Protesta eguna dute gaur Israelen, Hamasek 2023ko urriaren 7an bahitutako israeldarren senideek deituta. Herritarrak goizean goizetik atera dira kalera, eta, adibidez, herrialdeko errepide nagusietako batzuk blokeatu dituzte, Israelgo banderak eta gatibuen argazkiak eskuan zituztela. Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak deitu du mobilizaziora, eta, gaur Tel Aviven egindako agerraldi batean, salatu dute Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «abandonatu» egin dituela.
Senideek azpimarratu dutenez, hamar israeldarretik zortzik nahi dute «gerra» bukatzea eta gobernuak akordio bat egitea bahituen inguruan. «Israeldar guztiek nahi dute amesgaizto hau amaitzea. Herritar bikainak dauzkagu; gobernua, ordea...», adierazi du gatibuetako baten senide batek, Bahituen plaza deitutako lekuan egindako prentsaurrekoan. Abuztuaren 17an ere protestak egin zituzten, eta masiboak izan ziren.
Netanyahuren gobernuari belarrietatik tira egin diote, hartu dituen erabakiak direla eta: «Lehen ministroaren mahai gainean akordio bat baldin badago ere, Gaza konkistatzeko planari eusten diote; hori sastakada bat da senideen eta nazioaren bihotzean». Senideek kalkulatu dutenez, Hamasek 50 bahitu inguru dauzka Gazan, eta horietatik 30 inguru hilda daude.
10Israelgo armadak zenbat pertsona hartu dituen atxilo Zisjordanian. Palestinako Wafa berri agentziak gaur jakinarazi duenez, atzo gauean eta gaur goizaldean sarekadak egin ditu Israelgo armadak Zisjordanian, eta, bertzeak bertze, Ramallha hiriaren inguruko hainbat herrixketako etxebizitzetan sartu dira. Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak jakinarazi du gutxienez 58 palestinar zauritu dituztela sarekadetan. Hamaseko buruak, horren aitzinean, ohar bat kaleratu du, zeinetan salatzen duen Israelek «guztia suntsitu eta bereganatu» egin nahi duela.
Palestinako Wafa berri agentziak gaur jakinarazi duenez, atzo gauean eta gaur goizaldean sarekadak egin ditu Israelgo armadak Zisjordanian, eta, bertzeak bertze, Ramallha hiriaren inguruko hainbat herrixketako etxebizitzetan sartu dira.
Kontuan hartu behar da Hamasek onartu egin duela bitartekariek —Qatarrek eta Egiptok— egindako azken itun proposamena. Talde islamistak aurreko astearen hasieran eman zion oniritzia: proposamen hori indarrean sartuko balitz, hirurogei eguneko su etena ezarriko lukete zerrendan, Hamasek hamar gatibu askatuko lituzke, hildako hemezortzi bahituren gorpuak entregatu, eta, trukean, Israelek aske utziko lituzke berrehun preso palestinar.
Tel Avivek, baina, Gaza okupatzen jarraitu nahi du, eta Hamasek gatibu guztiak kolpean aska ditzala. Hori kaleratu dute Israelgo hainbat hedabidek azken egunetan, iturri ofizialak aipatuta. Netanyahuren kabinetea gaur da biltzekoa, baina, Keshet 12 telebista kateak esan duenez, ez dute asmorik bilera horretan Hamasek onartutako tregoa proposamenaz hitz egiteko.

Israelgo Estatu Nagusiko buru Eyal Zamirrek behin baino gehiagotan adierazi du ez dagoela ados kabinetea hartzen ari den erabakiekin, eta herenegun nabarmendu zuen Tel Avivek azkeneko itun proposamena onartu beharko lukeela.
Alemaniak ez du Palestinako Estatua onartzeko «baldintzarik» ikusten
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak ez du jarreraz aldatzeko ahaleginik eginen, izan ere, gaur jakinarazi du ez duela Palestinako Estatua aitortzeko «baldintza egokirik» ikusten. «Azken egunetan gertatu denak ez du gure jarrera aldatuko», erran du Kanadako lehen ministroarekin batera egindako agerraldian, Berlinen.
Irailean NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusia eginen dute New Yorken, eta joan den uztail amaieran Mendebaldeko hainbat herrialdek erran zuten bilera horretan Palestinako Estatua aitortuko zutela. Herrialde horien artean dira, erraterako, Australia, Kanada, Finlandia, Zeelanda Berria, Portugal, Andorra eta San Marino. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere orduantxe erran zuen hark ere onartuko zuela estatua, eta urteroko NBEren bilkura horretan eginen zuela aitortza ofiziala.
Herrialde horien guztien erabakiak ikusita ere, Alemaniak ez du mugimendura batzeko asmorik.
AEBak dira Israelen aliatu nagusia Gazan egiten ari den sarraskian —62.000 hildako baino gehiago azkeneko 22 hilabeteetan—, eta bitartekari moduan ere ari dira. Donald Trump AEBetako presidenteak Etxe Zurian mintzatu zen atzo, eta, kazetariei esan zienez, uste du modua izango dela bizpahiru asteko epean Gazako auzia «nahiko ondo amaitzeko». Adierazpen horiei helduz, gatibuen senideek Etxe Zuriko maizterrari eskatu diote hitza bete dezala.
Irtenbide «suizida» bat
Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak atzo agerraldi bat egin zuen New Yorken, eta Mendebaldeko gobernuei leporatu zien Israeli «setio politikoa» ezartzen saiatzea. Alegia, Palestinako Estatua babestea. Mugimendu horren gibelean daudenak «ezkerreko gobernuak» direla erran zuen, eta salatu zuen herrialde horiek bultzada bat sortu nahian dabiltzala. Bertzeak bertze, Frantzia, Kanada eta Australia aipatu zituen.
Saar ez dago ados Palestinako Estatua aitortzearekin, eta, hortaz, horren alde agertu direnei aurpegiratu zien «irtenbide suizida» baten parte izatea. «Judean eta Samarian [israeldarrek hala deitzen diote Zisjordaniari] estatu palestinar bat baldin badago, gure herri guztiak mehatxupean biziko dira», erran zuen. «Hemen ezin da atzerriko subiranotasunik egon, ezta atzerriko presentzia militarrik ere».
Bestalde, Israelek jarraitzen du zerrendari eraso egiten, eta Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, Israelgo armadak 24 palestinar hil ditu gaur Gazan.