PKK Kurdistango Langileen Alderdiko batzorde nagusiko kidea da Nedim Seven —Behzat Çarçel du egiatako izena—. KCK Kurdistango Komunitateen Batasuneko kopresidente Beser Hozat-ekin batera, Seven gidaria izan zen Bakea eta Gizarte Demokratikoa taldeko 30 gerrillarik armak erretzeko egindako ekitaldian, uztailaren 11n. Ekitaldi historiko hori izan eta hilabetera, Sevenek kontatu du nolakoa izan zen armak erre aurreko prozesua. Badu esperantza etorkizunean bake justua izango dutela luzaro.
Zer sentitu zenuen Abdullah Ocalan presidentearen bideoa ikustean, hura bakarturik hainbeste urte egon eta gero?
Ocalan presidentearen buruzagitzak ez du parekorik, eredugarria baita bai borrokan eta bai bizitzan. 26 urteren ondoren hura bideoan ikusi, eta sekulako zirrara eta poza izan nuen; ia ukitu egin ditugu haren hitzak, buru-bihotzez. Imraliko bakartze ezin bidegabeago horretan hain adoreturik eta indartsu ikusita, gu ere indarberritu egin gara. 2025eko ekainaren 19ko mintzaldian, sentiarazi digu esperantza garaipen bihurtu zaigula, eta gu are gehiago kemendu eta gogoberotu gaitu.
Zuk zeuk nola ikusten dituzu orain arteko borroka luzea eta gaur egungo prozesua?
Borrokan egindako 52 urte luzeotan, PKK-k eta herri kurduak aurrerapauso historikoak eman dituzte. Lehen, herri ukatua eta nortasunaz gabetua ginen, baina lortu dugu hizkuntza, kultura, kontzientzia iraultzailea eta nazioarteko elkartasuna dituen herri bat izatea. Gure herria deuseztatzeko tresnak izan ziren 1916ko Sykes-Picot Hitzarmena eta 1923ko Lausanako Ituna. Dena dela, gure herriaren erresistentziari esker, politika inperialistak, hegemonistak eta kolonialistak porrot egin dute, eta gaurdaino iritsi da kurduen auzia.
Garai batean, munduko botere gatazken ondorioz, modernitate kapitalistak eta Ekialde Hurbileko nazio estatuek ukatu egiten zuten kurduen existentzia bera. 70eko urteetan, ordea, Ocalan eta PKK agertu ziren, eta, mende erdia borrokan pasatuta, ahalegin eta sakrifizio handia eginez, bada, oinarriak eta balioak ezarri dituzte gure herriaren izatea bermatzeko. Esan dezakegu errealitate kurdua ia galdua egon zela, izaeraz biluztu zutela, baina oraingo gizarte kurduak defendatu eta berretsi egin duela bere izatea hizkuntzaren, kulturaren, jarreraren eta jardun iraultzailearen bitartez, eta guztiek begi onez eta elkartasunez ikusten dutela hori.
«Lehen, herri ukatua eta nortasunaz gabetua ginen, baina lortu dugu hizkuntza, kultura, kontzientzia iraultzailea eta nazioarteko elkartasuna dituen herri bat izatea»
50 urtean, iraultzaren barneko iraultzak izan ditugu Kurdistanen. Gure esperientzien emaitza ez da izan geure buruaren defentsa soila. Kidetasuna landu dugu, kultura demokratikoa, sozialismoaren sozializazioa, internazionalismoa. Berriz ere nabarmentzekoak dira emakumeen iraultza eta iraultza teknologikoa. Gizadiaren eta borroka unibertsalen lorpen handiak izan dira, batetik, Kurdistan iparraldean eta hegoaldean (Turkia eta Irak) eta Rojavan emakumeek gidaturiko iraultzak, eta, bestetik, Rojhilaten (Iran) Emakumea, bizia, askatasuna leloarekin izandako erresistentzia eta matxinadak. PKKren borrokari esker iritsi dira halako lorpenak.
Gogora ekarri nahi ditut gure martiriak, 12. Biltzarrean gogorarazi bezala. Berriz esango dugu: Bakearen eta Gizarte Demokratikoaren Aldeko Manifestuaren bitartez, demokrazian eta askatasunean oinarrituko dugu etorkizuna.
Zure ustez, PKK-k bezala erantzun dio Turkiako Estatuak otsailaren 27ko deiari?
Ocalan presidenteak 2025eko otsailaren 27an egindako deiari erantzunez, gure mugimenduak aldebakarreko su etena ezarri zuen 2025eko martxoaren 1ean, nahiz eta arriskuak larriak izan. Horren segidan, 2025eko maiatzaren 5etik 7ra, PKKren 12. Biltzarrak erabaki historikoa hartu zuen oso egoera berezian, eta PKK desegiteko bidea bururaino eraman. Aurrerago, Ocalan presidenteak 2025eko ekainaren 19an bideoz hitzaldi bat egin ondoren, harenganako leialtasuna erakutsi nahi izan genuen, eta erakutsi, era berean, fede onez eta sendo ari ginela prozesuan eta 12. Biltzarraren erabakien aplikazio praktikoan; horretarako, gerrillari talde bateko 30 kidek su eman genien gure armei 2025eko uztailaren 11n, Casene leizearen inguruan. Hori guztia jendaurrean egin da, eta ondo dokumentaturik.
Hala eta guztiz ere, Turkiako Estatuak ez du pareko pausorik eman; zenbait diskurtso eta adierazpen alde batera utzita, ez du inolako neurri sinesgarririk hartu arazoak bide baketsu eta demokratikotik konpontzeko. Ez dauzkagu ahazteko, jakina, estatuaren eta parlamentuaren izenean egindako adierazpen publiko eraikitzaileak eta balorazioak. Begi onez ikusten dugu parlamentuan batzorde bat sortu izana, alderdi guztiek osatua, baina Turkiako Estatuak ez du ezertxo ere egin oraindik legearen eta konstituzioaren alorrean. Espero dugu arazoa ondo aztertuko dutela Turkiako Estatuaren izenean prozesuan dabiltzanek.
«Ocalan presidenteari bizitzeko eta lan egiteko modu osasungarririk bermatzen ez zaion bitartean, ez da fidatzeko modukoa izango Turkiako Estatuaren izenean egiten den ezer»
Edozein moduz, Ocalan presidenteari bizitzeko eta lan egiteko modu osasungarririk bermatzen ez zaion bitartean, ez da fidatzeko modukoa izango Turkiako Estatuaren izenean egiten den ezer. Ocalanen egoera aldatzen denean esan ahal izango da Turkiako Estatuak egiatan ekin diola bake eta demokratizazio prozesu bati. Ezinbestekoa da «Turkia terrorismorik gabe» deritzon kontzeptua bazter batera uztea eta bide baketsu eta demokratikotik heltzea kurduen auziari, konstituzioa moldatuz horretarako. Bakezko eta hitzezko metodoen bitartez lortutako demokratizazioak etengabea izan behar luke bizitzaren alor guztietan.
Bazegoen arrazoi bereziren bat armak erretzeko ekitaldia Casene leizean egiteko?
Bai. Armak erretzeko ekitaldira erakunde askoren ordezkaritzak bildu ziren: Turkiako Estatuarena, Irakeko Estatuarena, NBErena, Kurdistango eskualde administrazioenak, PUKena eta KDPrena; DEM alderdiarena eta politika demokratikoa egiten duten zenbait alderdi eta egiturarenak; akademikoak, politikariak eta Kurdistango gizarte zibila ordezkatzen duten organizazio batzuetako kideak ere bertaratu ziren, eta komunikabide asko.
Casene leize historikoa Sulaimaniyatik gertu dago, eta segurtasunagatik aukeratu zen, eta aldeek oniritzia eman eta halaxe adostu zutelako. Baina garrantzi sinbolikoagatik ere aukeratu zen: han, Xeikh Mahmud Barzanji-k batzar bat egin zuen Mustafa Kemal Ataturk-en ordezkariekin, kurduen eta turkiarren aliantza bat eratu nahian britainiarren kolonialismoaren kontra. Gainera, Mahmud Barzanjik hantxe prestatu zuen Banga Heq egunkariaren kurduerazko lehen argitalpena.
Sua oso elementu garrantzitsua da kurduen askatasunaren aldeko borrokan. Armak erre izanak ere balio sinbolikoa du?
Guk geuk hala erabakita erre ditugu armak. 50 urtean, gerrilla egin dugu mota guztietako genozidioen kontra, gizartea eta kultura suntsitzearen kontra, Turkiako Estatuaren kolonialismoaren kontra. Borroka armatua ezinbestekoa zen erresistentzia legitimoa eta arduratsua egiteko. Gure gerra historikoan erabiltzen ditugun armek garrantzi eta esanahi handia dute gure martirientzat, gure herriarentzat eta gure iraultzarentzat. Aldez aurretik legean eta konstituzioan konponbiderik jaso gabe, armak ezin dira utzi. Gaur egun gauden tokian, armak erretiratuta daude borroka bide moduan, eta horrek agerian uzten du lortua dugula herri kurdua izan badela frogatzea. Horregatik, kontua ez da armak nonbait uztea, baizik eta argiro erakustea gure erabakitasuna, eta mezu historiko garrantzitsua da kurduen begietan —eta Ekialde Hurbileko sinesmen zaharren eta herrien begietan— sakratua den su batean erre izana.
«Erresistentzia horren oinarria zera izango da, bakea eta gizarte demokratiko bat lortzearen aldeko borroka, eta kemen handiz ariko gara borroka horretan»
Kawa errementariari egindako omenaldia ere bada: kurduen mitologian, hark piztu zuen Newroz-eko sua Dehaq tiranoaren zapalkuntzaren kontra. Era berean, gure kide eta heroi Mazlum Dogan-i ere omen egin diogu horren bitartez, bere buruari su eman baitzion 1982an Diyarbakirko kartzelan, Newroz egunean, martxoaren 21ean. Newroz festa bat da; beraz, erresistentziarako deia dira, sinbolikoki, suak erretako armak. Erresistentzia horren oinarria zera izango da, bakea eta gizarte demokratiko bat lortzearen aldeko borroka, eta kemen handiz ariko gara borroka horretan.
Baduzue Turkian politika demokratikoa gidatzeko modurik?
Gure mugimenduak badu esperientzia eta borondatea Turkian eta Kurdistanen demokrazia gidatzeko. Turkiako Estatuak bide eman behar du legeen eta konstituzioaren arabera PKK-k eta bertako kideek modua izan dezaten politika demokratikoan modu aktiboan parte hartzeko. Kurduen existentzia, identitatea eta eskubideak legeztatu eta berdintasuna eta askatasuna bermatzeko legeak onartzen direnean, kurduen erakunde eta ordezkari legal guztiek libreki parte hartu ahal izango dute Turkiako prozesu politiko demokratikoan. Horretarako, ezinbestekoa da Turkiako Parlamentuko batzordearen lana bizkortzea eta batzordeko kideak Ocalanekin biltzea. Era berean, garrantzizkoa da konfiantza giroa sortzea gizartean. Presoek, erbesteratuek, borrokalariek eta bestek aukera izan behar dute prozesu politikoan beldurrik gabe parte hartzeko. Horrela lan eginez gero, borroka armatua bukatu egingo da.
Zer aldatu behar da Imralin?
Bakartze eta tortura erregimen bat ezarri dute Imralin, inoiz ez bezalakoa. Gaur egun, bakartze horren kontra aritzea da herri kurduaren eta mugimenduaren borrokaren helburu printzipaletako bat. Zilegizkoa eta negoziaezina da gure presidentea askatzeko eskaera. Bakartzea da arazo guztien sorburu nagusia, eta bakartze horrengatik ez dira bukatzen gerra eta indarkeria. Beraz, prozesuaren gidariek oso ardura handia dute. Proto-Guantanamo horri amaiera ematen ez bazaio, prozesuak ez du aurrera egingo. Oraingo egoeran, gure presidenteak ezin ditu libre adierazi eta bizi bere ideiak, ezin du prozesuan parte hartu, eta horrela ezin da egin bake prozesurik. Ocalan presidenteak modua izan behar du prozesuan zeregin efektibo eta aktiboa betetzeko.
«Kurduen borroka paradigma ekologiko, demokratiko eta feminista batean oinarritzen da, eta inspirazio iturri izango da munduko herri zapaldu guztientzat»
Nazioarteko komunitateak ere badu erantzukizuna. Zer esan nahi diozu?
Eskatu nahi diogu bere gain har dezala dagokion erantzukizuna, eta babestu dezala kurduen auzia konpontzeko bide baketsu, demokratiko eta justua. Dei egiten diegu intelektualei, akademikoei eta demokraziaren eta sozialismoaren aldekoei ere, gure borroka sostenga dezaten. Gazteei eta emakumeei esaten diegu garrantzizko rol aktiboa hartzeko prozesu honetan, haiek ekarriko baitute egiatako aldaketa eta askatasuna. Herri eta nazio guztien helburu izan behar dute bakeak, demokraziak eta askatasunak.
Beste zerbait erantsi nahi duzu?
Eskertzen dugu gure ideiak eta asmoak adierazteko aukera izatea. Kurduen borroka paradigma ekologiko, demokratiko eta feminista batean oinarritzen da, eta inspirazio iturri izango da munduko herri zapaldu guztientzat. Seguru gaude bakea, demokrazia eta askatasuna aterako direla garaile bide horretan.