Lau euskal herritar Gazara abiatuko dira, laguntza helarazteko flotilla batean

Global Sumud Flotilla nazioarteko ekinbidea da, eta Gazara laguntza humanitarioa eramatea du helburu. Flotillari babesa adierazteko zenbait ekintza antolatu dituzte Euskal Herrian.

Euskal ordezkaritza batek Gazarako flotillan parte hartuko du. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Elkartasun ekintzen berri emateko agerraldia egin dute Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2025eko abuztuaren 25a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu eta laguntza humanitarioa eramateko asmoarekin, mundu osoko dozenaka ontzi aldi berean itsasoratuko dira datozen egunetan zerrendara bidean. Bartzelonako portutik abiatuko dira lehenak, igandean, eta bidean batuko zaizkie irailaren 4an Tunisiatik eta Mediterraneoko beste portu batzuetatik irtengo direnak. Global Sumud Flotilla osatuko dute denen artean, eta, aurrez Askatasunaren Flotillak egin bezala, itsasoz blokeoa hautsi, eta laguntza eraman nahi dute zerrendara.

Gazarako Mugimendu Globalak antolatu du elkartasun ekintza erraldoia, eta dagoeneko 44 herrialde baino gehiagotako aktibistak batu dira dira mugimendura. Euskal Herrian ere bat egin nahi izan dute ekinbidearekin, eta, hain zuzen ere, Global Sumud Flotillak euskal ordezkaritza bat ere izango du: lau euskal herritarrek hartuko dute parte bertan, antolatzaileek gaur Gasteizen egindako agerraldian iragarri dutenez.

Ez dute argitu zeintzuk izango diren, ez eta zenbat ontzi aterako diren guztira eta nondik. Sekretuan dituzte datu horiek guztiak, badaezpada, Israel ekinbidea zapuztu nahian ari delako. Hala ere, hurrengo egunetan emango dituzte xehetasun guztiak, ontziak itsasoratu ahala. Palestinaren aldeko inoizko ekintzarik handiena bilakatu asmo dute. «Ezin gara isilik eta ezer egin gabe geratu: mobilizatu behar dugu», aldarrikatu dute antolatzaileek Gasteizen.

Gazara iristeko beste saio bat izango da, aurrez Gazarako martxak, Askatasunaren Flotillak edo Magrebeko eta Malaysiako Sumud mugimenduak egin dutenaren antzekoa. Hain zuzen ere, hiru mugimendu horiek sustatu dute Global Sumud Flotilla, Gazarako Mugimendu Globalarekin elkarlanean. Zerrendara iristeko antolatu zituzten elkartasun ekintzek huts egin zuten, eta Egipton bat egin zuten guztiek. Orduan egindako harremanaren emaitza da saiakera hau.

«Helburua izango da genozidioa geldi dadila exijitzea; Israelen erantzukizuna salatzea; Gazak pairatzen duen legez kanpoko blokeoa itsasoz haustea; eta Palestinako herriari Euskal Herriko eta munduko elkartasuna, samurtasuna, laguntza eta babesa eramatea», azpimarratu dute antolatzaileek. 

Elkartasun ekintzak

Sumud flotillak elkartasuna eraman nahi du Gazara, eta bidean dozenaka norbanakoren eta eragileren babesa jaso du, hala munduan nola Euskal Herrian. Hain justu ere, flotillari babesa adierazteko, zenbait ekintza antolatu dituzte egunotarako. Batetik, hilaren 29an Bilbotik autobus bat aterako da eta Donostiatik beste bat Bartzelonara, ontzidian joango direnei elkartasuna adieraztera; indarrak batzeko ere baliatu nahi dute bidaia.

Gasteizen, berriz, bederatzi lagunek baraualdia hasi dute gaur alde zaharreko Gasteiz Txiki elkartean, ostirala bitarte. Gose greba «aktiboa» izango dela adierazi dute; besteak beste, zenbait protesta ekintza egingo dituzte Carrefour supermerkatuaren aurrean, hark Israelekin duen harremana salatzeko, eta Gazan hildako haurren izenak ere irakurriko dituzte. 

Euskal Herria-Gaza
Israeli boikota egiteko eskatu dute gaur Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Eusko Legebiltzarraren aurrean ere elkarretaratze bat egingo dute bihar, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko eten ditzala Israelekin eta «sionismo kriminalarekin» dituen harremanak. Horrez gain, ostiralean manifestazioa egingo dute, Artiumetik abiatuta, genozidioa salatu eta Israelen aurkako boikota eskatzeko.

Irailaren 6an, berriz, itsas martxa bat egingo dute Bilboko itsasadarrean. Santurtzitik abiatuko da martxa hori eta Bilbon amaitu, itsas museoaren parean, Kantauri itsasotik ere Palestinari elkartasuna adierazteko. Bada, antolatzaileek martxan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, ontzietan edo itsasadarraren ertzetara hurbilduta.

Irailaren 2an ere protesta ekintzat bat antolatu dute, Espainiako txirrindulari itzuliko etapa Izaban amaituko dela baliatuta. Izan ere, kirol proba horretan Israelgo talde batek parte hartzen du, eta hura kanpo uzteko eta hari boikot egiteko eskatuko dute. Tuteratik Hendaiara arteko martxa bat ere antolatu dute irailaren 10etik 20ra bitarte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.