Beste 21 pertsona hil ditu gaur Israelgo armadak Gaza hegoaldeko ospitale batean egindako eraso batean. Khan Yunis hiriko Al-Nasser ospitalea bi aldiz bonbardatu du Tel Avivek, eta zerrendako Osasun Ministerioak zehaztu du bost kazetari daudela hildakoen artean. Gainera, erasoa gertatu eta ordu batzuetara, beste kazetari bat hil da zaurien ondorioz. Al-Jazeera hedabideak zabaldu duenez, drone bidez egin diote eraso osasun zentroari, eta, lehen erasoan zauritutakoak artatzeko lanetan ari zirenean, berriz bonbardatu dute erietxea. 2023ko urrian Israelek zerrendaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik, ia 63.000 palestinar hil dituzte.
Gainera, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du jende ugari zauritu dutela gaurko erasoan, tartean Al-Nasser ospitaleko langileak eta erreskate lanetan ari zirenak. Hildako kazetarien izenak zabaldu ditu ministerioak: Hossam al-Masri, Mohhamed Salama, Mariam Abu Daqa, Moaz Abu Taha, Ahmed Abu Aziz eta Hassan Duhan. Besteak beste, Reuters, Al-Jazeera, NBC, The Independent Arabic eta AP Associated Press hedabide eta berri agentzientzat egiten zuten lan.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du, ohar bidez, «atsekabetuta» dagoela Al-Nasser ospitaleko «istripu tragikoagatik». Israelgo armadak ohar batean baieztatu du eraso bat egin duela Al-Nasser ospitalearen inguruan; gehitu duenez, «sentitzen» du «errugabeei» kalterik eragin badie, eta ziurtatu du kazetariak ez dituela jomugan. Nazioarteko hedabideek zabaldu dutenez, kazetariek zuzeneko emankizunak egiteko erabiltzen duten gune bat da Israelgo armadak eraso egin dion hori. Gaurkoa ez da kazetarien aurka egindako lehen erasoa. Abuztuaren 10ean, esaterako, Israelek sei kazetari hil zituen kanpadenda bati eraso eginda, Gaza hiriburuko Al-Xifa ospitaletik gertu. Horietatik bost Al-Jazeera hedabidekoak ziren.
Asà ha perpetrado hoy Israel este crimen de guerra en el genocidio televisado en Gaza. Han bombardeado el hospital al Nasser. Unos minutos después lo han vuelto a bombardear para asesinar a periodistas que fueron a informar. pic.twitter.com/EMfsavuwWw
— Fonsi Loaiza (@FonsiLoaiza) August 25, 2025
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelek 244 kazetari hil ditu zerrendako erasoaldia hasi zuenetik. Tel Avivek sarbidea debekatu die nazioarteko kazetariei;Â beraz, palestinarrak dira zerrendako erasoaldiaren inguruko informazioa zabaltzen ari diren berriemaileak.
Su etena, «Netanyahuren esku»
Bitartean, zerrendarako menia bat lortzeko lanean jarraitzen dute Egiptok eta Qatarrek, Hamasen eta Tel Aviven arteko bitartekari ari diren herrialdeek. Iragan astean, Gazako talde islamistak ontzat jo zuen azken proposamena, eta, orain, Israelgo Gobernuak erabaki behar du oniritzia eman edo ez. Eyal Zamir Israelgo armadako buruak adierazi duenez, erabakia «Netanyahuren esku» dago. Atzo Chanel 13 telebista katean egindako elkarrizketa batean adierazi zuen Tel Avivek azken proposamena onartu beharko lukeela. Israelgo Segurtasun Kabinetea bihar da biltzekoa erabakitzeko proposamenari baiezkoa eman edo ez.
Zamirren arabera, Hamasekin akordio bat adosteko «baldintza egokiak» sortu ditu Israelgo armadak. Eta gaineratu zuen balitekeela bahituak arriskuan egotea Tel Avivek Gaza hiria okupatzen badu. Armadako burua erabaki horren aurka agertu izan da lehen ere. Netanyahuk zerrenda osoa okupatzeko plana aurkeztu zuenean, Zamir izan zen kontra egin ziotenetako bat; gainera, hiriburua okupatzea ere ez zuen begi onez ikusi hasieran, nahiz eta, azkenean, men egin zien lehen ministroaren planei.
Azken hilabetean Israelen milaka herritar atera dira protestan, Netanyahuri eskatzeko egin dezala menia akordio bat eta modua eman dezala bahituak etxera bueltatzeko. Israelgo Gobernuaren arabera, 50 gatibu israeldar daude Gazan, horietatik hogei bizirik.
Bestalde, Saudi Arabian batzartu da gaur OICÂ Konferentzia Islamikoaren Erakundea. 57 estatu kideetako atzerri ministroak Israelen erasoaldiaren eta Gaza osoa okupatzeko dituen asmoen inguruan aritu dira, erakundeak zabaldu duen oharraren arabera Gainera, nazioarteko komunitateari esku hartzeko exijitu diote. Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroak bilkuraren hasiera ekitaldian azpimarratu du palestinarrei elkartasuna adieraztea ez dela nahikoa.
300Zenbat gazatar hil diren gosez 2023ko urritik. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azken egunean beste 11 pertsona hil dira gosez zerrendan. Israelek erasoaldia hasi zuenetik, hirurehun gazatar baino gehiago hil dira Tel Avivek laguntza humanitarioari ezarritako blokeoaren ondoriozko gosetea dela eta.Â