gizakiak eragindako klima aldaketa kontuan hartu gabe. Horrela ikusten dute zer garrantzi izan duen klima aldaketak fenomeno horren sorreran.

Bada, muturreko hondamendi meteorologikoen maiztasuna eta lurraren berotzearen abiadura proportzionalak dira. Ingurumenean eta klima aldaketan espezializatutako Carbon Brief hedabideak atribuzio ikerketei erreparatzen die, eta, haren datuen arabera, 2024ra arte aztertutako 735 fenomenoetatik 547 kasutan ikusi dute klima aldaketak handitu egin zuela fenomenoa gertatzeko edo suntsikorragoa izateko aukera, eta kontrakoa, berriz, 64 fenomenotan. 71 kasutan antzeman zuten klima aldaketak ez zuela eraginik izan, eta 53 kasutan ezin izan zuten frogatu klima aldaketak eragina izan zuela hondamendian.
1,52Batez beste zenbat berotu den Lurreko tenperatura azken hiru urteetan, gradu zentigradutan. 1850etik 1900era bitarteko erregistroekin alderatuta, azken hiru urteetan Lurreko tenperatura 1,52 gradu berotu da batez beste.
Bero boladak dira berotze globalak eragin eta indartu ditzakeen fenomeno garbienak, baita klima aldaketaren eragina frogatzeko adierazgarrienak ere. Gero eta ohikoagoak eta gogorragoak dira bero oldeak, eta jende gehiago hiltzen da haien eraginez. 2025eko udan, adibidez, Hego Euskal Herrian 198 pertsona hil ziren beroaren ondorioz, eta Europan 24.400 izan ziren; Londresko Imperial Collegeko eta Higienearen eta Medikuntza Tropikalaren Londresko Eskolako ikertzaileek ondorioztatu zutenez, biktima horietatik 16.500 klima larrialdiaren ondorioz hil ziren.
Copernicusen arabera, 2025ean ohi baino «estres termiko handiko» egun gehiago izan ziren munduko lur eremuaren erdian baino gehiagoan; estres termikoagatik izaten dira klimarekin lotutako giza heriotza gehienak. Gainera, 2025eko tenperatura beroek baso sute handiak piztea eragin zutela nabarmendu dute. Halaber, suteek efektu biderkatzaile bat dutela gogorarazi dute, suteetan berotegi efektuko gasak eta bestelako kutsagarriak isurtzen baitira atmosferara. Bestalde, gehitu dute kutsadura horrek eragina izan duela giza osasunean.
Klima aldaketak eguraldian izandako ondorioei dagokienez, nabarmendu dute mundu osoan izan direla bero olde indartsuak; Europan, Asian eta Ipar Amerikan «ekaitz gogorrak» izan dira; eta Espainian, Kanadan eta Kalifornia hegoaldean piztutako baso sute handiak ere gogorarazi dituzte. Azaldu dutenez, «Europako leku batzuetan baso suteek inoiz baino karbono gehiago isuri dute».